Igoera historikoaren testigu

Xabier Urtzelai 2014ko mai. 30a, 14:50

Eibarko lau jokalari ohi, eta egun jokatzen dabilen Aitor Arregi, fikziozko kromoetan.
Eibarren jokatu izan duten hainbat debagoiendarrek taldeak lortutakoaz berba egin dute.

"Hor barruan egon garenok badakigu zenbaterainoko meritua duen Eibar Lehen Mailara igotzeak, sekulakoa egin dute". Jon Urzelairen (1977) berbak dira, urtetan armaginen elastikoa jantzi zuen oñatiarrarenak. Atzeko lerroa zaintzea zen Urzelairen zeregina, eta gaur egun helburu bera du Aitor Arregi (1990) bergararrak: "Badakigu egin duguna historikoa dela, baina oraindik ez gara konturatu zer lortu dugun, urte batzuk barru jabetuko naiz horretaz".  

Eibar futbol taldeak 75 urte beteko ditu datorren denboraldian, eta urte hauetan guztietan bailarako lagun askok jokatu dute Eibarko lehen taldean. Ezin denak hona ekarri. Koldo Erostarbe eta Josu Etxaniz elgetarrak eta Asier Sanchez arrasatearra izan dira Eibarren jokatzen azkenak, eta horiei Aitor Arregi bergararrak hartu die lekukoa. Hala, momentu gogoangarri hau gertutik bizitzen dabiltzan bost lagun batu ditu Goienak; euretako lau gustura jarriko lirateke Arregiren lekuan.  

Lagun artean jokatzea

Hori da 2006/07 denboraldian Eibarrekin 2.A mailara igotzea lortu zuen Mikel Etxabek (Aretxabaleta, 1978) azpimarratu duena: "Normalean giro ona izan dut egon naizen futbol taldeetan, baina Eibarkoa berezia zen, lagun talde bat ginen". Eta hori berdegunean igarri egiten dela ondo daki Igor Arenazak (Aretxabaleta, 1974): "Oso oroitzapen onak ditut Eibarren. Zazpi urte egin nituen han, eta futbol jokalari moduan, eta pertsona moduan, hazi nintzen bertan". Denbora tarte txikiagoa egin zuen Aitor Lopez Rekartek (Arrasate, 1975), ibilbide profesionalaren azken txanpan hiru hilabete egin zituelako Eibarren: "Denbora tarte horretan ezin daiteke ondorio handirik atera, baina Realeko aldagelaren antza hartu nion, taldekideak baino gehiago, lagun talde bat ziren".

Gehiago edo gutxiago, baina guztiek mantentzen dute harremana Eibarrekin: "Futbol koordinatzailea naizelako harreman estua dut bertako jendeaz, baina gainera lagun asko ditut bertan, entrenatzailetik hasita", dio Arenazak. Gainera, egun, UDAko kirol zuzendariak Eibarko beteranoekin jokatzen du. Eta beste horrenbeste gertatzen da gainontzekoekin, aspaldiko ezagunak dituzte bertan, noski, entrenatzailetik hasita.

Gaizka Garitanoren lana

Bi urtez jarraian mailaz igotzeko zerbait berezia behar du taldeak, entrenatzailetik hasita. Arenazak eta Rekartek, esaterako, badakite Garitanoren ondoan jokatzea zer den: "Oso zorrotza da lanean, profesionala, baita futbol jokalaria zenean ere", dio Arenazak. Eta Urzelai bat dator horrekin: "Kanpotik zaila da halako denboraldi on baten gakoa non dagoen asmatzea. Jokalari onak dituzte, baina talde moduan jokatu dute. Eta horren erru handia Garitanorena da". Rekarte harantzago doa: "Ingurukook aspaldi ikusi genuen zein zen Garitanoren bokazioa. Nik uste dut arlo askotan besteok baino hainbat pauso aurrerago doala, oso garbi dauka zer nahi duen. Egin dutena pasada bat da, baina Gaizka hor egonda, ez nau harritzen".  

Eta, Lehen Mailan, zer?

"Astero-astero lehiakorrak izaten ahalegindu behar dute, talde moduan jokatu", garbi dauka Etxabek, "eta beste urte bat Lehen Mailan egiten badute, ostera ospatzeko modukoa izango da". Rekarterendako oraindik "zaila" da helburua zehaztea: "Izan ere, gehiengoak ez daki zer den Lehen Mailan jokatzea. Kirol-zuzendaritza arloan esperientzia duen jendea dago, entrenatzailea, Patxi Ferreira... Eta horiek jakingo dute proiektuari ze zentzu eman. Izan ere, futbol talde bat 22-25 jokalarik osatzen dute, baina hamaika lagunek bakarrik jokatzen dute. Eta, jokalariok beti uste dugu hamaikakoan egon beharko ginatekeela. Hala, helburu pertsonalak alde batera utzi, eta talde moduan pentsatzen jarraitu beharko dute".

Hori lortzeko kapaz da Garitano: "Jokalari bakoitzetik ahalik eta onena ateratzen, helburu ederra da hori; baina gainera, fitxaketa guztietan ondo asmatu beharko dute, eta margen txikia izango dute horretarako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak