Debagoieneko Ospitalea, erditze naturalean aitzindaria

Leire Kortabarria 2014ko mai. 22a, 12:00
Agurne Kortabarria emagina, ospitaleko erditze-gela baten.
Gero eta emakume –eta ginekologo eta emagin– gehiagok nahi dute erditze naturala. Horretan, Debagoieneko Ospitalea eredua izan da Euskadiko osasun sare publikoan, beste edozein ospitalek baino lehenago aldatu zuelako erditzeak kudeatzeko modua, "gogoeta sakon" baten ondorioz, bertako Ginekologiako buru Jose Ramon Serranok dioenez.

Pixkana-pixkana, sareko beste ospitaleek adibideari jarraitu diote; baina gaur egun, oraindik ere, Debagoieneko Ospitalean erditzen duten emakumeen %20 Debagoienetik kanpokoak dira, Debagoieneko Ospitalean erditu gura izaten dutenak, hain zuzen ere. Kanpoko erabiltzaile horiengatik, Debagoieneko Ospitalea da 2012tik 2013ra erditze gehiago izan dituen euskal ospitale publiko bakarra.

Ospitaleko ginekologoek eta emaginek gogoeta hori egin zutenetik, han erditzeko moduak ez du inongo zerikusirik orain ez hainbestera arte egiten ziren erditzeekin: orain, Serranok dioen moduan, Debagoieneko Ospitalera erditzeko fase aktiboan doan edozein emakumek "definizioz, erditze naturala egiten du". 

Baina zer da modu naturalean erditzea? Batzuek epiduralik gabe erditzea dela diote; beste batzuek uretan erditzearekin lotzen dute, eta badaude etxean, inongo medikuren eta teknologiaren parte-hartzerik gabe erditzea dela esaten dutenak.

Jose Ramon Serranok kontzeptua argitzen digu: "Guretako, erditze naturala erditze fisiologikoa da, modu naturalean aurrera doana. Emakumeak aurrez bere burua gertatu du eta emaginaren laguntasun kualifikatua du; emagina berarekin dago, baina bakarrik behar denean parte hartzen du". 

Horren barruan, eta Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen duenarekin bat, emakumea erditze-gelan dago, ohiko ohe baten (mediku-tresneria duena), eta eroso mugitzen da; Pilates pilota erabil dezake, zutitu, makurtu… Ohiko erditze-postura –bizkarrean etzanda, hankak estribuetan, medikuek erditzean eragin ahal izateko– bakarrik premiazkoa denean erabiltzen da; une horietarako, ohea erditze-mahai bihurtzen da, erditze instrumentala egiteko.

Debagoieneko Ospitalea izan zen ere Erditze Plana eskaintzen aitzindaria. Bertan, emakumeak nola erditu gura duen zehazten du: ze erabili gura duen, ze hartu gura duen… Adibidez, oxitozina hartu gura duen (erditzea eragiteko edo azkarrago joateko hormona), epidurala gura duen, bainuontzian dilatatu gura duen… eta bestelako aukera batzuk.

Mina arintzeko modu asko 

Iaz 567 erditze izan ziren Debagoieneko Ospitalean: eutozikoak (normalak), %93; eta emakume gehienek (%79) epidurala eskatu zuten. Erditze instrumentala izan zuten %18k, eta zesarea, %16k. Kontraesana? Ez, Serranoren arabera: "Erditzeak berez egiten du aurrera. Emakumeak laguntasuna behar badu, eman egiten zaio, baina berari esaten zaio; berak ere parte hartzen du". Baina dagoeneko emakumea ez dago ebakuntza-gela baten, medikuek umea ateratzeko; medikuak beharra dagoenean bakarrik etortzen dira: "Edozein gorabehera dagoela, ginekologoari deitzen zaio, eta berak erabakitzen du zer egin; adibidez, bihotzaren taupadetan gorabeheraren bat ikusten bada. Gero, ginekologoa joan egiten da eta berriz erditze naturala da".

Epiduralaren gainean, hauxe dio: "Lehen, emakume guztiek zuten argi epidurala hartuko zutela; gaur egun, beste jarrera batzuk daude, eta emakumeak nahi izaten du erditzean ahalik eta interbentzio txikiena izatea, baina bakoitzak daki zenbateko mina har dezakeen". Debagoieneko Ospitaleak askotariko tresnak eta teknikak eskaintzen ditu minari aurre egiteko: Pilateseko pilotak, sabaitik zintzilik dauden sokak edo lianak, posturak… eta oxido nitrosoa arnasteko aukera; hori erabiltzen duen Euskadiko lehenengo ospitalea izan da. Horrez gain, bainuontzi bereziak daude bertan dilatatzeko. Horiek erabili arren, "emakumeak erabaki dezake epidurala nahi duela, eta edozein dilatazio-mailatan egonda ere, ipini egiten zaio".

Epidurala gomendatzen ez denean ere –laster erditu behar duenean, adibidez– "erabakia emakumearena" dela azpimarratzen du ginekologo buruak. 

Halako baten zesarea egin behar bada, jakina, egin egiten da. Euskadin, eta baita Debagoieneko Ospitalean ere, beste erkidegoetan baino zesarea gutxiago egiten dira, Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatzen duenarekin bat. Iaz, Debagoienean erditzeen %16tan erabili zen, eta Euskadiren batez bestekoa %15 baino txikiagoa da. Hego Euskal Herria eta Espainia batera hartuta, batez bestekoa %20 ingurukoa da.

Beste gauza bat programatutako erditzeak dira: haurdunaldiak 42 aste hartu dituenean, umearendako arriskua egon daiteke eta erditzea eragin egiten da, baina pixkana-pixkana, ahalik eta naturalena izan dadin.

Etxean erditzea bai ez dela gomendatzen, Serranok dioskun moduan: "Gure pazienteen segurtasunaren erantzuleak gara. Etxean erditzen denean, segurtasun baldintza eskasak daude, eta frogatuta dago umea hiltzeko arriskua bi edo hiru aldiz handiagoa dela". 

Instalazio onak, tratu ona 

Debabarreneko, Bizkaiko… emakume askok Debagoieneko Ospitalea aukeratzen dute umea izateko. Bertako instalazio modernoez eta erditze naturalerako egokitutakoez gain, Agurne Kortabarria emagin koordinatzailearen esanetan, ospitaleko tratua baloratzen dute emakume horiek: "Hemen beti oso ondo tratatu ditugu emakumeak, eta asko lagundu izan diegu beti erditze normalak, naturalak egiten". Instalazioak erakusten dizkiote emakumeari eta erditze-gela atsegin baten egoten da, kolore alaiekin, berak gura duen musikarekin eta, kasuan kasu, berak aukeratzen duen pertsonarekin; erditzen duenean, berak egindako Erditze Plana jarraitzen da ahalik eta gehien.

Hitz gutxitan esanda, emakumeak berreskuratu egin du erditzearen protagonismoa. Jakinekoa dirudien arren, badirudi ahaztuta geratu zela egia hau: erditu, emakumeak erditzen du, ez medikuak, ezta emaginak ere.

----------

Izaro Elortza: "Oso oroitzapen politak ditut"

Izaro Elortza oñatiarrak argi zeukan: ahal zela, anestesiarik gabe erditu gura zuen: "Prestakuntza jaso nuenean erabaki nuen, ahal zela, ez nuela hartuko, baina atea zabalik utzi nion, momentuan beharra ikusten banuen, hartzeko".

Azkenean, berak gura bezala irten zen dena, eta erditze natural ezin hobea izan zuen: "Azkarra izan zen. Alize ondo jaio zen, eta neu ere oso ondo etorri nintzen nire onera". Minari aurre egiteko, bereziki postura ona hartzeak lagundu zion, eta bikotekidearen eta emaginaren laguntza ere izan zituen une guztietan.

Debagoieneko Ospitalea "erditze naturalerako oso ondo gertatuta" dagoela dio Izarok; zentro pribatu bat ere bisitatu zuen, baina "ez zegoen erditze naturalerako hain ondo gertatuta". 

Oro har, oso esperientzia ona izan zela eta "oso oroitzapen politak" dituela diosku Izarok. "Hurrengoa ere horrela izan dadin gurako nuke!", gaineratzen du.

----------

Ospitaleko erditze zerbitzua

Azpiegitura fisikoa

 Esplorazio eta kontsulta gela bat.

 Hiru erabiltzailerendako kontrol-gela bat.

 Langileendako kontrol bat.

 Hiru erditze-gela.

 Dilatazio-bainuontzi bat duen gela; bi erditze-gelatik sar daiteke bertara.

 Hirugarren erditze-gelan integratutako erditze-bainuontzia.

 

Ekipamendua

 Erditze-gela bakoitzean erabilera askotako erditze-ohea dago.

 Erditzeetan bihotza kontrolatzeko sei monitore. Umearen bihotz-taupadak eta, bestetik, uteroaren kontrakzioak kontrolatzeko balio dute.

 Ekografoa.

 Jaioberria biziberritzeko ekipoa eta kuma termikoa. 

 Arnas-gelditzeetarako karroa.

 Pilotak, dilatatzeko.

 Erditze-jesarlekua.

 Gela bakoitzean, bainugela.

 Koltxonetak.

 Lianak.

 Telemetria zerbitzua. 

 Oxido nitrosoa (anestesia).

 

Langileak

 Zortzi ginekologo.

 Bederatzi emagin.

 Ebakuntza zerbitzuan ere badabiltzan bederatzi laguntzaile.

 

Arduradunak

 Jose Ramon Serrano ginekologo burua.

 Agurne Kortabarria emagina, gainbegiralea.

 

Erditze zerbitzura joateko

 Larrialdi Zerbitzutik sartzen bada, Erditze Zerbitzura eroango dute.

 Kanpo Kontsultetatik programatutako sarrera, 39. astetik.

 Debagoienetik kanpokoak: hitzordu bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak