Gipuzkoako enpresa gehienen iritziz, atzeraldia bukatu da

Leire Kortabarria 2014ko mai. 28a, 13:37

Pello Gibelalde.
Gipuzkoako enpresen iritziz, atzeraldia bukatu da, Adegik gaur jakinarazi duenaren arabera. Ekonomiaren gainean Gipuzkoako enpresaburuei egiten dien urteroko inkestaren berri eman du gaur, eta hura da ondorioetako bat.

Adegiren inkestaren arabera, Gipuzkoako lau enpresatik hiruk uste du merkatua dagoeneko ez dagoela atzeraldian, eta, hamarretik zortziren arabera, ez da atzeraldian izango datozen hilabeteotan.

Salmentak gero eta gehiago hazten dabiltza; barruko merkatua bere onera etorri da eta atzerrikoa hobetu egin da. Hala, batez besteko fakturazioa %4,3 handitu da joan den hiruhilekotik oraingora. Bost enpresatik lauk fakturazio emaitzei eutsi edo haiek hobetu dituzte; bakarrik bostetik batek fakturatu du lehen baino gutxiago. Etxeko merkatuak nabarmen egin du hobera, Adegiren inkestaren arabera: ia enpresen %80k lortu dute aurreko salmentei eustea edo haiek hobetzea.

Eskari-zorroak dinamismo handiagoa izan du, eta %4,8 egin du gora aurreko hiruhilekokoarekin alderatuta. Enpresen %35ek esan dute eskari gehiago izan dituztela.

Ekoizpen gaitasuna ez da hainbeste hobetu, eta %78,5ekoa izan da.

Enpresen %80en iritziz, daukaten langile kopurua egokia edo eskasa da. Enpresen %16k baino gehiagok datozen hilabeteotan lantaldea handitzea espero du.

Finantzazioaren gaineko pertzepzioaz ere galdetu die Adegik enpresaburuei. Horren gainean, zirkulatzailerako kreditua lortzeko mugak dituzte oraindik, baina inbertsioaren kasuan, kredituak gora egin du.

Espainiako ekonomiarekin kezkatuta

Espainiaren ekonomiaren ahulezia da Gipuzkoako enpresaburuen kezka handiena oraindik ere; gero, laneko kostuak eta soldata-igoerak. Kezka horiek indarra galdu dute urtarrilaz geroztik.

Ekonomiaren gaineko datuak ere eman ditu Adegik: Gipuzkoaren BPG handitu egin da lehen hiruhilekoan, %0,1 besterik ez bada ere. Hiruhileko arteko hirugarren tasa positiboa da jarraian. Urtarriletik martxora, industria-jardueraren pisua %0,6 handitu da iazko hiruhileko berarekin alderatuta. Datu hori "hedapen fase berriaren eta aldi berean ahularen adibidea da", Adegiren esanetan. Esportazioek hobera egin dute: salgaietarako esportazioak %4 handitu dira iazko aldi beretik hona.
Erregistratutako langabezia -%2,3 murriztu da lehen hiruhilekoan, iaz lortutako mailaren azpitik. Gizarte Segurantzak %0,4 afiliatu gehiago izan ditu, hau da, 1.000 kotizatzaile berri inguru.

"Bide luzea dugu oraindik egiteko"

Datu on asko eman badira ere, Adegiko presidenteak, Pello Gibelaldek, hori dena kontuz hartzeko ohartarazi du: "Konfiantza, salmentak, eskaerak… hobetu egin dira, baina bide luzea dugu oraindik egiteko. Atzeralditik irteera ez da sendotu, eta zalantza geopolitiko eta makroekonomiko asko daude, egunero irakurtzen dugu komunikabideetan, eta argi dago enplegua bere onera ez datorren bitartean ezin izango dugula esan krisia atzean utzi dugunik".

Informazio hori emateaz gain, biharko Enpresaren Egunaren berri emateko aprobetxatu dute Adegiko buruek. Enpresa kultura berriaren gainean jardungo dute. Besteak beste, Alemaniako ETEen elkarteko presidentea, Mario Ohoven, izango da bertan, eta Alemaniaren kasuaren berri emango du. Gero, Fidel Delgado psikologo klinikoak enpresa-kultura berriaren gainean hitz egingo du. Bukatzeko, Enpresa Kultura Berriaren Adegi saria emango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak