Fagor Taldeak bi alegazio aurkeztu dizkio Fagor Etxetresnen eta Edesaren likidazio planari. Fagor Taldea da Fagor eta Aspes marken jabea, eta, inbertitzaileek marka horiek erabili nahi dituztenez, konkurtso-prozesuan gertatzen denaz gain, Fagor Taldearekin negoziatu beharko dute. Negoziazio horretan, Fagor Taldeak bere irizpideak ipiniko ditu mahai gainean, eta enpleguaren aldekoak dira horiek. Horixe azpimarratu diote Goienari Fagorreko iturriek.
Debagoienean gutxieneko lanpostu kopuru batzuk eskatuko ditu Fagor Taldeak. Hain zuzen, Eskoriatzako lantegian, gutxienez berrogeitamar lanpostu sortzeko eskatuko du; Garagartzan, egosketa arloan, gutxienez berrehun; eta Geyserren, gutxienez ehun lanpostu.
Gutxieneko horietatik gorako lanpostuak sortuko balira, Fagor Taldea gertu egongo litzateke Fagor eta Aspes marken gainean eskatuko dituen royaltyak txikitzeko; hau da, marka horiek erabiltzearen truke eskatuko lukeen ordainketa txikitzeko. Eta lanpostu horien bikoitza sortuko balitz, royaltyei uko egiteko gertu azaldu da Fagor Taldea.
Bazkideak zein soldatapekoak kontratatzeari, balio bera
Bestalde, Likidazio plan horretan enplegu mota baloratzeko modua aldatzeko ere eskatu du Fagor Taldeak, bazkideak kontratatzeari balio handiagoa emateko. Oraingo likidazio planak puntuazio bat ematen dio soldatapeko langile gehien kontratatuko lituzkeen enpresari, eta puntuazio txikiagoa, bazkide gehien kontratatuko lituzkeenari. Fagorreko iturriek esan dutenez, ez da bidezko ikusten soldatapeko langileek kooperatiba sortu eta hari eutsi dioten bazkideek baino puntuazio handiagoa izatea, eta puntuazioa berdintzeko eskatu du Fagor Taldeak.
Inbertitzaileendako oso garrantzitsua da Fagor eta Aspes markak erabili ahal izatea, eta marka horien jabe izateak ematen dion indarra enplegua sortzen laguntzeko erabili nahi du Fagor Taldeak.
Pedro Malagon epaileak laster egingo du alegazioen gaineko epaia, eta behin betiko likidazio plana onartuko du. Epai hori aste honen bukaerarako edo datorren aste hasierarako espero da.