Euskal Herriko atleta onentsuenak, beste behin, Oñatiko Herri Lasterketan

Zapatu honetan izango da, 19:00etan, 10.000 metroko ibilbidearekin. Irabazteko faboritoen artean egongo dira David Gartzia durangarra, Imanol Cruz donostiarra, Unai Uriarte bilbotarra eta Kike Sebastian dulantziarra, besteak beste.

Izaera berria eman zioten iaz Corpus jaietan egiten den Herri Lasterketari, eta izan zuen emaitzarekin pozik –eta garai bateko nazioarteko izen handiak ekartzea, gaur egun, ezinezko–, errepikatzea erabaki dute aurten Antxintxiketan Kirol Elkartekoek: distantziako Euskal Herriko atleta onentsuenak ariko dira lehian bihar Oñatiko kaleetan.

Hogei korrikalari inguruk hartuko dute parte, guztiak antolakuntzak gonbidatutakoak; lasterketan izango dira, besteak beste: David Gartzia durangarra –iaz bigarren–, Imanol Cruz donostiarra, Unai Uriarte bilbotarra –Euskadiko Txapelketa irabazi berria 3.000 metroko hesi proban– eta Kike Sebastian dulantziarra –Laredoko maratoia irabazitakoa berriki–. Horiek dira aurreko lehian ibiliko direnak, Antxintxiketaneko Asier Osinagaren arabera.

Atletak gonbidatzerako orduan, mailaz gain beste irizpide bat ere eduki dute kontuan, zenbait kasutan, antolatzaileek, eta herriko edo inguruko atleta batzuk ere gonbidatu dituzte: Sergio Gartzia oñatiarra, Endika Donnay arrasatearra, Tasio Gomez zumarragarra –Aloña Mendin ari da– eta Ander Agirre bergararra. Xabier Luis oñatiarra ere bazegoen gonbidatuta, baina, min hartuta, ezin izango du egon, Ivan Fernandezek –iazko irabazlea– eta Asier Cuevasek bezala –bi hauek onenen zerrendan leudeke bestela–.

Ibilbidea azken urteetako bera izango da, postetxe parean hasita, Atzeko kalean, kale Barrian eta kale Zaharrean barrena, zortzi itzuli –aurrenekoa laburragoa–, 10.000 metro: lasterketa "polita eta konplexua", antolatzaileen esanetan, 33 bihurgune eta gora-beherak ere badituelako. Nagusien lasterketaren aurretik, neska-mutikoenak egingo dituzte, 12:00etan hasita.

Torreauzoko krosa

Ekainaren 29an, berriz, Torreauzon izango da zita: Mendizabal kirol dendan eta www.kirolprobak.com-en eman daiteke izena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.