Eustat-en arabera, Euskadiko 20 eskualdeetatik 17k bilakaera negatiboa izan zuten erauzketaren eta manufakturaren industriako enpleguari dagokionez. Enkarterrik (+%5,6), Goierrik (+%1,6) eta Aiaraldeak (+%0,2) bakarrik izan zuten bilakaera positiboa 2011ko datuen aldean.
Euskadiko erauzketaren eta manufakturaren industriak %6 gutxiago saldu zuen 2012an, 2011ko datuen aldean. Lurraldeka, Bizkaia izan da bilakaera txarrena izan duena (%7,7); jarraian, Arabak (%7), eta, azkenik, Gipuzkoak (%2,8). Debagoienaren kasuan, salmentak %1,2 murriztu ziren; Gipuzkoako murrizketarik txikiena, baina Goierriren bilakaera positibotik urruti. Gipuzkoan, Bidasoa Beherean jaitsi dira salmentak gehien (%11,9).
Araban, eskualde batek soilik izan du hazkunde-tasa positiboa; Aiaraldeak, hain zuzen (%0,2). Bestalde, Gorbeialdeko eta Arabako Mendialdeko salmenten beherakadak nabarmenak izan dira, %16,7 eta %16,3 jaitsi baitira, hurrenez hurren. Arabako Lautadako salmentak lurralde historikoaren %64 dira, eta eskualde horretan %8,5 jaitsi dira salmentak.
Bizkaian, %7,7 jaitsi dira salmentak. Lurralde historiko horretan, eskualde bakar batek izan du hazkunde-tasa positiboa: Enkarterrik %5,6ko hazkundea izan du. Nabarmentzekoa da Gernika-Bermeoko jaitsiera handia, 2011ko datuekin alderatuz, –%34,5eko tasa izan baitu.
20 eskualdetik 19k, enplegu datu negatiboa
Baliatutako langileen kopuruak ere ez du oso bilakaera positiboa izan, hogei eskualdeetatik hemeretzik datu negatiboak baitituzte tasetan. Autonomia Erkidegoan, jaitsiera %4,9 izan da batez beste, eta jokaera homogeneo samarra izan da lurraldeka: Bizkaiko jaitsiera izan da nabarmenena (–%5,3), Arabaren (–%4,9) eta Gipuzkoaren (–%4,4) aldean.
Araban, Arabar Errioxan bakarrik egon zen langile gehiago 2012an aurreko urtean baino (+%1). Daukan garrantzi erlatiboagatik, nabarmentzekoa da Arabako Lautadako enpleguan izandako jaitsiera (–%6,6), eskualde horretan sektore hauetako langileen %61 biltzen baita.
Bizkaian, eskualde guztietan jaitsi da langileen kopurua. Lurralde horretan, Gernika-Bermeo eskualdeko bilakaera negatiboa gailentzen da, %11,8ko jaitsierarekin. Tasa negatiboetan arinena izan duen eskualdea Enkarterria da (–%0,6).
Gipuzkoako egoera Bizkaiak duenaren antzekoa da, enpleguaren bilakaera negatiboa izan baita eskualde guztietan. Bidasoa Behereako eskualdea izan da lanpostu gehien galdu dituena (% 7,2), eta Debagoiena, lanpostu gutxien galdu dituena.