Arkeologiak norberaren jatorria eta kultura erakusten duela ere aipatu du, hau da, gauzak nondik datozen jakiten laguntzen duela. Horregatik uste du arkeologia sustatzeak esfortzua merezi duela.
Praileaitz, Munoaundi, Irikaitz, Castella-Gaztelu, Besagain, Aitzorrotz eta Lezetxiki dira indusketa nagusiak:
- Aitzorrotz: Gaztelu honetako indusketak bukatzera doaz eta sarrera aldeko eremua ikertu nahi da. Aurreko urteko emaitzak ikusgarriak izan ziren Burdin arokoa izan daiteken fibula edo giltzaorratz baten aurkikuntzarekin. Estilo zeltako fibula da. Horrek, Harkaitzaren okupazioa atzeratzen du oraindik gehiago, bai bagenekien erromatar garaian bertan ibili zirela. Aitzorrotzeko ekipo berak Axtrokiko urrezko ontziak azaldutako inguruak ere miatu nahi dituzte.
- Lezetxiki: Haitzulo honek sorpresa handiak eman ditu uste baino maila zaharragoak azaldu baitira. Bukatzera zihoala ematen zuenean aztarnategiak jarraitzen du eta 150.000 urte inguruko zenbait fauna aztarna eta gizakiak eginiko tresna solte batzuk ematen jarraitzen du.
Gordailua
Aldundiak, ondarearen arloan, legealdi honetan, bereziki sustatu nahi izan dituen arloak hiru dira: Gordailua, museoak eta arkeologia. Arkeolan edo Aranzadi bezalako erakundeak, Gipuzkoan arkeologian lanean dabiltzanak, Gordailura gerturatu dituzte eta horrela bi gauza lortu dira:
- Arkeologiaren azterketa eta zabalkunde zientifikoa bertan garatzea.
- Gordailua izatea ondare higigarriaren inguruko difusioaren hedatzaile nagusia; bai eskoletan egiten den lanketaren bitartez, baita herritarrak bertara hurbildu eta ateak irekiaz ere.