Iaz, laguntza programa horiek 311 enpresa eta 600 lanpostu sortzen lagundu zutela eta 29 milioiko inbertsio induzitua ekarri zutela esan du Foru Aldundiak. Lanpostu horietatik 156 Emekin programan sartu ziren emakumeendako izan ziren. Aurten, iaz baino %3 handiagoa da inbertsioa.
Enpresa-proiektu bat martxan jarri nahi duen edozein enpresari "laguntza osoa" ematea da neurriaren helburua. Negozioaren hasieran eta lehenengo urteetan, enpresa-sortzailea "babestuta sentitu dadin" nahi du Foru Aldundiak, eta "lasaitasuna" emango dioten "hainbat tresna" sortu du horretarako.
Zehazki, "ekosistema" sortu nahi da enpresa martxan jarri nahi duenarendako, informazioa eta laguntza emanez, tramite burokratikoak samurtuz, leku fisiko bat emanez eta aholkularitza espezifikoa eskainiz.
Teknologiak probatu ahal izango ditu jendeak
Halaber, Diputatuen Kontseiluak Smart Lab Gipuzkoa programa onartu du. Programak 500.000 euroko aurrekontua dauka eta Gipuzkoako informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloko enpresek egindako smart teknologien benetako erabilgarritasuna probatzea da helburua. Hainbat herritako bizilagunek teknologia horiek probatu ahal izango dituzte.
Berrikuntzarako, 180.000 euro
Era berean, foru gobernuak erabaki du 180.000 euroko kontu saila onartzea Gipuzkoa Berritzen elkartearentzat. Elkarte honek berrikuntza sustatzen du ekonomia eta gizarte alorrean, hainbat gairen inguruko hausnarketa taldeak antolatuz. Besteak beste, honelako gaiak lantzen dituzte: garapen estrategien diseinua, ekimenaren sustapena, enpresaritza etika, guztion onuraren ekonomia edo belaunaldien arteko erantzunkidetasuna.