Eskaintzak Donostiako Merkataritza-Auzitegian aurkeztu beharko dira.
Likidazio Planaren helburu nagusiak gogorarazi dituzte Fagor Etxetresnek prentsa ohar bidez: industria-aktibitateari berriz ekitea, ahalik eta lanpostu gehienak eta industria-ehunaren zati handienari eutsiz; eskaintzaileen arrakasta-aukerak ahalik eta ondoen islatzen dituzten industria-planak sortzea; eta konkurtsoaren interesa babestea, hartzekodunekiko dauden zorrak kentzeko ahalik eta diru gehiena lortuz.
Fagor Etxetresnek gogora ekartzen dutenez, "Espainiako merkatuan eta kanpoko merkatuetan Fagor markari eustea ahalbidetuko du Fagor Etxetresnen eta Edesaren unitate produktiboak beste industria-talde eta inbertitzaile batzuek erosteak".
Markak eta zerbitzuak, jabe berrien esku
Hartzekodunen konkurtsoa hasi zenetik, Fagor Etxetresnek bezeroarenganako arreta zerbitzuari eutsi diote, baina, onartzen dutenez, "salmenta osteko konpromiso guztiei eusteko zailtasun batzuk" izan ditu.
Fagor eta Edesa marken hiru aktibitate nagusiak –Lerro Zuria, Konfort eta Minietxetresnak- beste esku batzuetara pasatzen diren momentutik, jabe berriek bere gain hartuko dituzte markek aurrera jarraitzea eta markei lotutako zerbitzu guztiak, hala nola bermeak eta salmenta osteko zerbitzuak.
Orain arte argitaratu izan den moduan, uztail bukaerarako prozesua bukatuta egon daiteke eta Fagor Etxetresnek jabe berriak izan ditzakete.