Fagor Automation eta Danobat-ekin batzartu da Arantza Tapia Txinan

Leire Kortabarria 2014ko mai. 13a, 17:19

Arantza Tapia, Txinan dauden euskal enpresaburuekin.
Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia buru duen Euskadiko ordezkaritzak automobilgintzaren sektoreari eta Beijingen ezarritako euskal enpresei eskaini die Txinan emandako lehen eguna (atzo, astelehena). Lehenengo batzarrean, Fagor Automation eta Danobat izan ziren, beste batzuen artean.

Goizean, Tapia eta Industriako sailburuordearen taldea BMWren Asiako ordezkari nagusiekin bildu ziren, horien artean, Asiako merkaturako erosketen presidente Philiph Christian Ellerrekin. Bilera Eusko Jaurlaritzaren eta BMWren arteko harremanen ondorio izan da, baita duela zenbait hilabete Eusko Jaurlaritzak Alemaniara egindako bisitaldiaren emaitza ere. Izan ere, BMW multinazionala Euskadiko automobilgintzaren industria osagarriaren bilakaerarako garrantzitsua izan da.

Auto elektrikoarekin aukera

"Txinan ezarritako euskal enpresak BMWren eta eguenean bisitatuko dugun SAICen hornitzaile dira; beraz, euskal industria Asiako automobilgintzaren sektorean nola hazi eta bilakatu daitekeen jakiteko interesa dugu", esan zuen Tapiak.

Txinako hiri handietan gero eta kutsadura handiagoa dago, eta garapenean ingurumenak izan dezakeen garrantziaz egin zuen berba BMWko ordezkariak. Horren ondoren, Tapiak esan zuen Euskadik "aukeratzat" hartu behar duela etorkizunean auto elektrikoak erabiltzeko Txinak izan dezakeen beharra.

Azken hamarkadan, Txinan, %537 hazi da automobilgintzaren sektoreko ekoizpena, eta %884, ibilgailu pribatuen erosketa-bolumena.

Enpresei entzun

Eguerdian, Eusko Jaurlaritzako eta Spriko ordezkariek bazkaria egin zuten euskal enpresa batzuekin. Hala, enpresa horiek Txinan izan dituzten bilakaera, erronkak eta beharrak entzun dituzte. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Txina lehen mailako herrialdea da enpresen nazioartekotze-politikari dagokionez, Alemaniarekin, AEBekin eta Mexikorekin batera.

Bazkarian izan ziren enpresaburuak Eusko Jaurlaritzaren analisiarekin bat etorri ziren, atzerriko herrialde batean ezartzeko plangintza zorrotza egin behar dela azalduta. Lehen bileran Arteche, Danobat, Fagor Automation, Gamesa, Hine Hydraulic eta Qingdao enpresetako ordezkariak izan ziren.

Eguenean, Shangai inguruko gutxi gorabehera hogeita hamar euskal enpresatako ordezkariekin bilduko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak