Euskara normalizatzeko hitzarmena egin dute Lanekik eta Euskaltzaindiak

Leire Kortabarria 2014ko eka. 6a, 13:50

Andres Urrutia eta Rikardo Lamadrid.
Laneki, Lanbide Heziketan euskara sustatzeko elkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Lanekiren testu-masa Euskaltzaindiaren esku uzteko. Laneki ordezkatuz, bere presidenteak sinatu du hitzarmena; Aretxabaletako Lanbide Heziketa Institutuko zuzendari Rikardo Lamadrid da bera.

Julen Elgeta, Lanekiko diruzaina; Kepa Altube, kudeatzailea; Maite Arozena, koordinatzailea; eta Xabier Kintana, Euskaltzaindiko idazkaria ere sinatze ekitaldian izan dira.

Hitzarmenaren ondorioz, Laneki elkarteak duen euskarazko testu-masa osoa Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko du, Akademiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokiaren corpusa aberasteko. Testu-masa hori Zientzia eta Teknika egitasmoa elikatzeko ere erabil dezake Euskaltzaindiak.

Rikardo Lamadridek elkarlanaren garrantzia azpimarratu du eta hitzarmenaren hiru ildo nagusiak zehaztu ditu, hitz hauekin: "Batetik, euskara bera gizartera ateratzeko balio du; bestetik, euskara eta Lanbide Heziketa batzeak esan nahi du gizarteak baduela aukera euskaraz eman eta jasotzeko; eta hirugarrenik, Lanbide Heziketaren bidez, enpresa mundura hel gaitezke eta enpresa txikiak zein handiak euskaratzen lagundu".

Hitzarmena sinatzea pozgarria dela esan dute Urrutiak eta Lamadridek. Andres Urrutiak hauxe azpimarratu du: "Lanekik egunerokotasunean sortzen dituen lanabes eta materialak guztion erabilgarri bihurtzen dira hitzarmenaren bitartez".

Helburua, euskarazko materiala sortu eta zabaltzea

Laneki Lanbide Heziketan euskara sustatzeko irabazi asmorik gabeko elkartea da. Hetel eta Ikaslan elkarteek sortua, 2001. urtean, hauek dira bere helburuak: Lanbide Heziketarako materialak sortzea, euskaratzea eta erabiltzaileen eskura askotariko euskarrietan jartzea, bai eta hiztegi tekniko bat sortzea ere. Elkarteak 34.000 ikasle eta Lanbide Heziketako 79 ikastetxe publiko eta hitzarmendun batzen ditu, eta gaur egun D ereduan ikasten duten 8.000 bat ikasleengan eta 3.000 bat irakasleengan eragiten du. Euskarazko materiala eskura ipintzen du www.jakinbai.eu webgunean. Lanekiren erakunde laguntzaileetako bat Debagoieneko Mankomunitateko udalak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak