Doinu zaharrak berri, mila eratara Demodekoen ahotsetatik

Jon Berezibar 2014ko eka. 21a, 12:36

Euskal kantutegiko ale aski ezagunen moldaketa ezin bereziagoekin, a capella nahiz instrumentuekin, umorezko ikuskizun musikatua egin zuen Demode ahots-kuartetoak atzo gauean Santa Anan: Epa!. San Juan jaietan ere, Arrasaten, egingo dute ikuskizuna, eguaztenean Monterronen 23:15ean.

Bi zatitan bana liteke ikuskizuna, kuartetoak abesti tradizionalak hartu  eta askotariko estiloetara birmoldatzen dituen bata eta, bigarrena, abestiak estilo berrietara erabat birmoldatu eta euskal musikan ia landu ere egin ez diren generoetara eramaten dituena. Bigarren zati horretan asmatzen dute, hain zuzen, Demodekoek, hasierako planteamendu bokaletatik urrundu eta instrumetu eta aurregrabatuez baliatu arren.

Betikoa, ukitu berriz

Txukun abestuta ere, Epa!-ren lehen zatiak ezustekotik gutxi izan zuen eta esperogarrien artean koka daitezke Bagare-ren samba ukitua, swing goxoko Bizkaia maite-a ala reggae trazako Lau teilatu; aurretik ere Nahi ta nahiezek hamaika bider birmoldatutako eran, hain zuzen. Ezin falta, noski, Xalbadorren heriotzean, abeslariek erakustaldirako ondo baino hobeto baliatu zutena.
Mandatuz ia, Benitoren batekin derrigor konplitu beharrean; Baldorba-rekin beste itxura bat hartu zuen ikuskizunak, ordea. Ezkilen faltan trip-hop oin aurregrabatuei  heldu zieten eta bardoaren zurruntasuna hautsi zuten modu bertsuan Martikorenari Maitia galdegin zautan afrikar polifoniadunarekin kendu zioten hautsa. Gora egin zuen hortik aurrera ikuskizunak irudimenari aske joaten utzita. Hala, proposatutako bidaian euskal musikan ausardia gutxi egon den generoetara jo zuten eta eskaini zuten dance ukituko Behin batian Loiolan erabat berrasmatua, adibidez. Instrumentuez gain, beatboxing eta ahots perkusio erakustaldiarekin eman zieten taxu erritmikoa abestiei. Demodé izenez soilik direla erakutsiz, egungo pop izarren moldetara ere gerturatu ziren Jack Johnsonena ematen zuen Zea Maysen Negua joan da-eta surferoarekin ala Rihannaren pop dantzagarrienaren eran pailazo talde famatuaren  Maite zaitut dantzalekura eramanda. Bihurrikeria, umore ukitu eta ezusteko txiki horietan asmatzen du ikuskizunak eta burutazio guztietatik harrigarriena Loa-loa sehaska kantaren transformazio bollywoodtarra izan zen, Ken Zazpiren Ilargia Iggy Popen The Passenger-ekin nahasteko ausardiarekin batera. Amaierako pasarte animatuago hauetan agerian laga zuten zangoak ez dauzkatela ahots-kordak bezain malgu baina beharrik ere ez. Amaiera ere festa giro horrekin egin gura izan zuten baina txalo beroak eman arren, hotz erantzun zuten oñatiarrek barikuan. Hala ere,  azken opari moduan sanfermin jai-tematikako  popurri bat eta txapel bana eskuetan eta abanikoak bailiran Locomia estiloan haizatuz, Haika mutil-en bertsio ero batekin bukatu zuten ikuskizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak