Gizarteak jarri ezean, ez dago mugarik adimen urrikoentzat

Irati Goitia 2014ko eka. 5a, 12:00

2006an Italian izan ziren Aretxabaletako Aratzeko kideak.
Atzegi adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea da. 1960an sortu zen, senide talde baten eskutik. Adimen urriko pertsonen alde lan egiteko elkartu ziren, hain zuzen. Egun, 54 urte pasa eta gero, ildo beretik jarraitzen du lanean Atzegik.

Berdinaren babesa

"Senitartekoen eskubideak defendatzeko batu ziren familiak. Garai hartan, adibidez, adimen urrikoek ez zuten ikastetxeetan ikasteko aukerarik. Are gehiago, asko erdi ezkutatuta ere bizi ziren", zehaztu du Aloña Agirrek, Atzegiko Familiei Laguntza zerbitzuko teknikariak. Jokin Antxia aretxabaletarra Atzegiko kide da, eta hauxe dio: "Sorreran gauza gutxi egiten ziren. Familien arteko babeserako eratu zen elkartea, batez ere. Informazioa elkartrukatzeko, adibidez, gaian adituak ziren medikuen berri emateko bata besteari".

Bada, horixe izan da, hain zuzen, Atzegiren helburu nagusia sorreratik: adimen urritasuna duten senideei laguntza, informazioa eta orientazioa eskaintzea bizitzako hainbat unetan. Eta honelaxe azaldu du Agirrek: "Garrantzitsua da albistearen berri izaten dutenean, euren seme-alabak eskolan hasten direnean, lan mundura salto egiten dutenean, krisi momentuetan... babesa ematea".  

Mugak kentzen

Atzegiren beste helburuetako bat da gutxituen beharrak asetzea, eurei zuzendutako hainbat zerbitzuren bitartez. Esaterako: Txolarteak aisialdirako, etxebizitzak edo erresidentziak eguneroko bizitzarako, bidaiak oporraldietarako... "Daukagun programa oso zabala da", dio Agirrek. Izan ere, nahia da gutxituak gizarteko arlo ezberdinetan integratuta egotea, mugarik ez izatea. "Nik uste dut eurek joan behar dutela euren zirkulua handitzen. Normalean, jaiotzen direnean beraien zirkulua izaten da familia. Eskolara joaten direnean handitu egiten da zirkulu hori; ez gainerako umeena beste, baina pixka bat handitzen da. Gero, kirola egitera joaten direnean ere handitzen da. Azken batean, euren zirkulua handitzea da helburua. Egia da, baina, urritasun mailak ere ezberdinak direla eta batzuek beste batzuek baino gaitasun handiagoa dutela zirkulu hori egituratzeko", dio Antxiak. 

Helburu hori lortzeko, Atzegiren eskaintza zabala da eta asko dira adimen urritasuna dutenei zuzendutako programa, ekintza eta aukerak. Hala ere, eskaintza zabal hori poliki-poliki egituratu dela zehaztu du Antxiak. "Sorreran eskolari eman zitzaion izugarrizko garrantzia. Hala sortu zen San Migel patronatua eta eurendako eskola propioak egin ziren", azaldu du Antxiak. Gaineratu du ondoren, orain dela 30 urte inguru, lan mundua lantzen hasi zirela: "Tailer txiki batekin hasi zen guztia. Denborarekin, indarra hartu eta egun 2.000 lagun baino gehiago daude Gureak-en lanean". Ostean, etorri ziren baita erresidentzia arazoak ere. Izan ere, adimen urritasuna duten pertsonen bizi itxaropenak gora egin duela zehaztu du Antxiak, eta hala, egun, euren gurasoena gainditzen dutela. Horren ondorioz, asko gelditzen dira zaintzaile gabe. Horretarako sortu ziren erresidentziak edo babes fundazioa, hain zuzen. Bestalde, aisialdiari ere eman zitzaion garrantzia, eta Txolarteak sortu ziren. Eurendako txokoak dira, elkartu eta gustura egoteko tokiak. Kirol programak ere badaude; adibidez, igeriketa txapelketak egiten dituzte. "Egun egiten dituzte hainbat gauza orain dela 50 urte pentsatzea ere ezinezkoak zirenak", adierazi du Antxiak. 

Sentsibilizazioa 

Bestalde, Atzegiren beste helburuetako bat izan da gizarteak gero eta informazio gehiago izatea adimen urritasuna duten pertsonen inguruan. Hala, euren jarrera gero eta egokiagoa izan dadin haiekiko. Horrela, sentsibilizazio kanpainek berebiziko garrantzia dutela uste dute Agirrek eta Antxiak. Hain zuzen, Gipuzkoako eskualde bakoitzean horretara bideratzen diren lan-taldeak dituzte, senidez osatuak.  "Helburua da gizarteari gogoraraztea adimen urritasuna duten pertsonek guk ditugun eskubide berdinak dituztela. Eta bakoitza den bezala onartu behar dugula", esan du Agirrek.

Azken kanpainaren leloa, adibidez, Atzegin guztiok dugu gure papera. Aurkitu zurea! izan da. Hain zuzen, joan den zapatuan batzarra egin zuten bailarako Atzegiko kideek, euren artean paperak banatzeko. "Hiru paper oso txiki identifikatu genituen: kartelak jartzeaz arduratuko direnak izendatu genituen, aldizkaria herriko hainbat txokotara eramango dutenak zeintzuk izango diren erabaki eta Atzegitik etortzen zaigun informazioa osasun zentroetan eta eskoletan banatzeko ardura zehaztu", azaldu du Antxiak. Hauxe gaineratu du: "Gure elkartean askok paper oso handia dute eta horiei beste paper txiki bat eskatzea... Baina helburua da nork bere hondarra jartzea. Gipuzkoan 2.000 bazkide inguru gara, nork berea jarriz gero, ez dugu hondartza bat egingo, baina 2.000 ale izango dira". 

Fruituak

Bada, badirudi sentsibilizazio kanpainek izan dutela eragina. "Gipuzkoan oso jarrera onarekin aurkitzen gara; beti egon arren zer hobetu", aitortu du Agirrek. 

Elkartean izan diren moldaketak ere aipatzen ditu Antxiak aldaketa horren adierazle: "Elkartearen izena hasiera batean Gipuzkoako Subnormalen Elkartea zen. Pentsa, ze izen! Hori, dagoeneko, ez dago ondo ikusita. Ondorioz, aldatu eta gutxitu psikiko erabiltzen hasi ziren. Hori politikoki zuzena da, baina ez da erabat egokia. Eta hala, orain, adimen urritasuna dutenen aldeko elkartea da. Beraz, pentsa nondik hasita aldatu diren gauzak, bai elkartean eta baita gizartean". 

Biek ala biek familien lana goraipatu nahi izan dute. "Senideak dira lan egiten dutenak. Atzegi, azken batean, familien elkartea da", gaineratu du Agirrek.Argi dago familien lanak eman dituela bere fruituak, eta, gizarteak mugarik jarri ezean, adimen urritasuna dutenek ez dutela atzera egiten, goiko argazkiak ikusi besterik ez dago. 

----------

Ugari dira eskaintzak

Lan esparrua Lan esparru arruntera bideak irekitzeko programa, prestakuntza eta praktikak dituzte. Esaterako, Gureak-en tailerrak eta Pauso Berriak.

Atseden zerbitzua Senideei eguneroko elkarbizitzan laguntzeko, Atzegik zaintzen dizkiete euren senitartekoak egun batzuz, horren beharra izaten badute.

Aisialdi zerbitzua Bizi kalitatea hobetzea helburu duten aisialdiko hainbat programa daude; adibidez: egun libreko klubak, oporraldietarako aukerak eta Txolarteak. 

Etxebizitza aukerak Bizitza normalizatua izan dezaten, pisuak eskaintzen zaizkie monitore eta etxeko-andre baten laguntzarekin. Aretxabaletan dago pisu bat hamasei lagunentzako. Bergaran Uliaspik beste bat du gutxitu sakonentzat.

Babes fundazioa Gurasoak hiltzean, babesik gabe gelditzen badira adimen urrikoak, Atzegi arduratzen da gutxi horietaz.

---------

Ainhoa Calleja (kirol monitorea): "Kirolaren bidez harremanak sortzen dituzte, sozializatzeko balio die"

Aretxabaletako kiroldegian monitorea da Ainhoa Calleja eta adimen urritasuna duten pertsonekin dihardu lanean.

Asko al dira kirola egiten duten adimen urriko pertsonak gurean? Hemen, Aretxabaletan, igerilekura zortzi bat lagun etortzen dira. Bestalde, gimnasiora hamabi edo hamalau bat etortzen dira.

Komenigarria da eurentzat kirola egitea? Beraientzat sozializatzeko modua da. Berba eta jolas egiten dute euren artean. Talde bezala aritzea ere oso egokia dela deritzot. Gainera, beraietako batzuk eskola arruntetan sartzen ere hasi naiz, esaterako: xumban, spinning-en eta igeriketa hastapenean. Horrela, harremanak sortzen dituzte gainerakoekin ere. Bestalde, psikomotrizitatea lantzeko ere ondo etortzen zaie kirola, adibidez, luzatze ariketak egitea. Nire iritziz, oso garrantzitsua da kirola praktikatzea beraientzat.

----------

Aitzol Zaitegi (Gureak): "Lanak erabilgarri sentiarazten dituela esango nuke nik"

Arrasateko Gureak-en egiten du lan Aitor Zaitegik. Bertan 120 gutxitu inguru dabiltza lanean .

Zertan laguntzen die adimen urriko pertsonei tailerrean lan egiteak? Arlo pertsonala zein soziala garatzeko balio die. Egunero lanera joatea, eginbeharrak izatea, zeregin berriak ikastea, lankideekin erlazionatzea, erantzukizuna izatea... Horrek guztiak baliagarri sentiarazten ditu, beste guztioi bezala. Horretaz gain, gustura sentitzen direla ere uste dut.  Besatalde, soldata edo eskupeko bat ere jasotzen dute.

Zer da Arrasateko tailerrean egin behar izaten dutena? Gehienak muntaian aritzen dira lanean. Norberaren gaitasunen arabera, eginbehar ezberdinak izaten dituzte. Guk hemen autoen argietarako instalazio elektrikoak egiten ditugu, bolanteetako klaxona martxan jartzeko aparatua, JMAko giltzak paketetan sartzen ditugu edo Copreciko hainbat erreferentzia egin.

----------

Bidaian 2006an Italian izan ziren Aretxabaletako Aratzeko kideak. Egin zuten film laburra aurkeztera joan ziren bertara, eta, bide batez, bost egun eman zituzten bidaiatzen 50 lagun inguruk.

----------

Kirolean Euskadiko Igeriketa Txapelketa egiten dute Donostian, Atzegik antolatuta, urtero. 2010ean Aratz taldeko igerulariak dominaz beteta etorri ziren etxera.

----------

Aisialdia Txolarteak aisialdirako guneak dira. Argazkian Oñatikoa azaltzen da. Arrasaten eta Bergaran ere badaude. Normalean, eskualde bakoitzean bat izaten da.

----------

Bazkaria Bailarako Atzegiko kideek urtero egiten dute batzarra eta bazkaria. Aurtengoa joan den zapatuan egin zuten Eskoriatzan. Urtero bezala, izugarrizko giroa izan zuten bazkarian.

----------

Lanean Gureak-en Arrasateko tailerra da ezkerreko argazkian ikus daitekeena. 120 lagunek egiten dute bertan lan. Bestalde, Beñat Barrutia ikus dezakegu, Pauso Berriak programaren bidez GSR-Aretxabaletan praktikak egiten.

----------

Karmela Zubia: (Gureak-eko langilea): "22 urte damaratzat Arrasateko Gureak-en lanean. Lana beharrezkoa dugu eta gustura etortzen naiz. Tailerreko jendeaz ere harreman oso ona dut. Autoen argietarako kableak egiten ditugu".

----------

Iker Arejolaleiba (kirolaria): 

"Oso gustora etortzen naiz igerilekura. Astean hiru bider etortzen naiz. Domina ugari ditut. Aurten beste zortzi edo bederatzi lortu gura ditut. Spinning eta frontenis ere egiten ditut".

----------

Alex Elortondo (Txolarteko erabiltzailea): "Txorlartera gustora joaten naiz. Lagunekin egoteko toki ona da, afariak ere egiten ditugu. Telebista ere badagu Arrasateko lokalean. Normalean, zapatuetan joaten naiz bertara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak