Nazioartean arrakastatsu dabil Fagor Automation

Ane Elordi 2014ko mai. 26a, 13:19

Fagor Automation taldeak Txina, Alemania eta Ameriketako Estatu Batuetara zabaldu ditu bere egoitzak. Nazioarteko hedapena 2013 urtean finkatu zuen erakundeak, filial komertzialak eta kanpoko zerbitzua indartuta, negozioaren hainbat arlotan lidergoa mantenduta eta programa berritzaileetan parte-hartzea areagotuta.

Agerpen zuzena lortu dute 13 herrialdetan; azkena Txina izan da, bertan egindako aplikazio zentroaren bidez. Horrez gain, Alemania eta AEBetako ordezkaritzetan langile tekniko gehiago daude. Orotara 623 langile izatera ailegatu da egun Fagor Automation; horietako 233 nazioarteko lan taldekoak dira.

Produktuari dagokionez, Fagor taldearen zuzendaritzak eskaera sofistikatuago bati eman nahi dio erantzuna. Fagor 8060 kontrolaren industrializazioarekin, katalogoko eskaintza zabaltzen hasiko dira hilabete honetan bertan; aurrerakuntzak ekarriko ditu mekanizazio zentroetan eta zazpi ardatzeko tornuetan. Gainera, eskaintza aberastu egingo da mekanizatuen arloko zerbitzuekin: bost ardatz, abiadura handia eta makina konbinatuak. Eta neurketa arloan ere berrikuntzak izango dira.

Merkatuko azken joerak jarraitzeko eta taldeen zerbitzuak indartzeko, urteko irabazien %8 eta %10 bitartean Berrikuntza eta Garapenera bideratzen dute eta 94 teknologok lan egiten dute Gipuzkoako egoitzetan. Berrikuntzaren aldeko apustua egin dute; hori dela eta, egun dozena bat proiektutan dihardute lanean, besteak beste, Etortek, Etorgai eta Saiotek.

Fagor Automation taldearen arabera, beharrezkoa da ahalegina egitea Ikerkuntza, Garapena eta Berrikuntza arloan, merkatu kuota hobetu eta nazioarte mailan erreferente bilakatzeko. Teknologia optikoaren arloan, nazioartean gorengo mailan egotea lortu dute: AEBetako enpresa baten eskaria jaso dute, orain arte kooperatibak sortutako hornikuntza luzeena egiteko –48 metroko pieza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak