Zer egiten du eskualdeko Osasun Publikoko Koordinakundeak?
Gipuzkoako Osasun Publikoa 1990ean hasi zen eskualdeka antolatzen, eta lau eskualdetan banatzen da orain. Gipuzkoako Osasun Publikoko Zuzendaritzaordearen mende gaude gu. Orokorrean, jendearen osasunean eragina izan dezaketen jarduerak zaindu, prebenitu, babestu eta sustatzen ditugu. Babesaren eta prebentzioaren aldetik, batik bat ingurumen-osasunean eta elikadura-osasunean egiten dugu lan.
Azken urteotan, eguneroko bizitzan ohitura osasuntsuek duten alde onen berri ematen gabiltza, ohitura horiek bultzatzen.
Zergatik egin duzue Euskadi tabako-kerik gabe programa?
Osasunerako Mundu Erakundearen estrategia baten oinarrituta dago. Osasun Publikoko Zuzendaritza, Osakidetzarekin batera, tabakoa uzten laguntzeko eskaintza egiten dabil. Programaren helburuen artean, hauek daude: tabakoaren ohitura uzten laguntzea, tabakismoa prebenitzea eta erretzaileari laguntzea; eta, Osakidetzaren aldetik, kasu honetan Debagoieneko osasun zentroetan, Lehen Arretan dauden tratamendu-programen eskaintza hobetzea eta haietan sartzen laguntzea. Erretzeari utzi nahi dionak bere osasun zentrora deitu besterik ez du eta profesionalak gertuko eta doako programa baten berri emango dio.
Nola eroango da programa hori praktikara, eta zertan datza?
Gure iritziz, herria da lanerako egokiena; hortaz, hasieran, babesa eman zuten herri guztietako teknikari eta arduradun guztiekin harremanetan ipini ginen.
Bigarren aliatua Osakidetza da, jakina. Lehenengo unetik Debagoieneko ESIren babes osoa jaso genuen. Tabakismoaren gaineko pertsona erreferenteak izendatu dira eta eskualdeko Lehen Arretako zentro guztietan tabakoa uzten laguntzeko eskaintza aberats eta oso antzekoa ezarri da.
Tabakoa uzteko, bakarka edo taldeka, bost saio egiten dira, lehenengo laurak, astero, eta azkena, erretzeari utzi eta hilabetera. Dena dela, Osakidetzaren helburua ez da kanpainara mugatzea, etengabeko lana egitea baizik.
Osasun Publikoaren aldetik, norbanakoarendako eta gizartearendako, tabakorik gabeko bizimoduaren abantailak zabaltzen dihardugu, eta tabakoa uzteko Osakidetzak duen eskaintza ezagutarazten.
Ematen du dena esanda dagoela tabakismoaren gainean. Oraindik ere kontzientziazio beharra dago gizartean?
Orain urte asko moda kontua zena gero ohitura bihurtu zen, eta azkenean, osasunean eragina zuela ikusterakoan, kezkatu egin ginen. Gaur egun, adikzioa kontsideratzen da.
Ezaguna da tabakismoak hainbat minbizi motarekin duen lotura; baina garrantzitsua da ere jakinaraztea, modu isilago baten, patologia askorekin zerikusia duela eta bizi-itxaropena murrizten duela.
Adikzioak berak eta gizartean eta lantokietan (legez) erretzea gero eta okerrago ikusia dagoenez, erretzaile batzuek harreman-
arazoak eta arazo psikologikoak izaten dituzte.
Bestalde, erretzen ez duten gure ingurukoei egiten zaien kalteaz hitz egin behar da. Seme-alaben aurrean erretzen dugunean, etxean edo autoan –oso ohikoa dena–, haien osasunari zela eragiten diogun pentsatu behar dugu. Ez bakarrik osasunari kalte zuzenez, baizik eta transmititzen diegun ereduaz. Ohitura osasuntsuak transmititu behar ditugu, eta beti, beti, ohitura txarrengandik aldendu. Ezinezkoa? Ez. Zaila? Bai. Beharrezkoa? Beti.
Osasunari kalte egiteaz gain, bestelako kalterik badago?
Bai. Zenbait giza-sektoretan, erretzeko ohiturak kalte ekonomikoak egiten ditu. Arazo ekonomiko horiek osasun-arazoak eragiten dituzte, izan ere, lehentasunak erabiltzen dira tabakoa erosteko orduan, beste gastu garrantzitsuago baten aurretik, hala nola elikadura edo bizi-ohitura onak izatea.
Ze iruditzen zaizu gaur egungo tabakoaren aurkako legea? Helburuak betetzen dabil?
Ikerketek diotenez, tabakoa erregulatzeko arautegia egiteak beste edozein kanpaina edo ekintzak baino eragin handiagoa du tabakoa uzten dutenen portzentajeetan. Bestela esanda, legea argitaratze hutsak tabakoa jende gehiagok uztea eragiten du, ez bakarrik legea aplikatzen delako, baizik eta horren inguruan zabaltzen den informazioarengatik ere.
Legearen helburua tabako gutxiago kontsumitzea baldin bada, helburuaren zati bat dagoeneko betetzen da. Beste gauza bat da ea legea betetzearekin bat helburu horiek hobetzen diren, batez ere tabako-kerik gabeko leku publiko gehiago egoteari dagokionez.
Legea ez da beti betetzen; taberna batzuetan, ordu batetik aurrera, erre egiten da; frontoietan…
Argitaratu zenean, leku itxietan eta ostalaritzan ia guztiz bete zen legea. Harrigarria izan zen, egia esan. Orain ikusi dugunez, hasieran hainbeste betetzearen zergatia zigorraren beldurra zen, eta ez hainbeste tabakorik gabeko lekua hobea zen sinismena.
Zoritxarrez, gero eta sarriago ikusten da ostalaritzan, adibidez, establezimenduen jabeek erretzen uzten dutela. Jabeak diot, haien ardura delako erretzea debekatzea eta erretzailea salatzea. Erretzen uzten duten tabernen gaineko kexa asko jaso ditu Osakidetzak azken urtean.
Hala ere, bezero bati aurre egiteak dituen zailtasunez gain, nire iritziz, jabeek ez dute sentitzen administrazioak askorik babesten dituenik, ez dutelako kontrol garbi eta zehatzik ikusten. Bada ekintzari eusteko garaia, eta ez derrigorrez kontrol edo zigor ekintza; egoera ebaluatzen has gaitezke, ostalaritzaren arazoak zeintzuk diren jakin, kontzientziazio-lana egin, konpromisoak bilatu eta, azkenean, kontrol-neurriak ezarri. Sinistuta nago herriz herri ekinda denondako emaitza onak lor ditzakegula.
Ze beste osasun programa aurreikusten dituzue?
Tabakoaren gaineko programa martxan eta ikusgai edukitzeak lan handia eskatuko du. Gizartearen alor askotara eroango dugu, batez ere hezkuntza eta lan arloetara, eta, seguru asko, ikuspuntu desberdinekin.
Hezkuntzarekin lanean jarraituko dugu Kerik gabeko ikasgelak proiektuan. DBHko lehen zikloko ikasleengan tabakismoa prebenitu nahi dugu horrekin.
Jarduera fisikoari dagokionez, Jauste-tailerrak izenekoak ditugu. Nagusiendako eta haien zaintzaileendako dira. Lehenengoa Oñatin, irailean egiteko asmoa daukagu.
Bestalde, herrietan Bide Osasuntsuak programa martxan jarri eta dinamizatuko dugu. Oinez ibiltzea da sarrien egiten den ariketa fisikoa eta ariketa eragingarriena, eta hori egiteko herrietako bideak dira egokienak; harreman sozialerako lekuak ere badira.
Horrez gain, Eskola bideak programa martxan jarriko da; garrantzitsua da, ez bakarrik ariketa fisiko aldetik, baizik eta umeen autonomia indartzeko, haien arteko eta herriarekiko harremana, taldeko helburuak… eta hori dena oso garrantzitsua da umeen heziketan.