Mintza Eguna zapatuan izango da, Izarran

Miren Mujika 2014ko mai. 28a, 16:35

Izarrako mintzalagunek eta Euskaltzaleen Topaguneak Mintza Egunaren 9. edizioa antolatu dute maiatzaren 31rako. Ehunka mintzalagun eta euskaltzale elkartuko dira Izarran zapatuan.

Euskal Herri osoko mintzalagun, berbalagun zein mintzakideentzako, oporren aurreko jaia da Mintza Eguna; elkar ezagutzeko, gainontzekoen errealitatearen berri izateko, eta nola ez, mingainak eta gorputza astintzekoaukera paregabea. Urtero herri desberdin batean izaten da eta Mintzapraktika mugimenduaren tamaina ezagutzera emateaz gain, ikasturteari bukaera goxoa eskaintzen dio jaiak.

Biztanle gutxi (80 gutxi gora-behera) dituen herria den arren, astero 30 lagun elkartzen dira mintzalagun taldeetan, eta herriko bestelako egitasmoetan ere saretzen dira.

Egitaraua

  • 11:00etan: Ongi etorria eta hamaiketakoa plaza berrian.
  • 12:00etan: Beluntzako ur jauzietara mendi ibilaldia, edo jolas Mintzodromoa, aukeran.
  • 13:30ean: Mintza kalejira bertsolariekin.
  • 14:30ean: Bazkaria plaza berrian (Eguraldi txarra izanez gero bazkaria frontoian izango da)
  • 16:30ean: Mintzalagun taldeetan ahalegin berezia egiten duten zenbait kideri sari banaketa.
  • 17:30ean: Erromeria Parradust taldearekin.
  • 22:00etan: Kontzertuak gaztetxean.

Mintzapraktika egitasmoak

Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Gaur egun ia 5.600 mintzalagunetik gora daude Euskal Herri osoan, eta urterik urte gora egiten du izen emateak. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta Euskal Herri osoko 80 herri eta eskualdetan zabalduak daude.

Azken urteetan, bereziki indartu dira hirigune handietako egitasmoak (Donostialdea, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo inguruko eskualdeak). Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 95 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein mugimenduaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak