Gutxituek aukera berriak dituzte ohiko enpresetan lan egiteko

Leire Kortabarria 2014ko mai. 14a, 12:00
David Raso, Arrasateko udal langile bati eguneko posta eta dokumentuak ematen.
Dagoeneko lau urte daroa martxan Pauso Berriak programak, Foru Aldundiaren, Lanbideren, Gureaken eta Atzegiren eskutik. Helburua da adimen urritasuna dutenak ohiko lan inguruneetan ikusgai egitea. Azken helburua da adimen urritasuna dutenak lan-ingurune arruntetan integratzea, beste edozein langile bezala.

Dagoeneko 155 lagunek eta 129 erakunde eta enpresak parte hartu dute Gipuzkoan, eta Debagoienean ere bai: bi erakundetan (Mizpirualde egoitzan eta San Juan de Dios ospitalean) langile bana dago, beste seik bukatu dituzte praktikak (Uliazpi Bergaran, Miguel Altuna Institutuan, Arizmendi ikastolan, Ibarra kiroldegian, Bergarako musika eskolan eta Oñatiko Udalean) eta beste bost zerbitzu okupazionalean dabiltza (Arrasateko Udalean, Aretxabaletako GSRn, Oñatiko Txantxiku ikastolan eta Elgetako Udalean). Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz laguntzen du programa. Hala, Gureaken 960 plaza finantzatzen ditu urtean, biek sinatuta duten hitzarmenaren bitartez. Plaza horiek 6.313.048 euroko kostua dute, eta horien artean daude Pauso Berriak programakoak.

Bakoitzarendako 'jantzia' 

Pauso Berriak programak formazioa eta praktikak egiteko aukera eskaintzen die adimen urritasuna dutenei, enpresa pribatu edo erakunde publikoetan. Prozesua banakako arretan dago oinarrituta eta parte-hartzaile bakoitzak berari laguntzeko sare egokitua dauka. Atzegik eta Gureak-ek prozesu osoan laguntzen diote langileari, familiari eta enpresei; bakoitzari egokitutako lanpostua eta zereginak definitzen eta bilatzen dituzte.

Programak hiru fase ditu. Lehenengoan, aurre-formazioa ematen zaie langileei, lau hilabetean zehar. Dagoeneko 105 lagun pasa dira fase horretatik.

Bigarren fasean, lana benetako ingurunean egiten da, hau da, lan praktikak enpresa eta erakundeetan. Urte bete irauten du fase horrek eta, beti, ageriko lanpostuak egiten dituzte adimen urritasuna duten pertsonek. Praktika horiek enpresaren eta Gureaken arteko hitzarmen bidez arautzen dira, 1.000 ordukoak dira eta ez dute enpresarendako hasierako kosturik. Enpresak lan-ingurunea ipintzen du, eta Gureak-ek, jarraipenerako begirale edo teknikari bat eta laguntza; Debagoienean, Amaia Vazquez teknikaria arduratzen da horretaz. Praktikak Lanbidek arautuak eta diruz lagundutakoak dira.

Hirugarren fasean, praktikak egin dituztenek lanean jarraitzeko formulak aztertzen dira. Zerbitzu okupazionalean baina ohiko ingurunean planteatu daiteke edo kontratazio zuzena proposatu. Zerbitzu okupazionaleko formula praktika egin duten enpresetan beraiei egokitutako jantzia edo zeregina aurkitu dutenendako eta bertan jarraitzeko aukera dutenendako da. Kontratazio zuzena praktikak egin ondoren enplegura orientatuta daudenendako da. Enpresak pertsona hori kontratatzeko dituen aukerak aztertzen dira.

Victoria Eugenian ekitaldia 

Pauso Berriak hobetzen eta aberasten joan da abian ipini zenetik, 2010etik. Apirilaren 1ean, Donostiako Victoria Eugenian ekitaldia egin zuten, eta agerian geratu zen langileen, enpresetako arduradunen eta lankideen zein familien poza. Testigantzak hemen ikus daitezke: www.pausoberriak.net.

----------

Ainhoa Inda: "Sukaldean gustura ibiltzen naiz eta horretan lan egiten dut orain"

"Sukaldean ibiltzea, garbitzea… asko gustatzen zait", esaten du Ainhoa Inda oñatiarrak. Eta orain, gogoko duen lana egunero-egunero enpresa baten egitea lortu du. Izan ere, Pauso Berriak programaren eskutik, 2012ko abendua ezkero Oñatiko Txantxiku Ikastolan dihardu praktikak egiten, sukaldariaren laguntzaile gisa.

Egun lanpetua

Gureak-en proposamena 2011-2012 ikasturtean jaso zuen Txantxiku Ikastolak, Jabi Arregi zuzendariak azaltzen duen moduan: "Programaren lehenengo urratsa proposatu ziguten, praktikak egitea enpresa baten. Planteamendu interesgarria iruditu zitzaigun eta Ainhoaren ekarpena ze lanetan izan zitekeen pentsatzen hasi ginen. Azkenean, jangela iruditu zitzaigun aukera onena". Jangelako arduradunekin baloratu zuten aukera hori eta, azkenean, 2012 bukaeran bertan laguntzen hasi zen Ainhoa Inda. Hasieran, urte bateko praktikaldia izango zen. 

Ikastolan, jangelarekin lotutako hainbat zeregin daude eta Ainhoak azaltzen ditu: "Urte bateko umeekin hasten naiz. Ogitartekoak prestatzen dizkiet. Gero, jaten ematen diet eta 12:00etan sukaldean laguntzen hasten naiz. Edurne [Gantxegik] gertatzen du janaria eta nik lagundu egiten diot". Ume txikien merienda prestatu eta haiekin lana bukatu eta gero, 12:00etan jangela nagusiko mahaiak ipintzen hasten da Ainhoa, eta Edurne Gantxegi arduradunaren esanetan jarduten du. "Bazkaria zerbitzatzen dut eta ume txikienek eskuak garbitzen dituztenean, sikatu egiten dizkiet. Bazkaltzen dutenean, ontziak sukaldera eroaten ditut". Lankideek harrikoa egiten dute eta Ainhoak garbitutako ontziak bere lekuan ipintzen ditu.

Bere ardurak azaltzen ez da nekatzen Ainhoa, pozik ematen dizkigu argibideak sukaldeko tresnak eta txokoak erakusten dizkigun bitartean: "Gauzak hozkailuan uzten ditut, zapia pasatu eta xukatu egiten dut…" Egunean eguneko hondakinak ere sailkatzen ditu. Hamaika lan egiten ditu Ainhoak. 

Jangelaz gain, Haurtzaindegi zerbitzuko umeak zaintzen ere laguntzen du.

Bera oso pozik dabil, eta umeak berarekin ere bai: "Inoiz gaixorik zegoelako etorri ez zenean, umeek berarengatik galdetu dute", esaten digu Edurne Gantxegik. Eta lankideek ere Ainhoaren falta igarri zuten: "Laguntza handia da Ainhoa gurekin egotea. Bera ez dagoenean, lan horiek besteok egin behar izaten ditugu, eta
lana da, denbora luzeagoa behar dugu lana bukatzeko".

Donostiara, ikastera

Ainhoa Indaren esperientziak arrakasta izan du, Txantxiku Ikastolako administrari Julen Anakabek azaltzen digun moduan: "Urte beteko praktikan oso ondo ibili da, eta bigarren urte baterako hitzarmena daukagu Gureak-ekin. Oso gustura gaude berarekin". Hortaz, oraingoz behintzat, 2015ko urtarrilera arte jarraituko du Ainhoak praktika horiek egiten.

Edurne Gantxegik dioenez, Ainhoa "beti dago gertu gauzak egiteko eta gauza berriak ikasteko"; horregatik, ez da harritzekoa bere praktika-hitzarmenean hasieran jasotako baino lan gehiago egitea orain.

Lanean bertan gauza asko ikasi ditu, baina, hasi aurretik, formazioa jaso zuen Ainhoak. Hala, egunero-egunero Donostiako Villa Mari egoitzara joaten zen, Grosera. Amaia Vazquezek, Gureak-eko Debagoieneko Jarraipen teknikariak esaten digu bertan ze ikasten duten: "Zortzi laguneko taldetan, 3-4 hilabetean ibiltzen dira, eta bi modulu daude: baten, bulegoko lanak ikasten dituzte, eta bestean, askotariko zerbitzuak. Bigarren horretan ibili zen Ainhoa". Eta Ainhoak gogoratzen du zer ikasi zuen: "Batuketak eta kenketak egiten eta dirua erabiltzen ikasi genuen; gero, mahaia ipintzen, oheak egiten…". Pauso Berriak programan dabiltzan langileek, normalean, bi lan mota horietako bat egiten ikasten dute eta horretan topatzen diete lekua praktikak egiteko; beraz, gehienek bulegoko lana edo zerbitzuetako lana egiten dute, bakoitzaren gustuaren eta gaitasunen arabera. Baina trebezia batzuk denek batera ikasten dituzte: autonomia, komunikazioa…

Baina, Pauso Berrietako beste partaideekin gertatu den moduan, ikastarotik eta lantokitik kanpo, programan bertan ibiltzeagatik dagoeneko gauza asko ikasi edo hobetu ditu Ainhoak; adibidez, autonomian: "Oñatitik Bergarara autobusean joaten nintzen bakarrik; Bergaran lagun batekin elkartu eta biok joaten ginen Donostiara; han autobusetik jaitsi eta Grosera joaten ginen". Bidaia hori egunero  biek bakarrik egiten ikasi zuten.

Orain bere kabuz dabil

Behin ikastolan hasitakoan, ikasteko prozesuak aurrera jarraitu zuen, benetako lan-ingurune baten, lankideekin… eta, beste edozein langile berrik moduan, Ainhoak eta ingurukoek "elkar ezagutuz ikasi" zuten, Edurnek esaten digun moduan.

Horrez gain, Pauso Berrietan egiten den moduan, errefortzua izan zuen Ainhoak, Amaia Vazquezek dioskun moduan: "Lan-prestatzailea lau ordutan edo Ainhoak behar adinako denboran egoten zen berarekin. Egin behar dituen lanak erakutsi zizkion. Zer edo zerekin arazoa baldin badu, errefortzu gisa hori lantzen dute. Pixkana-pixkana, lan-prestatzailea Ainhoa bakarrik uzten joan zen". 

Gureak-eko langile batzuek Gureak-en lantokietan jarraitzea erabakitzen dute, baina, kanpoan lan egin gura dutenendako, Ainhoak bezala, Pauso Berriak programak ate berri bat irekitzen du.

-----------

David Raso: "Udaletxean posta banatzen dut, eta asko gustatzen zait"

David Raso arrasatearra Pauso Berriak programako aurrekarietako bat izan zen. Izan ere, programa hori abian ipini eta segituan sartu zen praktikak egiten; kasu honetan, Arrasateko udaletxean. Honela azaltzen du Udaleko Enplegu teknikari Marga Garmendiak: "2010eko bukaeran Gureak-en proposamena jaso genuen. Programa sortu berria zen eta modu esperimentalean parte hartzen hasi ginen". Gureak-eko hiru lagun hasi ziren lanean: bat Musakolako kiroldegian, beste bat Iturbide egoitzan, eta David, udaletxeko bulegoetan. Lehenengo urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sarbideak programaren laguntza jaso zuen Gureak-ek eta horren bidez hasi zen Daviden praktikaldia. 

Hasierako hiru langile haietatik bik jarraitzen dute; hirugarrenak Gureak-en lan-atalera inkorporatzeko aukera izan zuen eta berak horixe aukeratu zuen.

Askotariko lanak udaletxean

Langilea eta Udala gustura geratu ziren, eta gaur egun, hiru urte baino gehiago pasa direla, hantxe jarraitzen du Davidek; urterik urte joan dira hitzarmena berritzen Udala eta Gureak. Udaletxeko behe-solairuan egoten da, artxiboan, Marijo Aspe langileari laguntzen. Astelehenetik eguenera arte egunero joaten da David udaletxera; 08:50 aldera inkorporatzen da lanera, eta 12:30 edo 12:45 arte bertan lan egiten du; gero, tailerrera joaten da.  

Bere lanak ezin hobeto egiten ditu Davidek: "Papera txikitzen dut, posta banatzen dut eta Kulturaten eta BAZen ere lan egiten dut. Posta banatzea asko gustatzen zait". Hain zuzen, lan-eskaintzen gaineko informazioa jendaurrean ipintzen du Davidek. "Marijorekin eta Lolirekin egiten dut lan eta ondo konpontzen naiz eurekin", diosku Davidek. Hori egiteaz gain, Udal Euskaltegira ere joaten zen David eta han paperak plastifikatzen eta txikitzen zituen. "Lan hori bukatu da eta orain hementxe dabil, eta beste aukeraren bat ere begiratzen gabiltza", diote udal langileek.

Beste lan batzuk ere egiten ditu, Marijo Aspek azaltzen digun moduan: "Orain papera txikitzen dabil, behar hori daukagulako. Horrez gain, dokumentuak zenbakien arabera sailkatzen ditu eta espediente sinple batzuetan garbiketa egiten lagundu digu; irizpide garbiak emanda, gai da hori egiteko, gaitasun handia dauka". 

Hasieran baino lan mota gehiago egiteko gai da orain David, eta ikasten jarraituko du: "Gauza berri asko ikasi behar ditugu elkarrekin", aurreratzen dute Daviden lankideek.

Isil-isilik

Laneko trebeziak bakarrik ez; bestelako abilezia batzuk ere ikasi edo findu ditu Davidek Arrasateko udaletxean lanean hasi zenetik: adibidez, herritik zehar mugitzen, eta bere kabuz seguruago ibiltzen: "Udaletxetik Kulturatera zuzenean joaten ikasi du; lehen buelta handi bat egiten zuen haraino joateko. Horrez gain, eskailerak jaisteko, lehen bi hankak batera ipintzen zituen eta orain beste modu baten jaisten ikasi du", azaltzen du Aspek.

Jendaurrean egoten ere ikasi du Davidek: "Jendea hona datorrenean bera ere hemen egoten da eta hasieran ez zen konturatzen jendea zegoenean ezin zuela ozen berba egin, oihu egin… Orain, isil-isilik egoten da", txalotzen dute lankideek.

Dena lanean ikasi du

David Rasoren kasua berezia da; izan ere, Pauso Berriak programako lehenengoetariko langilea izan zenez, eta orduan plana sortu berria zenez, Davidek ez zuen lan aurreko prestakuntzarik jaso, gerora egiten hasi zen bezala; bera zuzenean hasi zen lanean eta hura izan zen bere "eskola". Hori bai; gerora egin den bezala, Davidekin ere ia egunero joaten zen Gureak-eko begirale edo teknikari bat; normalean, Amaia Vazquez, Debagoieneko arduradunetako bat. 

Daviden lankideek honela azaltzen dute: "Hasieran, begiralea ia egunero etortzen zen. Orain, Daviden lana aldatzen denean ere etortzen da, edo gu saiatzen gara lan berria erakusten. Zeregin erraz bat baldin bada, gu konpontzen gara".

Amaia Vazquez harro dago Davidek eman dituen aurrerapauso handiekin: "Davidek hemen, lanean ikasi du dena. Loli eta Marijo lankideekin gauza asko ikasi ditu".

Etxean ere, pozik

Pauso Berriak programan dabiltzanen ezaugarria da denek ikasten dutela zerbait, eta denak azaltzen direla pozik programaren emaitzekin. Adimen urritasuna duten familiendako ere oso pozgarria izaten da euren senidea lanean ikustea, ohiko lan-ingurune baten integratuta, lankideekin bere kabuz moldatzen eta aparteko babesik gabe, beste edozein langile moduan. Horrela esaten digu Davidek ere: "Ni oso pozik nago. Etxean ere oso pozik daude ni hemen lanean nabilelako".

"Etorri da David"

Lanerako gaitasunaz eta gogoaz gain, Davidek beste zerbait ekarri du udaletxera: poza. Honela dio Marga Garmendiak: "Posta eta dokumentazioa sailez sail banatzen du, eta horrek udaletxean denon ezagun bihurtu du David. Egubakoitzetan etortzen ez zenean, faltan igartzen genuen. Guztion izenak dakizki, eta gehienon urtebetetze eguna ere bai; denoi Zorionak zuri kantatzen digu, alkatetik hasita. Hori asko baloratzen da, oso polita da". Berriemaile lana ere egiten du: "Kontu asko dakizki; ni askotan egunkaria irakurri aurretik enteratzen naiz gauza askorekin".

Marijo Aspek hauxe gaineratzen du: "Etortzen denean denok agurtzen gaitu, oso pozik, eta David etorri dela badakigu orduan". 

----------

Umeak eta desgaitasuna

Desgaituenganako sentsibilizazioa ikasgelatik lantzeko, NiZuBezala programa dauka Gureak taldeak. Honela azaltzen du Gureak-eko Izaro Alkortak: "Donostiako bi ikastolatan hasi ginen, eta Gipuzkoan zabaldu dugu. Dagoeneko 1.500 ume pasa dira programatik". Helburua da umeak konturatzea desgaitua ez dela "betiko ume bat", baizik eta eskubideak, betebeharrak, erabakitzeko aukera… duen pertsona bat. Programaren barruan, Gureak-en tailerrak bisitatu eta han egiten den lana ezagutu dute: "Ikusi dute ez dela lan erraza, gutariko askok ezingo genukeela egin. Desgaitasunaren inguruko aurreiritzi asko apurtu ditugu", dio Alkortak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak