Familiek 2006an baino gutxiago gastatzen dute, etxebizitzako gastuetan izan ezik

Leire Kortabarria 2014ko eka. 16a, 15:32
Familiek 2006an baino %1,2 gutxiago gastatu zuten iaz, baina ez etxebizitzaren gastuetan: hor, 2006an baino %26 gehiago gastatu zuten. Eustatek emandako datuak dira, INEren informazioa erabilita.

Familiek gastuetan murriztuz jarraitzen dute. Hala, EAEko familiek, batez beste, 32.720 euro gastatu zuten 2013an, aurreko urtean baino %1,3 gutxiago, eta 2006an baino %1,2 gutxiago. Horren ondoan, etxebizitzaren, uraren, elektrizitatearen eta bestelako erregaien batez besteko gastuak urterik urte handitzen jarraitzen du: 2013an, aurreko urtean baino gehiago gastatu zuten euskal familiek, eta 2006an baino %26 gehiago.

Bigarren gastu handiena -elikagaiak eta edari ez alkoholdunak- oso gutxi handitu da 2012tik: %2,1 bakarrik, eta 2006etik %0,6 txikitu da.

Jaitsiera handiena garraioetako gastuak izan du: 2006tik %31,7 gutxiago gastatu zuten familiek 2013an, 2012an baino %10 gutxiago.

Denetariko gastuan eragin txikiagoa duten beste gastu batzuk ere handitu dira. Hala, 2012an baino %13 gehiago gastatu zuten familiek osasunean, 2006an baino %10,9 gehiago; hezkuntzan, 2012an baino %13,4 gehiago eta 2006an baino %26,1 gehiago. Aisialdian, ikuskizunetan eta kulturan, iaz baino %11,5 gutxiago gastatu dute, eta hotel, kafetegi eta jatetxeetan, %4,3 gutxiago.

Gastuaren bolumenaren aldetik, hauek dira gastu-mota garrantzitsuenak: etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak gastu osoaren %35,3 dira; elikagaiak eta edari ez alkoholdunak, %14,2; hotelak, kafetegiak eta jatetxeak, %9,7; garraioak, %9,1; beste ondasun eta zerbitzu batzuk, %7,3; eta jantziak eta oinetakoak, %5,3.

Beste gastu batzuk ere handitu dira

2006a ezkero, etxebizitzarekin lotutako gastuak handitu dira gehien: %27,7tik %35,3ra, ia zortzi puntu. Garraio-gastua jaitsi egin da, 2006ko %13,2tik 2013ko %9,1era; lau puntu, termino korronteetan. Elikagai-gastua lehengoan da, familia-gastuaren %14; aisia, kultura, hotel eta jatetxe gastua beheraka joan da 2006koaren aldean; orduan %17,8, 2013an %15.
Pertsonako batez besteko gastua 13.573 eurokoa da; %0,4 gutxitu da, euro korronteetan, 2012koaren aldean.

2013ko kontsumoko guztizko gastua %1,1 gutxitu da 2012koaren aldean; gastu-taldeetan, denetarik. Gastu-talde nagusiak –etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregaiak (%0,3) eta elikagaiak eta edari ez-alkoholikoak (%2,4)– gehitu egin dira. Hotel, kafetegi eta jatetxeetan, %-4,0 eboluzionatu du. Portzentajean, gastu-jaitsierarik handiena (%-11,3 aurreko urtearen aldean) aisia, ikuskizun eta kulturan dugu;1.552 milioi guztira. Hazkunde handienak hezkuntzan (%13,7) eta osasunean (%13,4) izan dira.

Etxeko batez besteko gastua hileko diru-sarreren arabera aztertuz gero, alde handiak dira. 2013an, hilean 1.000 eurotik beherako diru-sarreradun etxeetan, batez besteko urteko gastua 17.711 euro ziren; hilean 3.000 edo gehiago jasoz gero, 51.725 euro.

2012.aren aldean, etxeko batez besteko gastua gutxitu egin zen diru-sarrerak 2.000tik 2.999ra bitarte zituzten etxeetan, %-1,8. Gainerakoetan batez besteko gastua zertxobait gehitu zen.

Gastu handiena, herri txikietan

Gastua aztertzen bada familiaren kokapen fisikoaren arabera, gasturik handiena 10.000 biztanletik beherako udalerrietan egiten da, familiako 33.945 euro, Euskal AEkoa baino %3,7 gehiago. Familiako batez besteko gasturik txikiena (32.216 euro),10.000 biztanletik 100.000ra bitarteko udalerrietan.

2013an, Euskal AEko gastuaren %13,7 arabarrek egin zuten; bizkaitarrek %53,8 eta gipuzkoarrek %32,5.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak