Eusko Jaurlaritzak gaur, martitzena, egin ditu adierazpen horiek. Erkorekaren esanetan, urtea bukatu baino lehen akordioa izango da Kutxan banku-fundazio bihurtzeko, eta "legeak aurreikusten duena" beteko duela uste du gobernuak. Akordiorik izango ez balitz, legeak hala aginduta bihurtuko litzateke fundazio, Kutxa disolbatu egingo litzateke eta Eusko Jaurlaritzak batzorde kudeatzaile bat izendatuko luke prozesua aurrera eroateko. Batzorde horrek estatutu batzuk onartu, patronatua izendatu eta fundazioaren dotazioa erabaki beharko luke.
Ogasun saliburu Rikardo Gatzagaetxeberriak esan duenez, Kutxak "ohiko prozesua" jarraituko duela espero dute, baina "zailtasunak" egon daitezkeela onartu du, "pluraltasunarengatik".
Kutxaren batzordean, Bilduk dauka gehiengoa, eta prozesuaren aurka dago. BBK eta Vital ere fundazio bihurtu behar dira, baina horietan, EAJ, PSE eta PP ados ipini dira aldaketa egiteko.
Euskal kutxak fundazio bihurtu behar dira, Aurrezki Kutxa eta Banku-Fundazioen legeak hala aginduta. Lege hori abenduaren 29an sartuko da indarrean.
EH Bilduk mobilizazioak deitu ditu
Legeak markatzen duen egutegiak dioenez, azaroko lehen erdian estatutu berriak onartzeko batzar orokorra deitu behar du Kutxak; patronatuko kideak aukeratu, eta Kutxa banku-entitate gisa disolbatuta utzi.
EH Bilduk mobilizazioak deitu ditu, egubakoitzerako Donostian eta zapaturako Bilbon, 15:30ean, euskal kutxen "pribatizazioaren aurka". Euren esanetan, prozesu hori "iruzur politiko eta soziala da" eta, horren bidez, EAJ, PP eta PSEri "euskal jendarteari kendu" nahi dizkiote Kutxa, Vital eta BBK, EH Bilduren hitzetan.
EH Bilduko ordezkariek prentsaurrekoan esan dutenez, "gezurra da" legeak fundazio bihurtzera derrigortzen duela eta, fundazio bihurtzearekin bat, kutxen zuzendaritza 15 kidek osatuko dute eta "ez da inongo kontrol publikorik" izango.