Ehunekotan begiratuta, %55,16a izan da abstentzioa. Orain dela bost urteko hauteskundeekin alderatuta, oraingoan debagoiendarren ia erdia joan da botoa ematera. Beraz, asteetan entzunarazi dizkiguten inkesten emaitzek esaten zutenaren kontrara bost puntutan jaitsi da abstentzioa Debagoienean (2009an %60,07). Leintz Gatzagada izan da salbuespena; lau puntutan handitu egin da-eta abstentzioa bertan.
Ezkertiarra eta abertzalea
Botoen "koloreari" begiratuz gero, berriz, ezkerrerako aukeraketa egin du beste behin Debagoienak Europarako.
Eskualdearen osotasunari begiratuta, EH Bilduk (Herriek erabaki) eskuratu ditu boto gehien, bigarren alderdiarekiko (EAJk defendatzen duen koalizioarena). Hona hemen datuak zenbakitan: EH Bilduk, 9.150 boto eskuratu ditu eta EAJk, berriz, 6.648. Aurreko hauteskundeekiko bi alderdiek izan dute gorakada; hori bai, bien artean EAJk izan du gorakadarik handiena: 623 boto gehiago.
Debagoieneko hiru herri handienei begiratuta, azpimarratzekoa da Oñatiren kasua, han EH Bildu nagusitu zaiolako alderdi jeltzaleari.
Arrasaten, berriz, EH Bildu gailendu arren, apurtxo bat jaitsi egin da emaitzetan, eta jeltzaleek, berriz, gora egin dute.
Azkenik, Bergaran, EH Bilduk irabazi du baina behera egin du 2009ko hauteskundeekiko (Iniziatiba Internazionalistak, EAk eta Aralarrek lortu zituzten botuak batuz gero). EAJk, aldiz, gora egin du apur bat, puntu eta erdi.
Podemos-en indarra
Edozein modutan, bada alderdi bat oso-oso indartsu sartu dela gure eskualdean: Pablo Iglesias (Complutenseko irakaslea) buru duen Podemos alderdia. Debagoienean PPren, Equoren eta UPDren aurretik geratu da Podemos, botoen %4,05arekin (917 boto). Beste datu deigarri bat: Arrasaten, adibidez, 319 boto eskuratu ditu, Ezker Anitza, UPD eta Equoren aurretik. Kontuan hartu behar da, gainera, estreinaldia duela.
PSOEren galera
Alderdi berri horrek batu dituen botoen gehiengoa Estatuan bipartidismoaren buruetako bat izan den PSOEri irabazi dizkiola irakur daiteke datuei begiratuta. Izan ere, Debagoienean 1.877 boto galdu ditu alderdi sozialistak.
2014
Errolda: 51.809
Abstentzioa: 28.582 (%55,16)
- EH Bildu: 9.150 (%40,49)
- EAJ: 6.648 (%29,42)
- PSOE: 2.194 (%9,71)
- Ezker Anitza-Iratzarri-EKI: 1.146 (%5,07)
- Podemos: 917 (%4,05)
- PP: 851 (%3,76)
- UPD: 316 (%1,39)
- Equo: 241 (%XX)
2009
Errolda: 51.451
Abstentzioa: 30.611 (%60,07)
- EH Bildu: 8.566 (%47,51)
- EAJ: 6.025 (%28,91)
- PSOE: 4.071 (%19,53)
- PP: 1.306 (%6,26)
- Ezker Batua-Berdeak: 348 (%1,14)
- UPD: 80 (%0,16)
Oharrak:
- 2009an EH Bildu kolaizioa ez zen aurkeztu, hortaz, 2009ko datua kalkulatu dugu Iniziatiba Internazionalistaren (ezker abertzaleak botoa haiei ematea eskatu zuen), Aralarren eta EAren botoekin (batera aurkeztu ziren). Alternatibak, eskatu zuen botoa Izquierda Anticapitalista-Revolta Globalentzat.
- 2009an Ezker Batua eta Berdeak batera aurkeztu ziren; oraingoan, Ezker-Anitza-IUk eta Iratzarri-EKIk osatu dute koalizioa.
- 2011n sortu zen Equo alderdia.