Onartu da Fagor Etxetresnen eta Edesaren behin betiko likidazio plana

Leire Kortabarria 2014ko eka. 4a, 13:11

Fagor Etxetresnetako langileak errektore kontseiluaren zain, iazko urrian.
Gaur goizean onartu du Pedro Malagón epaileak Fagor Etxetresnen eta Edesaren behin betiko likidazio plana, alegazioak aztertu eta gero. Hogei egunean ez bada errekurtsorik aurkezten, plana dagoenetan geratuko da. Aurrerantzean, interesa dutenek –Cevital, CNA eta beste batzuk– eskaintza zehatzak aurkeztu beharko dituzte.

Alegazio asko aurkeztu dira eta horietako batzuk ontzat eman ditu epaileak.

Behin betiko likidazio planean, besteak beste, salmenta bateratuak edo unitate produktiboka egindakoak "lehentasuna" izaten jarraituko du; atzera botatzen da SATa (laguntza tekniko zerbitzua) unitate produktibo independente izateko eskatzen zuen alegazioa; Edesarengatik eskaintzaren bat baldin badago, "likidazio planean berau adjudikatzeko autorizazioa eman dakioke, nahiz eta ez dagoen unitate produktibo gisa kontsideratuta", e.a.

Likidazio planean formula polinomiko bat zegoen, eta, horren arabera, lanpostu gehien sortzen zituen eskatzaileari puntuazio jakin bat ematen zitzaion. Orain, administrazio konkurtsalak formula hori zertxobait aldatzea onartu du, "enplegu bermea" kontuan hartuta. Ez du ontzat eman erosleari aparteko derrigorrezko indemnizazioa eskatzeko alegazioa –erosleak kontratuak egingo balitu eta gero kontratu horiek desegingo balira, alegazio batek indemnizazioa ordaintzeko eskatzen zion, eta epaileak ez du hori ontzat eman.

Gutxieneko langile kopururik ez da onartzen

Honakoa gogorarazten du epaileak: "Konkurtsoaren helburuetako bat enpresak edo unitate produktiboak eta lanpostuak aurrera jarraitzea da, baina lan-kontratuak ez ezereztetik abiatzen da hori; ezerezten badira, ezin daiteke esan lanpostu-jarraipena dagoenik, eta erosleen aldetik (...) lanpostuak sortzea Lege Konkurtsalaren helburuetatik kanpo gelditzen da".

Arrazoi horiengatik, epaileak ez du onartu langile kopuru minimo bat izateko inongo baldintzarik. Horrek ez du esan nahi azkenean ez denik hala izango, eskatzaileek Fagor Taldearekin negoziatu beharko dutelako marken erabilera, eta hor Fagor Taldeak enpleguaren aldeko irizpideak ipiniko dituelako, Goienari konfirmatu zion moduan.

Edozein unitate produktibo urgentziazko prozedimentutik saltzeko baimena ematen du administratzaileak.

Markak erabiltzeko eskubideari dagokionez, epailearen esanetan, eskubide horiek "zuzenean titularrarekin negoziatu beharko dira", baina konkurtso-administratzaileak ere esku hartu ahal izango du.

Azpimarratzen da likidazio planari ez dagokiola "dagoeneko aurkeztu diren eskaintzak baloratzea edo haien gaineko iritzirik ematea, eta are gutxiago haien aldaketen gainean ebaztea". Horrez gain, "nahiz eta planean ez den argi esaten, lehentasuna eman behar zaio langileak hartzea proposatzen duen eskaintza bati, balego".

Aurrerantzean, eskaintzak mahai gainean

Autoa notifikatzen den egunetik aurrera, legezko interesa duen eta hala egiaztatzen duen edozein hartzekodun edo pertsonak hamar egun ditu konkurtsoaren kalifikazio-sekzioan agertzeko. Gainerako interesatuek epaitegiko iragarki-taulan ediktua kaleratzen den egunetik hasita dituzte hamar egun.

Autoa inpugnatzeko eska daiteke Gipuzkoako Probintzia-Auzitegian apelazioa aurkeztuta.

Errekurtsoa idatziz aurkeztu behar da 20 laneguneko epean, notifikazioaren hurrengo egunetik hasita.

Aurrerantzean, Fagor Etxetresnak eta Edesa erosteko interesa dutenek eskaintza zehatzak aurkeztu behar dituzte, eta, markak erabiltzeko, Fagor Taldearekin negoziatu beharko dute.

Uztailean zehar bukatuta egon daiteke likidazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak