Ernesto Ezpeleta 'Bihurri': "Aizkoratik bizitzea ezinezkoa da; bizi dena, gaizki biziko da"

Txomin Madina Milikua 2014ko eka. 19a, 00:00

Ernesto Ezpeleta 'Bihurri'.
48 urteko aizkolari eibartarra ohikoa izaten da plazaz plaza egiten diren erakustaldietan eta bere alorrean, munduko bost errekorren jabea ere bada.

1. Ernesto ala Bihurri, zer entzuten duzu gehiagotan?

Bihurri askoz gehiagotan. Gaztetako kontua da goitizena: orain uste dut zuzendu naizela, baina orduan ondo jarritakoa izan zen.

 

2. Errekorrak haustea ala aizkoratik bizitzea, zer da errezagoa?

Aizkoratik bizitzea ezinezkoa da, eta hortik bizi dena, gaizki biziko da. Ni automonoa naiz: mendian ibiltzen naiz, su-egurrekin-eta. Aizkolaritza afizioa da; txikiteoan ibili beharrean, aizkoran aritzen naiz. 

 

3. Berandu xamar hasi zinen aizkoran: 21 urterekin.

Bai, soldaduskatik bueltan. Orduan jolas bat zen: festetatik zuzenean aizkoran egitera joan ginen. Baina gero gure buruari kargu hartu genion; kirolak mesede handia egin zidan garai hartan: serio samar hasi ez banintz, beste era bateko bizimodua izango nukeen. 

 

4. Aizkorakadaz josia ei duzu gorputza.

Ez dakit Jesulinek zenbat adarkada dituen, baina hortxe-hortxe ibiliko gara. Larrienekin uztekotan egon arren, burugogorra ere banaiz, eta aurrera egitea erabaki nuen.

 

5. Nekatuko zara inoiz plazaz plaza ibiltzeaz?

Norbera konturatu behar da noiz galtzen dituen lehiakortasuna eta maila, eta hori ere helduko da. Baina oraindik ere denbora puska baterako izango da Bihurri

 

6. Semea ere zure bidetik dator; bokazioz edo aitaren aginduz?

Berak nahi zuen aizkora: egurrezkoa egin nion eta hautsi egin zuen; gero burdinazko aizkora amutsa egin nion. Ilusio itzelarekin dabil. Umea ezin da behartu. Apurka irakatsi behar zaio, jolasa bezala.

 

7. Zure sasoia izateko, zer egon behar da, eta zer ez, dietan?

Frutak eta barazkiak garrantzitsuak dira; baita janari garbia ere, denetarik, baina garbia. Kirolaria izan edo ez, kenduko nukeena tabakoa da: pozoina da.

 

8. Euskal Herrian bakarrik ez, Pakistanen ere egin duzu aizkoran!

Alex Txikonek esan zidan hara zihoala bertako umeei laguntzeko eta 14.000 kilometro egin genituen errepidean. Oso garai txarra zen, Bin Laden hil berri, eta larri ibili ginen. Baina umeei laguntzeko helburua bete genuen.

 

9. Agertokietan ere bazabiltza aizkoran, Herritmo ikuskizuenan.

Txalapartarekin eta musikarekin herri kirolak uztartzen ditugu. Hasieran ez nuen garbi ikusten, baina jendea txundituta geratzen da; oso gauza polita da.

 

10. Ospatu  duzu nahikoa Eibarren igoera?

Ez gara kontziente Eibarrek egin duenaz; tarteka kirolean gertatzen den miraria izan da. Jaiero Lehenengo Mailan ikusten dugunean konturatuko gara egindakoaz, orduan hasiko dira ospakizunak.

----------

Makila magikoa baneuka: "Jende guztia ona bihurtuko nuke: hori gertatuko balitz mundu honetako arazo guztiak konponduko lirateke"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak