Gure Esku Dago

Elkarri eskutik heltzeko eguna

Julen Iriondo 2014ko eka. 6a, 12:34

  • Durango eta Iruñea arteko 123 kilometroetatik 21 izango dira bailaran.
  • 18.000 lagunek hartuko dute parte katean Kanpazar-Deskarga tartean.
  • Hasieran 5 kilometrotan egotekoak, azkenean 7 dira Debagoienekoak.


ORDUTEGIA Antolakuntza

  • 10:00 Bakoitza bere kilometrora iristea: ordu horretarako helduko dira kanpotik datozen autobusak.
  • 11:15 Giza katerako jendea antolatzen hasi: taldeetan, nor bere kasa, egongo den jendeari lehen deia.
  • 11:40 Giza katea osatu: elkarri eskua eman eta etenik ez dagoela ziurtatu. Etenik balego, horretarako jarritako zinta erabili kateari jarraikortasuna emateko.
  • 12:00 Giza katearen hasiera: lekuan-lekuan, hots desberdinekin emango zaio hasieragiza kateari.
  • 12:30 Giza katearen amaiera: hasteko erabilitako hots berarekin.

Hilabete luzeetako girotze ahaleginaren eta azken asteetako prestaketa lanen ondoren, domeka izango da horien guztien emaitza ikusteko eguna. 50.000 lagun aurrena gutxieneko kopuru; 70.000 bai izena emanda lerrook idazterako azken datuen arabera; eta milaka batzuk gehiago izango diren aurreikuspena.

E-posta bidez eta Interneteko aplikaziotik "milaka eta milaka" izen-emate jasotzen ari zirela-eta, "gaina hartuta", sare bidez apuntatzeko aukera etetea erabaki zuen Gure Esku Dagok eguaztenean. Hala ere, herrietan oraindik jarriko dituzten mahaietan bete daiteke giza katerako txartela, eta domekan bertan ere bai, ibilbidean: kilometro bakoitzean egongo da horretarako postu bat. Antolatzaileek "oso garrantzitsu" jotzen dute jendea izena emanda joatea: "Inorentzat ez dadila, baina, ez joateko arrazoi izan izena eman beharra".

Autobusak aurrez aurre

10:00etarako iritsiko dira kanpotik datozen autobusak; buelta horretarako –malgutasun apur batekin– behar lukete nor bere kilometroan ere Debagoieneko herrietako parte-hartzaileek. 09:00etarako Arrasaten, Kanpanzar mendate hasieran, egongo dira Leintz Gatzagatik, Eskoriatzatik eta Aretxabaletatik iritsiko diren lagunak, handik gora kalejiran abiatzeko dagokien kilometroraino –denek ibili beharko dute argi ibilgailuen zirkulazioarekin, eta hauek, adibidez, bereziki, aurrez aurre etorriko baitzaizkie Bizkaitik datozen autobusak–. Aipatutako herrietako beste batzuk zuzenean autobusez joango dira Sara jatetxe pareraino, eta Aretxabaletan 09:00etan plazan ere egin dute hitzordua, bizikletaz Arrasatera joateko.

Arrasatearrek, berriz, 10:00etarako egin dute zita: 21. kilometrora joan behar dutenak Muxibar inguruan bilduko dira; 22.ekoak Kondekuan; eta 23.ekoak Ferixalekuan. Oñatiarrak ere 10:00 alderako hasiko dira Arrasatera iristen, 24. kilometrora.


Bergaran 09:30ean jarri dute euren kilometrora abiatzeko ordua, Bideberrin eta plazan. Bi kalejiratan egingo dute bidea–autobusa egongo da nagusientzat eta haurrentzat–. Behin kilometrora iritsita, dagokien tartean banatu egingo dira bergararrak: Ola parean familien gunea egongo da, eta ipuin kontalaria eta haurrentzako jolasak izango dituzte giza katea antolatzen hasteko ordura arte; desguaze aurrean, berriz, perkusio doinuak entzun ahal izango dira, eta DJek jarritakoak gatz biltegian.

Bergaran bakarrik ez, dena den, ibilbide osoan, kilometro guztietan egongo da animazioa: txalapartariak, dantzariak, buruhandi eta erraldoiak... Antzuolan ere girorik ez da faltako, noski, eta egunari hasiera behar den moduan emateko, 10:00etarako egin dute hitzordua, San Blas ermitan, salda eta txorizoa hartzeko. Antzuolako lantaldetik jakinarazi dute giza katea amaitzean autobusa egongo dela Bergarako festara joateko.

Bergarakora ez, Etxarrikora joango dira, kasu horretan, aramaioarrak. Irurtzunen egokitu zaie kilometroa, eta bidaia luzeagoa egin behar izan arren, lau autobus bete dituzte: abiatzeko, 08:30ean kiroldegian jarri dute ordua.

Kontuz bide bazterretan

Sopela, Barakaldo, Muskiz... Bizkaiko hainbat herri eta eskualdetako lagunei tokatzen zaie, bertakoekin, Kanpanzar eta Deskarga arteko tartean egotea, baita Debabarreneko herrietakoei ere. Guztiek –eta baita Durango eta Iruñea arteko 123 kilometroak osatu arterako gainerakoak ere– irudikatuko duten giza katea errepidearen ezker aldetik joango da –salbuespenak salbu–. Bidea ez da itxita egongo giza katearen ordura arte, herri barruetako zenbait kaletan izan ezik.


BERGARAKO EGITARAUA

Plazan

14:00 Ekitaldia.
15:30 Kontzertua: Gose.
17:30 Kontzertua: Esne Beltza.

Bideberrin

16:00 Irrien Lagunak: aurretik eta ondoren, apar festa.
17:30 Herrixa dantzan erromeria.
19:30 Kontzertua: Emon.
*Puzgarriak egun osoan.

Zezen-plazan

18:00 Errekortadoreen Euskal Herriko Txapelketa.
*Catering-a egongo da Muniben; Bideberrin, berriz, ogitartekoak eta bakoitzak daramana jateko lekua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak