Arantza Santesteban: "Genero kontuetan mentalitatea irauli behar da"

Eneko Azkarate 2014ko mai. 23a, 08:44
Emakumeen eskubideen alde lanean dihardu Arantza Santestebanek. Arrasateko Emakume Txokoak gonbidatuta, emakumeek hedabideetan duten islaz, irudiaz eta emakume komunikatzaileez jardun du Idurre Eskisabel kazetariarekin batera.

Emakumeak ezberdin komunikatzen, idazten, esaten… dute hedabideetan?

Jakina, emakumezko eta gizonezko kazetariak badaude, baina, horrez gain, izan daitezke profesional onak edo txarrak. Kazetaritza ona edo txarra egingo duzu, zure prestakuntza, balio edo jardueraren arabera. Gizonezkoek eta emakumezkook hezkuntza ezberdina jasotzen dugu, nahiz eta hezkuntza sistema berean jardun, elkarrekin. Gertatzen da emakumeok hezten gaituztela emakume izateko eta gizonezkoak gizon izateko. Mundua ikusteko posizio ezberdinetik, mundua bera era ezberdinez interpretatzen dugu gizonezkoek eta emakumezkook. Jendarte sexista honetan hezi gaituzten moduagatik, ezberdintasunak igartzen dira sexuaren arabera.

Komunikatzailea zara, hedabideetan jarduten duzu. Gai ezberdinak aukeratzen dira eta gai horiek modu ezberdinez lantzen ditu emakume batek, emakume izatearren?

Zutabegile moduan hasi nintzenean ez nion askorik erreparatu emakume izateak izan dezakeen garrantziari, baina, gerora, konturatu naiz baduela garrantzia. Askotan, gaiak aukeratzeko orduan, zentsuratu egin dut nire burua: generoaren gaia askotan aukeratzen badut arduratu egiten naiz, ez dudalako espezializatu nahi emakume edo feminista izanagatik, emakume gaietan. Zoritxarrez, konturatu nahiz generoaz edo emakumeez gehiegi hitz egiten duzunean joera dagoela sailkatzeko eta zeu egiteko gai horretan aditu. Gai askoren gainean idazten dut, baina generoaren gaia sarri aipatzeak horretan aditu bihurtu nau. Hitz egin arren politikaz, edo politika egiteko modu berriez edo beste gako edo gai batzuen gainean… Ez dut neure burua sailkatu nahi, eta horregatik zentsuratzen dut neure burua, eremu jakin batera zokoratua ez izateko. Nire kasuan, era inkontzientean izan arren, badu garrantzia emakume izateak.

Beste zutabegile edo kazetari emakumeekin berba egiten duzunean sintonia berean antzematen dituzu?

Bai, sentsazio berbera da. Begirada oso entrenatua daukagu eta iruditzen zaigu gai orokorrak bihurtzen direla intereseko gaiak; hau da, politika, ekonomia…, goi-goian dauden gaiak direla. Horretaz aritzea da normal idaztea eta horretaz idazten aritzen dira jeneralean gizonezkoak, eta araua edo normala dena bihurtzen da batez ere gizonezkoen gune edo haiek ordezkatzen dutena. Uste dut emakumeok badugula dohain bat: azterketa objektibo bat eginda, emaitza da gizonezkoak idazten dutela politika edo ekonomiaz eta emakumeok hitz egiten dugula zabaltasun handiagoz, politikaz, ekonomiaz, etxebizitzaz bai, baina baita espazio pribatuari dagokien gaiez ere, amatasunaz edo harreman afektiboez…; beste kezka batzuez. Katalogo handiagoa daukagu eskaintzeko emakumeok, idazteko aukeratzen ditugun gaiei dagokienez.

Zelan tratatzen da emakumea hedabideetan?

Azken urteetan saiakera handia egiten ari da genero ikuspegi orekatua emateko hedabideetan. Euskal hedabideetan, bereziki, lan handia egin da, oraindik egiteko asko geratzen den arren. Ikuspegi berria txertatzea, kodigoa, mentalitatea, aldatzea da kontua eta horrek denbora behar du. Geroago eta kezka handiagoa dago kontu honekiko eta baita bitartekoak ere, hedabideek informazioa egoki eman dezaten. Goienaren kasuan, egunotan ibili naiz gaia profesionalekin jorratzen eta ardura eta interes handia dago profesionalen aldetik haien lana egoki egiteko. Oso gustura aritu naiz Goienakoekin. Eta ondo egitea da biztanleriaren erdia garen emakumeon errealitatea, kosmobisioa, eguneroko jardunean sartzea. Halere, kulturalki barneratuta daukagu hainbat rol eta estereotipo eta, askotan, gauzak ondo egiten saiatu arren, zaila da gako egokiekin jardutea. Emakumezkoena edo gizonezkoena, berez, dena gainditzen saiatzea da kontua. Mentalitatea iraultzea da kontua.

Ze garrantzi daukate hitzek eta hizkuntzak berak generoaren trataeran?

Handia. Hizkuntza eta hitza dira, askotan, daukagun mundu ikuskeraren ondorioa. Mundua zelan ikusten dudan, hitzen bidez adierazten dut gehienetan. Objektibitatea ez da existitzen, bakoitzak munduaren ikuskera partikularra duelako. Baina neurri batzuk aplikatuz, eta horretarako daude hedabideetan eta komunikazioan adituak diren feministak, ari dira neurri batzuk planteatzen hizkuntzaren gainean. Hori aplikatuz gero, egokiago kontatuko ditugu gauzak hitzen bitartez.

Hedabideetako estilo liburuak aztertu dituzu generoaren aldetik. Garatuta daukate atal hau hedabideek?

Aztertu ditut hainbat hedabidetako estilo liburuak eta baita hainbat eragile edo elkartek egiten dituzten gomendioak. Estilo liburuei dagokienez, Berria-k edota Argia-k nahiko aurreratuak dituzte lan horiek. Beste batzuek neurri batzuk sartuta dituzte beren ohiko estilo liburuetan. Gero eta zalantza eta ardura handiagoa dago kontu honekiko hedabideetan, eta, horregatik, batzuek nahiko aurreratuta dute gaia; beste batzuk bidean daude. Estatu Espainolean eta Latinomerikan egin direnak ere aztertu ditut. Katalunian lan handia egin dute hedabideetan genero trataera egokia bermatzeko. Horretarako behatoki berezia ere badute. Ekoizten dena ikertu, aztertu eta aholkularitza eskaintzen dute.

Aintzat hartzen dituzte arau edo jokabide horiek?

Nabaritzen hasi da. Praktika egokiak badaude. Baina arriskua dago: hedabideetan hutsunea badago gai honen gainean, eta, kezka horretatik abiatuta, momentuzko neurriek ez dute bermatzen generoaren trataera egokia ematea hedabideetan. Aldaketa sakona da eta jarraipena eta ebaluazioa egitea komeni da. Prozesu bezala hartzea. Genero trataera egokia ez da emakumeen gainean txukun berba egitea bakarrik...

Gazteen edo txikiagoen artean antzematen da matxismoa ala igartzen da beste jarrera bat?

Duela hamarkada batzuetako egoera berdintsuan bizi garela ematen du. Informazio eta bitarteko gehiago daukagu eta kontzienteago gara. Baina berdintasun formal horren atzean, egiturazko funtzionamenduak daude indartzen dutena emakumezkoen gauzak eta papera eta gizonezkoen gauzak eta papera. Uste dut emakume izatearen eta gizon izatearen inguruko geroago eta presio handiagoa dagoela. Nerabeen artean, bi izateko modu hauek indartzen ari dira, biak kontrajarriak izango balira bezala. Modu alternatiboak irudikatzeko geroago eta zailtasun handiagoak daude. Horregatik dauzkagu horren emakume eta gizonezko markatuak, biko muturrak indartzen doaz eta hedabideek konpromisoa hartu behar dute azaleratzeko askatasuna eraikitzen dela izateko modu ezberdinekin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak