Iñaki Uria: "Ez dago epaitegirik, Espainian ez hemen, izena garbitu behar digunik"

Leire Kortabarria 2014ko eka. 11a, 12:00
Iñaki Uria, Joxemi Zumalabe eraikinaren aurrean.
'Euskaldunon Egunkaria'-ren auzi ekonomikoa ekainaren 4an itxi zen, Carmen Zubimendi epaileak karguak preskribatutzat jo eta auzia artxibatzeko agindu zuenean. Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi akusatuendako 128 urteko espetxealdia –bederatzi eta 18 urte artekoak– eta 221 milioi euroko isunak eskatzen zituen fiskalak. 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkari ohi eta auzipetu Iñaki Uriak erabakiaren gaineko iritzi ona agertu du.

Nola hartu zenuten auzipetuek epaia?

Gehienbat arindu handi gisa hartu genuen. Urte hauetan guztietan sufritutakoa eta eramandako zamaren arintze gisa hartu genuen, eta hori izan da lehenengo igarri duguna. Horrek poztu egiten gaitu. 

Luze egingo zitzaizkizuen azken asteak…

Apirilaren 8an egin genuen epaiketaren atariko bista, eta apirilaren bukaerarako, lehenagorako espero genuen epaia. Ia bi hilabete pasa dira bista hura egin genuenetik, eta alde horretatik pasa da denbora eta beti geunden esperoan. Beraz, bai, hilabete luzeak izan dira, eta bost egun hauek ere luzeak dira, fiskalaren helegitearekin zer gertatzen den jakin arte. 

Zuk esandakoaren arabera, dena dela, ez duzue halakorik izango denik uste.

Ez, inork ez luke ulertuko, gure gizarteak ez luke ulertuko helegitea jartzea, ez eta instituzio publikoek, ustezko kaltetuek ere, Eusko Jaurlaritzaren kasuan, esate baterako. Leporatzen dizkiguten ustezko delituak hortik datoz: dirulaguntzetan iruzur egin izana, kontuak faltsutzea eta abar. Eta Jaurlaritzak berak esan duenean, ez behin bakarrik, eta ez kolore batekoak baizik eta PSOEren garaikoak eta EAJren garaikoak esan dutenean dirulaguntzak emateko baldintza guztiak bete zituela Egunkaria-k, ez dauka inongo zentzurik horrekin jarraitzeak.

Gainera, autoa irakurtzeko aukera izan dut eta sendoa da; ondo argudiatua, fundamentatua dago preskripzioa. Ez dugu uste helegitea egongo denik, bi ikuspegi horietatik; herritarren nahiaren kontra eta instituzioek esandakoaren kontra eta heldulekurik gabe joango litzateke aurrera.

Espero zenuten azkenean izan den epaia?

Bai, hau zen abokatuek eskatutako erabakia. Lehen aipatutako bista horretan, lehenbizi fiskala akusazioa erretiratzera gonbidatu zuten; hark ez zuen hori egin eta ondoren preskripzioa oinarritu zuten eta artxibatzea planteatu zuten. Bestela, epaiketarekin jarraituz gero, hurrengo hilabeteetan badakigu zigorrik ez genukeela jaso izango, errugabeak garelako, baina horretaz libratzen gaitu, hortik pasa beharraz.

Delituak preskribatutzat jo ditu epaileak. Ze irakurketa egiten duzu? 

Honaino iritsita, seguruen absoluzioa hobetsiko genukeen; errugabe izanda eta garbi edukita ez dela deliturik izan, hori izango litzateke erabat ixteko modurik egokiena. Baina ontzat eman dugu preskripzioa, eta behintzat jarraitzeaz libratzen gara.

Zuen izena garbitutzat jotzen duzu? Eta Egunkaria-rena?

Ez dago epaitegirik Espainia osoan, ezta hemen ere, izen ona garbitu behar digunik. Gure herritarren artean hasiera-hasieratik, alde horretatik, ez dugu zalantzarik eta kezkarik izan. Injustizia handi bat sufritu dugu, hain zuzen, Auzitegi Nazionalak eragindako injustizia handi bat, eta ez dira haiek gure izena garbitzeko inor.

Ze ondorio material izan du akusatuendako auzi luze horrek?

Pentsa: alde batetik, 11 urte dira Egunkaria itxi zutela eta urte hauetan guztiotan bost milioi bildu behar izan ziren gero Berria izango zena kaleratzeko; hasi kontatzen guk sartu ditugun orduak, hasi kontatzen gure inguruan izan diren kostuak, abokatuenak-eta, eta benetan faktura handia da.

Gipuzkoako Diputazioak eta Jaurlaritzak esan dute ez zenutela zerga iruzurrik egin eta dirulaguntzak legezkoak zirela. Erakundeen aldetik nahikoa babes jaso duzuela uste duzu?

Bai, euskal erakundeek babestuta sentitu gara, garbi izan dugu hasieratik gurekin zeudela eta ez daukagu horretan kontrakorik.

Eta jendartearen aldetik?

Are eta gehiago. Jendartea hasiera-hasieratik mobilizatu zen Egunkaria itxi zenean, Donostian izan zen ordura arteko kale-agerraldi handiena eta ez behin, gero bigarren operazioa izan zenean berriz mugitu zen jendea. Mobilizazio horiek oso garrantzitsuak izan dira, eta ez guretzat bakarrik; momentu hartan, Aznarren bigarren agintaldia zen, Ibarretxeren planaren garaiak ziren, eta Egunkaria-rena mehatxu bat izan zen, besteren artean, eta gauzak potoloagora jotzeko arriskua izan zen hartan, mobilizazio haiek garrantzi handia izan zuten.

Auzi ekonomikoa Egunkaria-ren itxierarena baino luzeagoa izan da, baina ez da hain ezaguna izan…

Normala da. 2010ean auzi nagusiko sententzia irten zen, eta ordurako zazpi urte pasa ziren, beste lau pasa dira eta oso zaila da 11 urtean arreta denbora osoan modu iraunkorrean edukitzea. Guk urtean behin edo bitan gogoratzen genuen, baina lau urtean, batez ere, lan isila egin dugu eta ez hainbeste medioei begirakoa. Beharbada, aurreko auziaren aurretik gehiago mugitu ginen: jendea berotzea, Bilbon beste kale-agerraldi handi bat egitea… eta orain lan isila izan da batez ere.

Bukatutzat jotzen duzue etapa hau?

Hori da nahiko genukeena, hau erabat bukatzea. Bost egun horiek pasatu eta gero geldituko zaigun azken arrastoa Egunkaria erabat likidatzea da, baina bueno, fase hau dagoeneko bukatu da.

Zorion asko jaso dituzu epaia kaleratu zenetik?

Bai; alde horretatik, oso pozgarria izan da eta denei eskertzekoa, banan-banan ezingo da-eta.

Egubakoitzean agerraldi eta elkarretaratze irekiak egin zenituzten. 

Bai; beti, babesa edo laguntza behar dugunean, edo oroitzea tokatzen zenean elkarretaratzea egin izan dugu, eta justu amaitzeko pentsatu genuen egokiena, prentsaurreko soil bat egitea baino gehiago, ekitaldi edo agerraldi txiki bat egitea zela, eta pozteko eta elkar agurtzeko aukera izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak