2013ko aurrekontuko superabita lurraldeko ekonomia eta ongizatera bideratzea iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak orain hilabete. Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Foru Arau proiektu bat onartu du gaur, eguena, egindako bilkura berezian. Horren bidez, 15 milioi inbertitu nahi ditu Gipuzkoan enplegua eta ongizatea indartzeko. Foru arau proiektua Batzar Nagusietan tramitatuko da.
Egitasmo honek honako neurriak proposatzen ditu:
1.- Txartel bakarra: 2 milioi euro.
• Erabilera orokorreko bidaiarien garraio sistema hobetzea eragingo du.
• Lurraldebuseko hainbat linea hobetzeko balioko du.
2.- Gizarte Politika: 2,5 milioi
• Bidasoaldeko egoitzetan hamabost plaza berri adineko mendeko pertsonentzako (215.000 euro).
• Gizarteratzeko eguneko zentroekin jarraitzeko (110.750 euro).
• Lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen elkarteentzat (305.300 euro).
• Diru laguntza lerroa Gureak Lantegi Babestuentzat (300.000 euro).
• Katealegaiaren pertsona desgaituentzako enplegu zentro bereziari laguntza (300.000 euro).
• Kotizatu gabekoen pentsioak ordaintzeko: 1,27 milioi euro.
3.- Bide segurtasuna: 3 milioi euro.
• Errepide zati batzuetan hobekuntza orokorrak planteatuko dira, istripu gehien dauden tarteetan.
4.- Pasaiako biziberritzea: 1,5 milioi euro.
• Pasaiako biziberritzea. Pasaiako Udalak eta Aldundiak hitzartuta zituzten lanak aurreratuko dituzte.
5.- GI-20 eta N-1 errepideen efizientzia energetikoa hobetzeko 2,5 milioi euro
• Led teknologia erabiliko da. Aurreztuko den energia %30-40 bitartekoa izango da.
6.- 2014ko urtarrileko denboraleak egindako kaltea konpontzeko: 1.000.000 euro
7.- Zaintza teknologikoa: 0,5 milioi
• Zaintza teknologikorako eta informazio ekonomikorako zerbitzu publiko bat sortzea
• Lurraldeko enpresa txiki eta ertainentzat izango da: informazioa modu iraunkorrean kudeatuko du, efizientzia hobetzeko eta zenbait helburu lortzeko.
8.- Lan kontratu berriak sortzeko gai izango diren proiektuentzat, 0,5 milioi euroko partida. Ikuspegi berritzaile batetik abiatutako ekintzak izango dira onuradunak.
9.- Kultur industriak: 1,5 milioi euro
• Gipuzkoan garatutako produktuak ekoizteko edo merkatuan zabaltzeko proiektuetarako programa (200.000 euro)
• Gipuzkoan argitaratutako liburuak hedatu, merkaturatu eta banatzeko ekintzak garatzeko programa. (200.000 euro)
• Informazio orokorreko eguneroko prentsa eta trantsizio digitalerako laguntzeko programa (800.000 euro)
• Gipuzkoan garatutako ikus-entzunezko produkzioen garapena laguntzeko programa (300.000 euro)
Gipuzkoako Foru Aldundia Batzar Nagusietako talde guztiekin lehenbailehen jarriko da harremanetan foru arau proiektu honen inguruko xehetasunak azaltzeko, zalantzak argitzeko eta ekarpenak jasotzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak espero du "oposizioko alderdiek arduraz jokatuko dutela" eta "alderdikeriak albo batera utziko dituztela", Larraitz Ugartek esan duenez.