1. Bigarren urtez Liga, Kopa eta Superkopa irabazi dituzue eta aurten, Euskadiko Kopa ere bai. Berekoiak ere bazarete apur bat...
Apur bat bai... Denboraldi hasieran helburu batzuk jarri genituen, eta horiek lortzeko, zortea izan dugu eta lan handia ere egin dugu, ondo egindako lana. Ez da erraza.
2. Irabazten badakizue, baita ospatzen ere.
Tituluak beti ospatu behar dira, bestela ez dira-eta tituluak. Errugbian esaten den moduan, hirugarren denbora aprobetxatu egin behar da, taldea egiten ere laguntzen du. Parrandarako prest gaude beti, giro oso ona daukagu.
3. Espainiako selekzioarekin hiru domina dituzu. Zer da domina bat irabaztearen onena?
Umeendako ezagunak garela; izan ere, garrantzitsua da emakumeen kirolean, gure kasuan eskubaloian, erreferenteak izatea, lor daitekeela erakustea.
4. Dominak Inoiz Euskal Herriko selekzioarekin lortzeko itxaropenik?
Bai, euskalduna izateaz oso harro nago eta lorpenak, Euskadirekin, Espainiarekin baino askoz bereziagoak dira. Baina momentuz gauzak dauden moduan daude.
5. Zenbat negar dago hainbeste lorpenen atzean?
Asko, baina poztasunak pisu handiagoa du: urtetan kirol profesionalean ibilita, gauzak lortzen dituzula ikusten duzu. Harro nago.
6. Espainiako selekzioko jokalariak gerlariak moduan zarete ezagunak. Ados goitizenarekin?
Bai: baloi eta egoera guztiak borrokatzen ditugu. Kantxetatik kanpo ere banaiz gerlaria: zerbait lortu, ikasi edo jakin gura badut, mugitzen naiz; jarraitzen ditut ametsak.
7. Dituzun tituluekin, gizona eta futbol jokalaria bazina...
Gauzak oso ezberdinak izango lirateke. Aurrerapausoak eman diren arren, ezberdintasunak handiak dira: soldatetan, hedabideen jarraipenean, gizartean bertan...
8. Zure ahizpa bikia ere, Patri, eskubaloi jokalaria izandakoa da. Pike asko egon dira etxean?
Ez; gurasoek txintxo-txintxo grabatzen gintuzten, bioi animatuz. Profesioanalak gara, eta partidua hastean ahaztu egiten duzu beste taldean ahizpa duzula.
9. Jaio Araban, bizi Donostian eta futbolean, Athleticzalea. Hori da hori nahasketa!
Bizkaiarekin mugan egonda, Amurrioko biztanle gehienak Athleticekoak dira. Lehengusu batek gainera, Bilbao Athleticen jokatu zuen. Baina horrek ez du esan nahi Realaren kontra nagoenik!
10. Pedagogia ikasi duzu, baina hedabideak ere gustuko ei dituzu.
Egunero nabil sare sozialetan, eta irratia eta telebista ere gustuko ditut. Prest nago ikasteko eta edozein arlotan lan egiteko, baina ikusiko dugu...