Batasuneko herrialdeetatik begiratuta, nola ikusten da Europa?

Julen Iriondo 2014ko mai. 19a, 09:38

Xabier Gallego, Alemanian.
Europako hauteskundeak direla-eta alderdiek kanpainan dihardute, ordezkaritza handiena lortu guran. Herritarrek, hala ere, ez dute sarri oso argi zer eta zertarako aukeratzera doazen halakoetan, ez hemen, ez kanpoan. Hauteskundeez gain, areago, Europaz galdetu diegu Alemanian, Italian, Polonian, Eslovakian eta Belgikan bizi diren debagoiendarrei, herrialdeotan duten iritziaz.

Xabier Gallego (Alemania): "Parlamentuak ez du balio handirik alemaniarrentzako" 

Xabier Gallego arrasatearra Erasmus programaren bitartez iritsi zen Alemaniara. Ikasketak amaituta, bertan jarraitzen du, lanean. Akisgran hirian bizi da. 

Gallegoren esanetan, alemaniarren ustea bada Europako Batasuneko kide izateak onurak ekartzen dizkiela, merkataritza arrazoiengatik eta erraztu egiten duelako euren herrialdera, lanera, "hegoaldeko estatuetako pertsonal kualifikatua" iristea.

Ekonomiagatik ez ezik, "II. Mundu Gerran gertatutako hondamendiagatik" ere ba omen dute europar sentimendua; hala ere, ez ei dute erabat bat egiten Europako Batasuneko antolamenduarekin: "Europako Parlamentuak ez dauka balio handirik alemaniarrentzako". Eta hori igarri egiten da hauteskundeetan; aurrekoetan %43 izan zen parte-hartzea Alemanian. 

Horrela, parte hartuko dutenekin aterako diren emaitzek barnera begirako irakurketak eragingo dituzte gehiago, Gallegoren ustez: "Gobernuko partaideek hauteskundeok erabiliko dituzte ikusteko herritarrek ze irizten dioten euren gestioari".  

----------

Elisabeth Saiz (Italia): "Interneteko blog baten bitartez egiten du kanpaina Grillok" 

Elisabeth Saiz oñatiarra 2002an joan zen Italiara, eta Erroma ondoan bizi da. Dio Italian ez direla, adibidez, euroaren aldekoak, "prezioak asko garestitu" direlako . Bestalde, italiarrek uste ei dute krisi egoeran ez duela laguntzen Batasuneko kide izateak: "Ez dago europar sentimendu handirik". 

Onurak, gainerako herrialde kideek dituzten berak direla dio, merkataritza arlokoak, lanerako aukerak edo ikasketa esparrukoak: "Adibidez, hemen, Zuzenbide ikasketetako azken azterketa egitean ez zara abokatu bihurtzen. Estatu azterketa oso zail bat egin behar izaten da. Beraz, asko joaten dira Espainiara lizentziatura egitera, ikasgaiak konbalidatzen zaizkielako, eta han abokatu izanda hemen ere zuzenean abokatu bilakatzen direlako".

Europako hauteskundeek Italiakoek baino interes txikiagoa eragiten dutela dio, baina egon badirela kanpainako ekitaldiak: "5 Stelle alderdia, adibidez, Beppe Grillo buru duena; pertsonaia bat da, politikari bat baino gehiago. Bere kanpaina Interneteko blog baten bitartez egiten du".

---------- 

Unai Beitia (Polonia): "Ez dut ezagutzen kanpainako ekitaldi batera joan den inor" 

Poloniako Wroclaw hirian bizi da Unai Beitia eskoriatzarra: lan kontuek eraman zuten hara 2010ean. Poloniarrak europar sentitzen direla dio, "beste ezer baino gehiago. Komunismoa bizi izan zuten Polonian, eta orduan askoz okerrago zeuden gaur egun baino. Europa barruan egoteak dakarkie lehen ez zuten askatasun sentimendu bat" . 

Ekonomiari dagokionez, obra publiko asko "Europako Batasuneko diruarekin" egiten direla dio. "Baina kulturalki ere, Europako hiri guztiak antzerakoak dira, eta halako batera iristean badakizu zurearen antzerako bizimodua izango dutela".

Europa-zale izan arren, baina, 2009ko hauteskundeetan %24 bakarrik joan ziren botoa ematera. Politikaz oso gutxi hitz egiten omen da, bere inguruan, behintzat. Mitinak egiten ei dira, baina: "Ez dut ezagutzen inor halako ekitaldi batera joan dena". Dio kanpaina ez dela oso inbaditzailea. Eta mezuak desberdinak, ezker edo eskuin: "Ezkerrekoak Europaren aldekoagoak dira". Eskuinekoek mesfidantza handiagoa ei dute, Europak hara ere krisia eramango duen beldur, hain zuzen ere.

----------

Joxeba Agirre (Eslovakia): "Batasunean sartuta irekitako aukerak oso zabalak izan dira" 

Joxeba Agirre oñatiarra 2006a ezkero bizi da Eslovakian, lanera joanda. Maiatzean bete dira hamar urte herrialdea Europako Batasunean sartu zela, eta ospakizunak eta hauteskundeak direla-eta, "pil-pilean" dago gaia. 

Eslovakiarrek, oro har, onerako ikusten omen dute Batasuneko kide izatea: "EBko kideen artean ekonomia ahulenetako bat da; beraz, Batasunean sartzearekin irekitako aukerak oso zabalak izan dira, batik bat atzerrira lan egitera joan ahal izateko edo barne azpiegiturak eraikitzeko jasotako laguntzengatik". Euroari buruz, berriz, askotariko iritziak: "Bidaiatzeko eta enpresendako, oso aurrerapauso ona; aldiz, bizitza arruntean dena asko garestitu da".

Aurreko hauteskundeetan %19 izan zen parte-hartzea, Batasuneko txikiena. Eta ez omen dute oso argi eslovakiarrek zein den erakundearen egitekoa: "Parlamentuan egiten denari buruz ez dago informazio askorik".

----------

Amaia Egoskozabal (Europako Parlamentuko langilea): "Europako erakundeen inguruan enpresa pila bat sortu dira"

2001ean iritsi zen Bruselara, eta 2012a ezkero Parlamentuan egiten du lan oñatiarrak; bere inguruko "gauza gehienek Europako Batasunarekin lotura" dutela dio.

Europarekiko ze pertzepzio dago Bruselan? Europako erakunde gehienak eta, batez ere, garrantzitsuenak –Europako Komisioa, Kontseilua, Parlamentuaren zati bat...– Bruselan daude, eta horrek bertako jendearen interes eta gertutasun handiagoak dakartza. bai. Gainera, hiri txikia da Brusela, baina guztiz kultura-anitza: kolore, erlijio eta hizkuntza ugari bizi dira elkarrekin. Horrek integrazioa errazten du, eta kanpotarrak ez gara horren atzerritar sentitzen. Europako herritarrei dagokienez, EBren proiektuak integrazio hau erraztu egin du, dudarik gabe.

Europa, onerako ala txarrerako iruditzen zaie? Denetik dago. Batzuk kexu dira, Europako instituzioetan lan egiten duen jendearen soldaten erruz etxebizitzen eta zerbitzuen prezioak igo egin direla esanez; beste batzuen ikuspuntutik, berriz, aberastasun handia ekarri dio lurraldeari, lanpostuak eta lan aukera desberdin asko sortuz: instituzioetan lan egiten duten pertsonak daude, batetik, baina haien inguruan ere enpresa pila bat sortu dira. Gainera, EBk erakarri duen jendeak hemen egiten du bere eguneroko bizitza, bertako ekonomia aberastuz.

Zer dakarkizu ingurune horretan bizi izateak? Desberdintasunak dakarren aberastasunak bete egiten nau. Giro internazionala, hizkuntza desberdinak erabiltzea, mundu osoko jendea ezagutzea, haiengandik ikastea...

----------

Hiritartasunaren onurei buruz

Bakoitzari galdetuta, pertsonalean, zer ekarri dien eurei europar hiritartasuna izateak, onurak aipatzen dituzte bost debagoiendarrek: "Lanerako eta bidaiatzeko, batik bat", moneta bakarrak asko laguntzen duela dio Joxeba Agirrek, "eta baita mugarik ez egoteak". Bateko tituluek besterako balio izatea aipatzen du Xabier Gallegok, eta aireportuetan Nortasun Agiriarekin nahikoa izatea, "pasaporte beharrik gabe", Unai Beitiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak