Josu Zabala: "Oso oparoak izan dira MUrendako azken zortzi urteak"

Eneko Azkarate 2014ko eka. 13a, 09:00
Josu Zabalak 2006an hartu zuen MUko errektore kargua, Inaxio Oliveri ordezkatuz, eta aurtengo abenduan utziko du, 8 urteren ostean. Tarte horretan garapen handia izan du unibertsitateak, bai "kualitatiboki" eta baita "kuantitatiboki" ere. 62 urterekin hartuko du erretiroa.

Zortzi urte intentsu izan dira, mugimendu askokoak. Abendutik aurrera, beste kontu batera.
Beste proiektu batzuei helduko dizkiet, MUko lanekin zerikusirik ez dutenak, proiektu pertsonalak, familiari lotuagoak.

Kargua hartu zenuenean, irudikatzen zenuen oraingo MU?
Ez. Ez nuen uste horrenbeste gauza egiteko gauza izango ginenik. Oso oparoak izan dira urte hauek, era guztietatik begiratuta.

Helburuak beteta, hortaz?
Egia esan, hasi ginenean ez zegoen helbururik. MUko errektore izatea proposatu zidatenean, ustekabe handia izan zen. Bestalde, aukera moduan ikusi nuen. Unibertsitatea nahiko ondo ezagutzen nuen, batez ere Ikerlanen nenbilelako orduan. Baina lehen urtea unibertsitatera urreratze prozesua izan zen. Inflexio puntua, 2008an eman zen. Lan ona egin genuen hausnarketa estrategikoa lantzen eta etorkizuneko unibertsitatearen ardatzak finkatzen. Asmatu genuela esango nuke.

Zenbat ikasle ditu gaur egun MUk eta zenbat zituen duela 8 urte?
3.700 ikasle genituen 2006an. Halere, urte batzuk lehenago gehiago izan genituen, 4.100 inguru. 2003tik aurrera jaitsiera etorri zen, demografia kontuengatik batik bat. Baina, joera horri buelta ematea lortu dugu titulazio berriekin-eta. Une honetan, 4.300 ikasleren bueltan gaude eta hurrengo ikasturtean 4.500 izatea ere espero dugu. Esan behar da, bestalde, gure unibertsitatean bi motako ikasleak ditugula: batetik, gaztetxoak; bestetik, 4.300 horiez gain, urtero, 5.000 profesional inguru igarotzen dira MUtik, lanean daudenak, hezkuntza iraunkorrekoak...

Hazteko bokazioa dauka MUk?
Bai, baina obsesio barik eta, betiere, kontuan izanda geure ingurunearekiko onuragarria den, MUrendako eroangarria den, eskaintza akademiko erakargarria den, egingarria den…

Zortzi urte hauetan, zure agintaldian, fakultate berria sortu eta abian jarri duzue eta, bestalde, besteak beste, Oñatin eta Aretxabaletan eraikin berriak egin dituzue. Ekipamendu aldetik, bilakaera ikusgarria izan da.
Jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eman dugu. Gure hausnarketa estrategikoan ondorioztatu genuen MUren eskaintza beste eremu batzuetara ere zabaldu behar zela. Eta, bestetik, beste leku batzuetatik gure eskualdeko fakultateetara erakartzeko, proiektu erakargarria eskaini beharko genukeela. Eskaintza ezberdina, berezia. Eta eraikin egokiekin. Arrasate, Oñati, Eskoriatza eta Aretxabaleta sendotu egin ditugu, baina baita Bidasoaldean, Bilbon edo Donostiako Basque Culinary Centerren ere.

Enpresagintza fakultateak Bilbon ere badu gunea?
Proiektu berezia da, Bilboko Udalarekin elkarlanean. Ez da fakultate bat, beste ideia bat da, proiektu batekin lotua: ekintzailetasunarekin eta berrikuntzarekin. Baina nahastuz ikasketa unibertsitarioak eta ekintzailetasuna, kaleko jendea, enpresa txikiak… Ikasleak eta enpresa munduko jendea elkarrekin aritzea da asmoa. Mikroklima berezi bat sortzea ideia berriak bultzatzeko.

Enpresagintza fakultateari bultzada eman dio LEINN-ek. Mugarri bat izan da MUn?
Bai, proiektu erakargarri eta erreferentziazkoa da, beste inon ez dagoelako ekintzailetasunarekin lotutako unibertsitate gradurik. Aurten aterako da lehen promozioa eta lortuko dugu urtero 100 bat ikasle ekintzaile ateratzea unibertsitatetik ondo prestatuta.

Aretxabaletako Ikus-entzunezko campusa ere beste mugarri bat izan da.
Aukera bat. Leku arazo handia geneukan Eskoriatzan, Huhezi fakultatean eta, hortaz, arnasa hartzeko ezinbestekoa izan zaigu Aretxabaletako campus berria. Bereizi egin dugu eta bere nortasuna hartu du Ikus-entzunezkoak. Eta, bestetik, eraikina ere egokia da eta eta oso txukun geratu da.

Zerk bereizten du MU beste unibertsitateetatik?
Izaerak, kooperatiba garela. Bestetik, MU ez da gauza monolitiko bat. Lau errealitate dira, bere nortasun eta organo guztiekin: Goi Eskola Politeknikoa, Enpresagintza, Huhezi eta BCC. Fakultate bakoitzak bere aukerak ditu, bere erara kudeatzeko, baina baita erantzukizuna ere. MUko errektoreari horrek ematen dio lasaitasuna. Hori ez da gertatzen beste unibertsitate batzuetan. Bestetik, MUren marka bada ikerketa eta transferentzia. Gure kezka da gazte jendea ondo hezi eta lan merkatura ondo prestatuta bidaltzea; eta profesionalak birziklatzea. Baina, baita ikerketa ere. Horretan, enpresekin dihardugu, hauei lagunduz, produktu edo zerbitzuak erakargarriago eta lehiakorrago izaten, ondorioz, enpleguari eusteko. Hori oso garrantzitsua da MUrendako. Horretarako, gure bezeroak, bidelagunak, etengabe identifikatu eta elkarrekin jarduteko bokazioa daukagu.

Oronarekin batera, campus berria daukazue Hernanin. Ze dauka berritasunetik proiektu honek?
Orona da gure ikerketa eta transferentzietan bezerorik onenetakoa. Bi erakundeon interesak eroan gaitu Galarretako gunean elkarrekin aritzera. Eko Ingeniaritzaren alorrean jardungo dugu.

Ze eskaintzen duzue?
Eko Ingeniaritzarekin lotutako gradu berriak: Energiaren Ingeniaritza eta Ekoteknologiak eta Prozesu Industrialetan Ingeniaritza. Lehen ikasturtea izan da oraingoa eta 100 lagun aritu dira. Oronarena da eraikina, oso modernoa, eta geuk kudeatzen dugu. Bi aldeon artetik egon da interesa elkarrekin jarduteko.

Goi Eskola Politeknikoa, Ingeniaritza, MUren marka bat izan da beti. Orain ere hala da?
Bai, bai. 1.700 bat ikasle ditugu Goi Eskola Politeknikoan.

Beharrezkoak dira gaur egun ere injineruak?
Bai. Egia da gaur egun, krisiagatik-eta, soberan daudela batzuk, baina 2008an, krisiaren aurretik, injineruak behar zituzten gure enpresek. Eta, epe laburrean, hemen, berriro ere injineruak beharko dituzte.

Krisiaren ondorioz, kanpora doaz euskal injineruak lan bila?
Ez dauka zerikusirik Gipuzkoan edo Euskal Herrian bizi den egoera eta Espainian edo Andaluzian bizi dena. Hemengoa ez da belaunaldi galdua. Orokorrean, krisiak ez ditu aldaketa sakonak ekarri hemen injineruei dagokienean. Egia da gero eta prestatuago eta lehiakorragoak izateko injineru ondo prestatuak beharko ditugula eta geroago eta gehiago ikasten dutela. Hobeto prestatzeko, hizkuntzak hobetzeko, kanpora joatea ona da; gero itzultzeko, jakina. Halere, hemengo gazteak geroago eta gehiago ariko dira mundu mailan, besteak beste, hemengo enpresek geroago eta gehiago saltzen dutelako kanpoan edo kanpoan ere badaudelako.

Basque Culinary Center da MUren fakultaterik berriena. Ze moduz?
Oso apustu ausarta izan da. Atzera begiratuz gero, eta ohartuz gero zelako proiektua jarri genuen abian, beldurtzeko modukoa da, baina, argi eta garbi, merezi izan du. Euskal Herriaren ikurretako bat bihurtu da. Hori denek onartzen dute. Eta horri etekina atera behar diogu. Espainian ikurra da; munduan, modu apalagoan. Batez ere gastronomiaren alorrean, mundu profesionalean, erreferentzia da. 100 ikasle inguru ari dira urtero-urtero fakultatera sartzen. Hortaz, hurrengo ikasturtean 400 bat ariko dira. %25na Euskal Herrikoak edo munduko beste toki batzuetakoak dira eta beste %50 Espainiatik etorriak. Hemengo enbaxadore onak izango dira aurrerantzean ikasle horiek guztiak.

Zein izango da hurrengo MUko errektore?
Ez dago erabakita, baina udako oporren aurretik erabakiko dela uste dugu. Gero, azkeneko hilabeteak elarrekin jardungo dugu hurrengo errektoreak eta neuk.

Zeintzuk dira MUren erronka nagusiak datozen zortzi urteetara begira?
LEINN eta Bilboko proiektua garatzen joatea. Bestetik, MUren hezkuntza eredua ere berezia da, Mendeberri, Europara ondo moldatu dena, aurretik lana ondo egin zelako. Eta, hurrengo 20 urteotan ere ahaleginak egin beharko dugu hezkuntza eredua hobetzen joateko, egoera berrietara, aldaketara, moldatzeko. Ikusteko moduak aldatzen joango dira eta horretara egokitu behar gara. Horretan buru-belarri ari gara.

Lomce legeak zela eragingo dio unibertsitateari?
Zorionez, ez du eraginik izango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak