Mari Carmen Lazkano: "Industrialdeetan interesa agertzen duten dei askotxo jasotzen ditugu orain; lehen, bat ere ez"

Leire Kortabarria 2014ko mai. 21a, 12:00
Mari Carmen Lazkano, Aretxabaletako bulegoan.
Mari Carmen Lazkano (Eibar, 1969) da Deba Bailarako Industrialdea, SAko gerentea. Ekonomia Zientzietan lizentziaduna da eta 1995a ezkero Debabarreneko Industrialdea zenean jardun izan du Finantza teknikari lanetan. Orain arte profil politikoko gerenteak izan ditu Industrialdeak. Kargurako berarekin pentsatu izana orain arte egindako lanaren onespen eta saritzat hartu du berak. Onartu digunez, "askotariko lanak" egin behar ditu aurrerantzean. Gauzak "ondo egitea" gustatzen zaio eta gogoz eutsi dio erronka berriari.

Debagoieneko eta Debabarreneko industrialdeak fusionatu ziren; zein da orain gerentearen lantokia?

Deba Bailarako Industrialdea deitzen da orain; Debabarreneko Industrialdeak Debagoienekoa xurgatu zuen. Egoitza soziala Elgoibarren dago, baina Aretxabaletan ere bulegoa dugu. Bietan ibiltzen naiz ni. Horrez gain, pabilioiak erakutsi, diru-kontuak eraman… hori ere egiten dut eta orain hemen, gero han… nabil. Kontabilitatea oso berezia eta garrantzitsua da gure sozietatean.

Eta zeintzuk dira zure helburuak gerente gisa?

Gure helburua, betidanik, hau izan da: ekonomia berritzeko eta sustatzeko azpiegitura berriak garatzeko lan egitea; eta azpiegitura horien artean, gure enpresa-ehuna garatzeko faktore gakoa dira industrialdeak. Gure enpresak gero eta berritzaileagoak, lehiakorragoak eta sozialki arduratsuagoak dira.

Orain daukagun erronka hauxe da: enpresei zerbitzua ematen jarraitzea, euren beharrei erantzuten dieten kokapenak eta kokapen-baldintzak eskainiaz. Enpresendako leku onena bilatzen laguntzea da gure helburua, berdin finkatze, lekualdatze edo handitze bidez baldin bada eta, beti, enpresen beharretara egokituta.

Leku onena nola bilatzen duzue, non?

Hemen, Debagoienean, lokal asko daukagu. Markuleteko F-12ren promozioa egin nahi dugu. Debabarrenean, ordea, ez dago lokal asko. Orduan, enpresa bat lokal bila etortzen bazaigu eta han ez baldin badugu, beste poligono baten bilatzen saiatu behar dugu; hori da gure lana.

Esan behar da gure industrialde guztiak daudela leku estrategikoetan.

Beste ze modutan laguntzen diezue enpresei?

Finantzazioa oso inportantea da. Bezeroaren beharren arabera, hainbat kontratu mota ditugu: proiektua sendoa baldin bada eta bideragarria izan daitekeen konfiantza ematen badigu, erantsitako bermerik gabeko finantzazio zuzena eskaintzen dugu; baita, behin-behineko likidezia falta baldin badu, ordaintzeko malgutasuna ere.

Lehen kontratu hauek genituen: enpresak zuzenean pabilioia eros zezakeen, alokairu sinplea egin, alokairu eta erosketa kontratu mistoa egin edo 9 urteko alokairua, erosteko eskubidearekin. Bada, orain, 9 urte horiek 12 urtera luzatu ditugu, eta, proiektu berezien kasuan, 15 urtera. Orain, enpresek finantzazioa behar dute eta aukera hori oso ondo baloratzen dabiltza. Horregatik, 12 urtekoa eskatzen dabiltza, hasieran kuota gutxiago ordaintzea garrantzitsua delako eurendako. Kuotak beti berdinak izan daitezke edo urtero %10 handitu, enpresaren erabakiaren arabera. Baina azpimarratu behar da ez dugula ezer exijitzen, inongo abalik ez. 

Adibidez, Elgoibarren, hiru mutilek enpresa berria sortu behar dute eta, mankomunitateak egin dien bideragarritasun azterketarekin, guk lokala eman behar diegu, proiektua sendoa dela iruditzen zaigulako. Lehen enplegurik edo aberastasunik sortuko ez zuela iruditzen zitzaizun hark, orain, beharbada, sortuko du. 

Dirulaguntzarik izaten dute?

SPRIren laguntzak eska ditzakete. Gu orain, inoiz baino gehiago, SPRIren antenak gara, izan ditzaketen laguntzen gaineko aholkularitza eman behar diegulako enpresei. Gertu dauzkat dirulaguntzen berri emateko orri batzuk eta Markuleteko F-12ren gaineko promozioa egiteko ere erabiliko ditugu. 

Izan ere, orain ez ditugu bakarrik pabilioiak saltzen; aholkuak ere ematen dizkiegu enpresei. SPRIra bisita egin eta negoziatu behar bada, hori ere egiten dugu. SPRIren laguntzen eta nazioarteratze eta berrikuntza jardunaldien berri ematen diegu eta laguntza teknikoa ere ematen diegu, SPRIko aparejadoreekin; gehien komeni zaien lur-saila aukeratzen laguntzen diete.

Horrek guztiak balio du enpresen interesa pizteko?

Pare bat urte generamatzan ia deirik jaso ere egin gabe. Orain, ordea, interesa agertzen duten dei nahikotxo jasotzen gabiltza. Kalitate-sistema bat daukagu, eta eskaera guztiak hor apuntatzen ditugu; gure industrialdera ez badatoz, zergatik ez datozen galdetzen diegu, ea prezioarengatik den, edo euren proiektuak aurrera ez duelako egin… Hau da, kontsulta asko jasotzen ditugu, baina ez dira denak kontratuan amaitzen; hala ere, lehen kontsultarik ere ez genuen jasotzen. Jendea gogoarekin dago.

Ekintzaileak, enpresa sortu berri dutenak edo sortu nahi dutenak ere badatoz?

Horiek hartuko genituzke gusturen, hain zuzen ere. Esan bezala, Elgoibarrera ekintzaile batzuk sartu behar dira eta bailarako bakarrenetarikoak dira. Beste negozio mota batzuk dituzten ekintzaileak ere badaude, baina gehienak ez dira enpresa industrialak. Debagoienean ere gustatuko litzaiguke horrelakoak hartzea, baina oraingoz ez zaigu bat ere etorri.

Hortaz, zelakoak dira interesa agertzen duten enpresa gehienak?

Enpresa txikiak dira. Azkenean, enpresa txiki eta ertainak eta mikroenpresak dira gure ekonomiaren motorra. Badaude enpresa handi banaka batzuk, baina enpresa txiki eta ertainek mugitzen dute dena eta sortzen dute aberastasuna.

Bada urte eta erdi Debagoieneko eta Debabarreneko industrialdeak fusionatu zirela. Abantaila edo desabantaila gehiago izan ditu?

Gustatu edo ez, egin beharrekoa zen. Alde onak eta txarrak ditu. Sozietate bakarra denez, leku guztietan egon behar duzu eta denoi zerbitzua eman. Udalek ere parte-hartze txikiagoa dute, baina beste abantaila batzuk ere badaude alde guztiondako. Gaur egun, SPRI-Lurrek sozietatearen %51 du; Diputazioak, %24,43; eta gero udalak eta mankomunitatea daude.

Orain arteko industrialdearen ereduak badu etorkizuna edo aldatu egin behar da?

Erakundeetara eta foroetara gehiago gerturatu behar dugu. Nik oraindik ez ditut hemen inguruko erakunde guztiak ezagutzen, baina ez naiz bulegoan jesarrita deituko didaten zain geratuko. 

Inor beldur izan daiteke, ea Debagoienak ez duen Industrialde handiago honetan indarra galduko…

Ez, horixe! Aldiz, indar handiena Debagoienean egingo dugu. Debabarrenean, Eibarren bi bulego, Elgoibarren bi pabilioi eta Mutrikun ere pabilioi batzuk ditugu, baina hemen lokal gehiago ditugu. Orain Markulete promozionatuko dugu eta, horrekin batera, Debagoiena. Ez dezala inork pentsa egoitza soziala Elgoibarren dagoelako Debagoiena ahaztu egingo dugula!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak