1. Kirolaria, abenturazalea, marinela... Zein da zure zakua?
Nabigatzailea naizela esango nuke: nabigazioak kirola, abentura eta pertsona hartzen ditu bere barruan.
2. Eta nork du horren errua?
Gurasoek: hiruzpalau urte nituela, Getarian ontzitxo bat erosi, eta itsasoa eta belan nabigatzea gure entretenimendu bihurtu ziren.
3. Antartikarako espedizioak urte erdi iraun zuen. Nolakoa da halako abentura bati ekin aurreko eguna?
Tamaina horretako espedizio bat prestatzeak ia urtebeteko lana dakar. Bezperan, dena eginda izan behar duzu: arnasa hartu, eta asko lan egin ostean nabigatzea besterik geratzen ez dela konturatzeko eguna da; Euskadin azken gauaz gozatu eta lasai itsasoratzekoa.
4. Eta zer da lurreratzean egiten duzun lehen gauza?
Gauza xumeak: bizi naizen lekuan buelta bat eman, lagunekin eta familiarekin egon, garagardo pare bat hartu, txuletoi bat jan... Eta igeri egin eta bizikletan ibili; itsasoan faltan botatzen ditut.
5. Zenbat du Gran Hermano-tik horrelako espedizio batek?
Telebistan kontatzen digutenari buelta ematen diogu: pertsonengan sinesten dugu, eta bakoitzaren onena ateratzen saiatu; urte erdi hau elkarbizitzaren adibide izan da. Egun, tripulaziokook, 25 lagun izaten segitzen dugu.
6. Itsas zabalean, egunak azkarrago ala motelago igarotzen dira?
Egunak oso luzeak dira, baina horrek ez du esan gura aspergarriak direnik: eguneko 24 orduetan dago zeregina.
7. Zein da Pakea Bizkaia belaontziko zure txoko gustukoena?
Ontzi denetan, lema dagoen gunea: hor sentitzen duzu gehien itsasontzia. Bizirik dagoen izakia da itsasontzia, ezagutu eta sentitu beharrekoa; lema dagoen tokitik nabari dira gehien sentipen horiek.
8. Itsaroarekin lotutako hezkuntza proiektuekin zabiltza egun. Zein da itsasoak irakatsi dizun lezio baliagarriena?
Itsasoa eskola bat da: umiltasuna, lana, erantzukizuna irakasten dizu. Enpatizatzen ikasten duzu, errespetatzen, zaintzen, maitatzen... Ez du mugarik. Itsasoan ibiltzeak dagokigun lekuan jartzen gaitu: ez gara ezertxo ere.
9. Ohikoa da gure kostaldean kutsadura ikustea. Aldatzen da hori ozeano erdian?
Zoritxarrez, egoera kostaldean bezain txarra da. Ozeano Barearen, esaterako, plastikozko kontinente bat dago: arrainek mikroplastikoa jaten dute, eta guk arrainak.
10. Hiru hilabeteko alaba ala belaontzia, zein da gobernatzeko errazagoa?
Antzerakoak dira: gauez esnatu behar zara, adi egon... Lanbideak laguntzen dit aita izaten.
----------
Makila magikoa baneuka: "Eskatuko nuke, Jose Mujicak esan bezala, denok gizateria moduan pentsatzea; arazo asko konponduko lirateke"