Urteko kontuak eta kudeaketa plana aurkeztu ditu Goienak batzar nagusian

Miren Arregi Amasorrain 2014ko eka. 13a, 11:15
Urteko batzar orokorra egin zuen atzo Goiena Komunikazio Taldeak Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan. Bertan elkartu ziren Goienako bazkide langileak, bazkide erabiltzaileak eta bazkide laguntzaileak. 2013ko memoriaz gain, aurrekontuak eta 2014ko kudeaketa plana izan ziren puntu garrantzitsuak.

Goienako bazkide erabiltzaileak, bazkide laguntzaileak, eta bazkide langileak izan ziren atzo Goiena Komunikazio Taldeko batzar nagusian. Bazkide erabiltzaileei dagokienez, izan ziren, Txatxilipurdi, Ekin, AED, Goibeko, Gurel, Idolaz, Loramendi, eta Jardun; eta bazkide laguntzaileen artean, Arrasateko, Aramaioko eta Aretxabaletako udalak.

Aitor Izagirre Goienako presidenteak gidatu zuen batzarra, zuzendari nagusi Iban Arantzabalekin batera.

Diru-kontuak eta kudeaketa plana izan ziren puntu garrantzitsuenak. Horrekin batera, iaz egindakoaren memoria eta kontuak ere eskura jarri ziren. 2013a 10.000 euroko alde negatiboarekin bukatu zuen Goienak eta 2014rako aurreikuspenak ez dira hobeak. Arantzabalek esan zuen, urte zaila izango dela aurtengoa eta horrek diru kontuetan eragina izango duela. Aurrekontu defizitarioa aurkeztu zuten 2014rako.

Kudeaketa plana

Kudeaketa planak hartu zuen batzarreko zati handiena. Goienak hainbat proiektu gauzatu ditu eta ditu esku artean eta horiek aurkeztu zituzten bazkide langile, bazkide laguntzaile eta bazkide erabiltzaile artean.

Euskarazko hedabideekiko elkarlana da beste puntu nagusietako bat. Iban Arantzabal zuzendari nagusiaren esanetan, elkarlan horrek ekarri handia izango du Goienarendako ere.

Komertzial arloak ere hainbat erronka ditu eskuartean. Besteak beste, Debagoieneko gida komertziala eta Aurreztu.com ataria. Talde komertzialak badihardu publizitate formula berriak sortzen eta bide horretan jarraituko du aurrerantzean ere.

Komunitatea

Herritarrendako eta herritarrekin egindakoa izan gura du Goienak eta bide horretan estrategikotzat jotzen dute GOIENA.NET atariko Komunitatea. Sarean badago dagoeneko, baina asmoa da, komunitateak Goienaren gainontzeko euskarrietan ere presentzia izatea.

Paperari dagokionez, esan, Astelehenenekoa berraztertzen diharduela Goienak eta asmoa dela aldaketak egitea, herritarrendako erakargarriago egiteko helburuarekin. Eta Goiena Telebistaren gainean, berriz, programazio berria egiteko ipinitako ahaleginak eman ditu fruituak. CIESek berriki emandako datuen arabera, ikus-entzule kopuruak gora egin baitu. Goiena telebistak, 2.000 ikus-entzule gehiago ditu orain, CIESen arabera.

Bideoa eta datuak sarean

Aurtengo batzar orokorraren berritasuna izan da 2014ko kudeaketa plana bideo baten ere aurkeztu dela, arloko zuzendari edo arduradunen adierazpenekin. Horretaz gain, CIES erakundeak Goiena telebistari eta paperari emandako datuak, azken neurketarenak, aurtengo udaberrikoak, ere bideo bidez jarraitu zituzten bertaratuek.

Bestalde, batzarreko informazio guztia, sakon eta zehatz (kontuak, memoria...), sarean jarri zen, batzarreko kide guztien eskura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak