Joxan Iza: "Urte askotan isilean egindako lanaren ordainsaria da Pariskoa"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko eka. 16a, 11:48

Joxan Iza, Natalia Gomendio galeristarekin Parisko erakusketan.
Parisko Natalia Gomendio galerian du erakusgai, Oñatin bizi den Bergarako margolariak, Parcours izeneko bilduma.

Nolatan Parisen? 

2011. urtean Donostiako Arteko galeriako erakusketan izan zen Natalia; harez gero internetez jarraitu nau eta otsailean egin zidan proposamena. Oso pozik nago. Urte askoan isilean egindako lanaren ordainsaria da.

Zelako lanak eraman dituzu?

30 lan dira guztira; horietatik 20 Pariserako espresuki egindakoak dira, eta gainontzekoak, aurrez egindako akuarelak. Askotariko neurritakoak dira eta hainbat teknika nahastuz egindakoak: akrilikoak, oleoak, txinatar tinta, collageak, ordenagailuz landutakoak; binilozko irudidunak...

Zer da irudikatzen duzuna?  

Modu baten esanda, paisaia urbanoak. Ez zait gustatzen baina, gauza zehatzak erakustea. Arkitekturak dira, poliedrikoak, ikuspuntu eta elementu ezberdinak integratzen dituztenak.

Ondo ezagutzen duzu Paris. Zortzi urtetan han bizi izandakoa zara.

Arte Ederrak ikasketak burutzera joan nintzen 1979. urtean, eta egia esan, oroitzapen oso politak ditut. Askotariko teknikak jorratu nituen hango eskolan. Louvre museoko sarrera doan neukan Arte Ederretako ikaslea nintzelako, eta ederki aprobetxatu nuen bai aukera! Baina benetan markatu ninduena, Inpresionisten Museoa izan zen. Mundu berri bat zabaldu zitzaidan.

Beste artista asko moduan, zu ere, Parisko kaleetan margotzen ibilitakoa izango zara orduan.   

Koadroak etxean margotzen nituen aurrez kalean hartutako akuarelazko apunteak oinarri hartuta. Paris oso artistikoa da; Sena ibaiaren edozein toki da aproposa. Formatu panoramikoak daude alde guztietan. 

Garai hartan ere hainbat erakusketa izan zenituen Parisen.  

Bai; hala da, baita Grezian ere, birritan izan ziren nire lanak han. Geroago Italiako Ortonovon ere izan nituen, Bergarako beste hainbat margolarirekin osatutako erakusketa kolektiboan. Aspaldian baina, atzerrian erakutsi barik nengoen.

Eta Euskal Herrian?

Urtean pare bat egiten ditut gutxi gora behera: Arteko galerian eta kultura etxeetan bestela. Irailean Durangon izango naiz.

Debagoienean erakusketarik egiteko asmorik baduzu? 

Bai, banabil zerbait lotu guran; baina ez zait gustatzen presaka ibiltzea. Gustuko dudan areto baten bila nabil, lasai. 

Margotzea afizio duzu, ofizio bilakatzeko modurik ikusten duzu? 

Inprenta batean egiten dut lan, baina nolabait esanda, margotzea, afizioa baino gehiago da. Gaur egun artea, bizitzeko era bat bihurtu da niretzat. 

Izan ere eskarmentu handia duzu, umetatik margotzen.  

Bai horixe! Baserriko sukaldean klarionarekin lehenengo; ikatz-marrazkiak egiten ikasi nuen gero, aire libreko lehiaketa askotara ere joaten nintzen... 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak