Ordaindu ezinaren mina, galeraren samina

Irati Goitia 2014ko eka. 23a, 09:23

Debagoieneko Stop Kaleratzeak plataformako kideak, Arrasaten egindako agerraldian.

Bertakoa, klase ertainekoa eta azken urteotan langabezian gelditu dena. Horixe da kaleratzeak sufritzen dituzten pertsonen profila, Debagoieneko Stop Kaleratzeak plataformak dioenez. Eta hala, hainbat aurreiritzi bertan behera gelditzen direla diote. 

Ezagutzera eman dituzten datuen arabera, familien %81 dira bertakoak, eta %19 soilik kanpotarrak. "Bizitza guztia lanean egin eta langabezian gelditu direnak  edo minienpleguak dituztenak dira kasuen gehienak", azaldu du Juanito Iartzak, plataformako kideak. "Euren diru-sarrerek behera egin dute, baina hipoteka ordaintzen segitu behar dutenak".

"Isilarazitako arazoa" 

Krisiaren eraginez kaleratzeak ugaritu egin ziren. Azkenaldian, baina, ez dira horrenbeste entzuten. Arazoak hor jarraitzen du, ordea. Debagoienari dagokionez, azken lau urteotan 74 prozedura sartu dituzte Bergarako epaitegian (2011n 28, 2012an hemezortzi, 2013an hemeretzi eta 2014an bederatzi). Isilean gordetako arazoa dela dio Iartzak. "Badirudi ez dagoela arazorik, existitu ere ez dela egiten. Emaitzek adierazten dute, baina, arazo larria dela". Bestalde, Iartzak gaineratzen du kaltetuek eurek ere ez dutela publiko egin nahi izaten euren egoera. "Gizartean gaizki ikusia dagoela esango nuke. Izan ere, bizitzan helburu batzuk izan ohi ditugu, normalean: etxe bat izatea, ezkontzea eta umeak izatea. Asmo horretan ezin da kalerik egin, eta, beraz, etxea galtzea ikusten da porrot bezala. Horregatik, kaltetuek ez dute nahi izaten inork ezer jakitea".

Ondorioz, arazoari berari aurre egitea ere zaildu egiten dela dio plataformako kideak, kaltetuei eurei laguntza eskatzea nekeza egiten zaielako."Blokeatuta etortzen dira. Ezer egiteko ezgaituta", dio Iartzak. Gaineratzen du, gehienetan, familiako kideren bat edo ezagunen bat joan ohi dela laguntza eske euren taldera, eta ez kaltetua bera. Horregatik, beraiengan iniziatiba sortzen ahalegintzen direla esan du. Izan ere, arazoari zenbat eta lehenago egin aurre, orduan eta hobeto dela dio Gaizka Jainaga plataformako kideak: "Zenbat eta azkarrago, orduan eta aukera gehiago izango dira arrakasta izateko edo irtenbide bideragarri bat aurkitzeko". Auzia epaitegira iritsi aurretik erantzun behar dela dio Jainagak, aukerak gehiago izaten direlako.

Irtenbide bila 

Hain zuzen, Debagoieneko Stop Kaleratzeak plataformak irtenbidea bilatu dien kasu guztiak aurre-judizialak izan dira. "25 kasu artatu ditugu orain arte eta %60 libratu ditugu", zehaztu du Iartzak. Lehenik eta behin, kasua aztertzen dutela azaldu du eta alternatibak proposatu ondoren. "Gu ez gara ekonomistak ezta abokatuak ere. Esperientzietatik goaz ikasten", adierazi du Jainagak. Eta Juan Luis Merino plataformako beste kide batek zehaztu du Gipuzkoa mailan tailerrak eta ikastaroak ere egiten dituztela ezagutza areagotzeko. Beharra dagoenean Donostiara ere jotzen dutela dio psikologo edo abokatuen laguntza eske. Plataformako kideek gaineratu dute kaltetuek laguntza behar izaten dutela "arazo bidegabe" honi aurre egiteko, "legeek eta gobernuek ezer gutxi"  egiten dutelako.

Familiei hipotekaren eskriturak eta datu ekonomiko eta pertsonalak eskatzen dizkiete haien egoera zein den aztertzeko. "Familiak diru-sarrera gutxieneko bat badu, banketxeekin negoziatzen saiatzen gara, ordaindu beharreko kuotak familiaren egungo egoera ekonomikora egoki daitezen. Horretarako, saiatzen gara, adibidez, kredituaren epea handitzen edo interes maila jaisten", azaldu du Jainagak. Diru-sarrerak ez badira behar bestekoak, zorraren zati bat ordaintzea proposatzen dute. Diru sarrerarik ez dagoen kasuetan, berriz, etxea ordain gisa ematen saiatzen dira, bizi osorako zorrik gera ez dakion kaltetuari, eta urte batzuetarako alokairu soziala eskatzen dute.

"Gehienetan banketxeek kaltetuei egiten dizkieten hasierako eskaintzetan, helburua ez da izaten arazoari irtenbide erreal bat bilatzea, bankuaren zenbakiak garbitzea edo hipoteka ordaindu gabeak ezkutatzea baizik", dio Jainagak. Plataformako kideak dio beste kasu batzuetan beranduago ordaintzea eskaintzen zaiela kaltetuei, interesa handituz. "Ohiko interesa %3koa bada, berandutze interes hori%12koa da legez, eta orain dela gutxira arte bankuek nahi izan duten bestekoa, %20 edo gehiago. %3 ordaindu ezin duenak nekez ordainduko du %7ko edo %12ko interesa aurrerago. Hala, zorra handituz eta handituz doa. Azkenean, bankuak ahalik eta diru gehien xurgatzen die familiei, eta, ezer gehiago atera ezin denean, etxegabetze prozedura bideratzen du", azaldu du Jainagak. Hain zuzen, taldeko kideek diote aztertu dituzten hipoteka guztietan daudela neurrigabeko klausulak: berandutze interesak, zoru klausula, hipoteka beste entitate bati saltzeko eskubidea bezeroari abisatu gabe, IRPH...".

Bestalde, diote bankuaren arabera, konponbiderako aukerak ezberdinak direla. Kutxabankeko edo La Caixako kaltetua izatea ez da gauza bera, euren esanetan. "Akordio batera iristeko dituzun aukerak ezberdinak dira batekin edo bestearekin. Kutxabankek, adibidez, inolaz ere ez du onartzen etxea ordain gisa ematea", dio Merinok.

Taldeko hiru kideek diote garrantzitsua dela kaltetuek eurek lideratzea prozesua. "Beti errespetatzen dugu kaltetuek aukeratzen duten bidea", dio Iartzak. Gaineratzen du tratua ere oso ezberdina izaten dela bankura bitartekariaz joan edo ez: "Egingo dituzten eskaintzak ezberdinak izaten dira lagunduta edo lagundu gabe joanez gero".

Hutsuneak

"Zu zeu zure mekanikariarekin fio zara, mekanikaz ez duzulako ideiarik ere; edo zure arrain-saltzaileaz edo harakinaz. Eta, hain zuzen, jendea bankariaz ere fidatu da. Askotan, fede onagatik; eta beste batzuetan, ezjakintasunagatik. Horrela, errealitatea da sinatu dituztela gauza mordo bat zer ziren jakin gabe eta hainbat eskubideri uko egin dietela. Gehiegikeriak, baina, alde guztietan izan dira. Izan ere, notarioek ere galdetu beharko liekete sinatzaileei ea dena ulertzen zuten, baina ez zuten egiten. Politikariek ere atera dute probetxua. Adreiluaren negozioa bideragarria zen guztientzat. Orain eztanda egin duenean, ordea, kalteak ordaindu behar dituzten bakarrak familiak dira".

Arazo horri aurre egiteko koordinazioa falta ere badagoela dio Jainagak: "Talde politiko edo estamentu administratibo bakoitzak bere konponbidea proposatu du, baina kaltetua lehenetsi gabe". Adibideak ere jarri ditu: "Eusko Jaurlaritzak Euskal Ekonomisten Elkargoaren aholkularitza jarri zuen. Kasu konplikaturen bat izan dugunean eskatu dugu laguntza, baina ezer gutxi lortu dugu. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak abokatuak jarri zituen, asmo onez, baina proiektua erdi bidean geratu da". 

Hala ere, bailarako udalekin duten harreman ona nabarmendu nahi izan du Iartzak: "Harremana oso erraza da eta babesa jaso dugu". Merinok zehaztu du Eskoriatzan diru partida propioa dutela kaleratuei laguntzeko.

"Lor daiteke"

Hutsuneak eta oztopoak ugari diren arren, plataformako kideen arabera lor daiteke aurrera egitea. "Ikasi dugun gauzetako bat da lasai egon behar dela, badirelako aukerak eta mekanismoak egoera arintzeko edo konponbidea bilatzeko", dio Iartzak. "Aztertu eta landu ditugun kasuetatik, esperientziatik, ikusi dugu posible dela", gaineratu du Jainagak. "Indarrak batuta posible da injustizia honi aurre egitea", amaitu du Merinok. Eta euren iritziz, borrokatu beharra dago herritarren eskubide sozial bat ez galtzeko, etxebizitza eskubidea: "Etxebizitza duin bat izatea herritar guztien eskubidea da eta banketxeek gobenuen laguntzarekin etxebizitzekin egiten dituzten astakeria guztien aurrean borrokatu egin behar da". Horrela, kaleratua izateko arriskuan dagoen debagoiendar orori egiten diete dei, laguntza behar izanez gero, eurengana jotzeko. "Erabateko diskrezioa eskaintzen dugu", zehaztu du Jainagak. Ordaindu ezinaren mina poliki-poliki gainditu daitekeela erakutsi nahi dute plataformako kideek.

----------

Bailaran artatutakoen adibideak

1. kasua

Garaje baterako 18.000 euroko mailegua eskatu zuen pertsona batek. Ezin izan zuen ordaindu eta bankua garajearekin gelditu zen. Pertsona horrek itzuli ditu 18.000 euroak interesekin, baina oraindik 20.000 euroko zorra exijitzen diote, %12ko interesaz haziz doana. Bere etxea kentzen ere saiatu dira zorra kitatzearen argudioz.

2. kasua

Autonomo bat baino gehiagoren kasua da honakoa. Krisiaren eraginez bere negozioa gaizki joan eta etxebizitza berme gisa jarri dutenak mailegu bat eskatzeko. Negozioak porrot egin eta etxebizitza galtzeko arriskua izan dute. Kasu batzuetan, etxean jarraitzen dute zorra berriro negoziatuz. Beste batzuetan, etxea ordainetan eman eta zorra kitatzeko negoziatzen dabiltza.

3. kasua

Haurra duen banandutako bikotearen kasua da hirugarren hau. Gizonak soilik ditu diru-sarrerak, baina ez da familia etxean bizi eta ez du hipotekarik ordaintzen. Ondorioz, bankuak etxetik botatzeko mehatxu egin zion emakumeari. Negoziatuz, ordaingarri diren kuotak adostu dituzte banketxearekin urte baterako. Bitartean, kasua epaitegian dago gizonak bere zatia ordaintzea eskatzeko.

4. kasua

60 urte inguruko gizona, lanik gabe gelditu eta etxea galtzeko arriskuan. Negoziazio luzeen ondoren, zorra birnegoziatu eta etxea ordainetan emateko aukera eman zioten.

5. kasua

Hiru kideko familia, haur bat barne. Etxea jada bankuak epaitegian bereganatua zuen eta kaleratzea gauzatzea gelditzen zen. Plataformako abokatu kolaboratzaile baten laguntzaz, etxea banketxeari berriz erosteko negoziaziotan dabiltza (diru-iturri berria dago) banketxeak etxea bereganatutako prezio berean (etxe tasazioaren %60).

6. kasua

Bikote gaztea, biak lan gabe gelditu eta senideei eskatutako diruaz ahal zuten guztia ordaintzen joan dira, baina zorra etengabe doa haziz. Bankuarekin negoziatu ostean, eta protesta ekitaldia egin ondoren, beraien egoera berrira egokitzen ziren baldintzak lortu ziren denbora tarte baterako.

---------

Arantxa (kaleratua izateko arriskuan): "Banketxe batek ez dit nire bizitza hondatuko, nik aurrera egingo dut"

Arantxa [ez da bere benetako izena] kaleratua izateko arriskuan dagoen debagoiendar bat da. Banketxeari etxea ordain gisa emateko eskaera egin dio hiru bider, baina oraindik ez du erantzunik jaso. Sei hilabete daramatza kuotarik ordaindu gabe.

Nola iritsi zinen egun bizi duzun egoerara? Duela ia urtebete langabezian gelditu nintzen. Ostean, 337 euroko prestazioa jasotzen nuen, eta azkenean, iritsi zen une bat ezin niena gastuei aurre egin. Laguntza eskatu behar izan nuen gizarte zerbitzuetan eta Caritasen. Gasa, ura, argia eta jana ordaintzeko eurek laguntzen didate. Egoera horretan nola egin aurre hipotekari? Hala ere, langabezian gelditu ostean ere ordaintzen jarraitu nuen ahal izan nuen arte eta ordaintzeari utzi behar izan nionean, banketxera joan nintzen erabakia jakinaraztera, baita eurekin negoziatzera ere ea irtenbide bat bila genezakeen, baina ez dute jarrera onik erakutsi. Alderantziz, umiliazioa izan da. Bankuko zuzendariaren jarrera erabat agintzailea eta gizagabea da. Ordainagiririk ere ez du sinatu nahi izan dokumentuak eramatera joan naizen bakoitzean, eta udaltzainei deitu behar izen diegu aktan jaso zezaten.

Nola sentitu zinen gastuak ordaindu ezinik gelditu zinenean? Estresatuta, urduri eta erabat arduratuta nengoen; izan ere, etxetik botako nindutela uste nuen. Orduan, Stop Kaleratzeak plataformaz oroitu nintzen eta deitu egin nien. Psikologikoki oso gaizki etorri nintzen eurena, negarrez. Haiek laguntza eskaini zidaten eta nituen aukeren berri eman. Alabarekin ere lagundu zidaten. Izan ere, ez nekien berari nola kontatu gertatzen zebilena. Hura ikasten dabil, eta ez nion ezer esan nahi azterketak amaitu arte. Izan ere, banekien atsekabetu eta ez zituela gaindituko. Egia esan, plataformari esker burua jaso nuen. Izan ere, bakarrik aurkitzen nintzen eta inork ez zidan ezer azaltzen.

Zeintzuk izan dira hartu dituzun erabakiak egoera hobetzeko? Diru-iturririk ez dudanez, ikusi genuen irtenbiderik egokiena izango litzatekeela bankuari etxea ordain bezala ematea eta gu alokairu sozialeko etxe batera joatea. Dokumentazio guztia batu eta eskaera 2013ko abenduan aurkeztu genuen lehen aldiz. Erantzuna dokumentazioa falta zela izan zen. Bigarrenean ere gauza bera, eta orain hirugarren erantzunaren zain gaude. Zer gertatuko den ez jakitea da okerrena. Sei hilabete daramatzat kuotarik ordaindu gabe eta Kutxabankeko inor ez da nirekin harremanetan jarri zer gertatzen den galdetzeko. Eta larriena da Kutxabankek praktika oneko kodea onartu zuela.

Aurrera begira zer? Bi aukera ditut: behera etortzea edo aurrera egitea. Nik argi dut. Erabaki dut banketxe batek ez didala bizitza hondatuko. Borrokatzen jarraituko dut. Ez dago eskubiderik jendeak bere buruaz beste egitea etxea ordaintzeko dirurik ez duelako. Nik aurrera egingo dut. Ikasten ere banabil, etorkizunari begira, niregatik eta, batez ere, nire alabarengatik.

----------

Debagoieneko Stop Kaleratzeak

2012ko azaroan sortu zuten Stop Kaleratzeak plataforma Debagoienean. Boluntarioek, kaltetuek eta haien familiako kideek osatzen dute; hainbat sentsibilitatetako lagunek. Mugimendu soziala da eta helburua da kaleratuak izateko arriskuan daudenei laguntzea. "Injustizia sozial bati aurre egiteko nahiak lotzen gaitu", diote taldeko kideek. Egun, hamabi bat dira plataforman; nahiz eta egiten dituzten ekitaldietarako jende gehiagoren babesa dutela dioten. Euren helburua da herri bakoitzean arduradun bat izatea. "Gertutasuna ezinbestekoa da kaltetuaren egoerari jarraipen egokia egiteko", adierazi dute plataformakoek.

----------

Kontaktua: 688 89 76 99

Laguntza behar duen edonork edo boluntarioa izan nahi duenak zenbaki horretara dei dezake.Plataformakoak abokatuen bila dabiltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak