Hego Euskal Herriari dagokionez, kasu horretan ere behera egin du langabe kopuruak. Bizkaian izan ezik, beste herrialde guztietan egin du behera. Gipuzkoan, 49.134 langabe zeuden apiril bukaeran; martxoan baino 458 gutxiago (-%0,92).
Gizarte Segurantzan gora egin du afiliazioak Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. 1.120.236 zeuden izena emanda apiril amaieran; martxoko datuekin alderatuta, 4.104 langile gehiago.
Argirik ez da ikusten
Datuek pixka bat hobera egin dute, baina ez da susperraldi nabarmenik izan. Hala eta guztiz ere, azkenaldian bagabiltza entzuten errekuperazio hitza edo egoera ekonomikoaren hobekuntzaren gaineko hainbat berba. Badago krisia gainditzen hasi garela dioenik ere.
Bada, Gipuzkoako Elikagaien Bankuko eta Debagoieneko Caritasko ordezkari banarekin egon nahi izan dugu, eurek duten ikuspegia jasotzeko.
“Guk ez dugu errekuperaziorik ikusten. Esatekotan, alderantzizkoa esango nuke. Izan ere, laguntza eskaeren kopuruak gero eta gehiago egiten du gora gure kasuan, behintzat", dio Jose Antonio Agirrebeñak, Bergarako Gipuzkoako Elikagaien Bankuko arduradunak. Gaineratzen du eurek horrenbeste eskaera izatea sintoma txarra dela: "Gauzak ondo egongo balira eta errekuperazio bat biziko bagenu, jendeak ez luke hona etorri beharko, eta gero eta gehiago dira gugana datozenak. Nik ez dakit ze neurketa egiten dituzten errekuperazioaz jarduten dutenek".
Iritzi berekoa da Debagoieneko Caritasko arduradun Xabier Jorrin ere. Hark ez du hobekuntzarako sintomarik ikusten. "Guk momentuz ez dugu horrelakorik ikusten. Egia da, errekuperazioa egongo balitz ere, guregana etortzen diren pertsonengan ez litzatekeela bat-batean islatuko. Izan ere, gugana datozen gehienek denbora luzea daroate langabezian eta ez dute aurrezkirik izaten. Beraz, bizi duten egoera zailari buelta ematea ez da berehalako gauza izaten", zehaztu du.
Datuen esangura
Biek ala biek datuak erakusten dituzte eurek esanikoa babesteko. "Gure jardunaren jarraipen zehatza egiten dugu eta datuak oso nabarmenak dira. Argi ikusten da egoera ez doala hobera", dio Jorrinek. Hala, aipatzen du 2012an 1.821 pertsonari eskaini zietela laguntza Debagoienean; 2013an, 2.177 izan ziren eurengana jo zutenak. Igoera agerikoa da; zehazki, 356 lagun gehiago.
Agirrebeñak ere datuak hartzen ditu eskuetan. Horrela, zehaztu du 3.564 pertsonak jaso dutela laguntza Bergaran dagoen Elikagaien Bankutik aurten –apirila bitarte–. Goierri, Debagoiena, Debabarrena eta Urola bailarako herriei ematen diete laguntza, 30 ingururi; eta 36 erakunderekin egiten dute lan (udalak, Caritas, Nagusilan eta etorkinen taldeak). 2011n jarri zen martxan Bergarako Elikagaien Bankua. Urte hartan 1.300 pertsona inguruk jaso zuten laguntza eta 2012an 2.300ek. "Datuak ikusi besterik ez dago jende gehiago etortzen dela ohartzeko. Orokorrean, herri guztietan egin du gora eman beharreko jan kopuruak", dio.
Behardunen profila
Beraz, nabaritu dute krisiaren eragina bi kasuetan. Gainera, egoera kaxkarrean dauden familia edo pertsonen profila ere aldatu da zertxobait. Nahiz eta zehaztu duten atzerritarrek jarraitzen dutela izaten laguntza eskatzera joaten direnen gehiengoa. "Debagoieneko kasuen %90 etorkinak dira. Bertako jendea ez da gugana horren erraz hurbiltzen. Egia da, azken horien kasuan, familia eta lagunengatik jasotzen duten babesa ere handiagoa izaten dela; sostengu bat izaten dute. Etorkinen kasuan, berriz, ez da horrela izaten", zehaztu nahi izan du Jorrinek. Hala ere, badio bertakoei ere eragin diela krisiak, eta adibide batzuk jarri ditu: "Etorri izan da bikote bat edo beste, biak langabezian geratu eta hipoteka batean sartuta daudenak edo alokairu oso altua dutenak. Baita oso pentsio baxuak dituzten alargunak ere".
Agirrebeñak adierazi du, bestalde, denetariko jana behar izaten dutela egoera ekonomiko larrian daudenek. Azken kanpainan, baina, umeentzako (0-3 urte bitartekoak) janaria batzeko deialdi berezia egin zuten, haiek jan barik gera ez daitezen.
Bestalde, azpimarratu nahi zain du oso garrantzitsua dela laguntza eskatzaileen kontrol bat eramatea: "Janaria jasotzeko, protokolo bat bete behar izaten da. Horrela, ziurtatzen da laguntza benetan behar duenak jasotzen duela".
Caritasen ere kasu bakoitza modu indibidualean aztertzen dute, bakoitzaren beharrak zeintzuk diren jakiteko. Hala, Jorrinek adierazi du pertsona helduek, adibidez, askotan ez dutela jakiten laguntza publikoak eska ditzaketela eta hori azaltzea izaten dela euren eginbeharra. Beste batzuetan, laguntza zuzena eskaintzen dute. Hala ere, hark garrantzia eman nahi izan dio egin beharreko bideari edo harremanari. Hau da, egoera ekonomiko txarretik irteteko, bide-lagun izateari. Hor funtsezko jotzen du prestakuntza. "Lanbidek apenas antolatzen du ikastarorik une honetan eta horrelako egoeretan dauden pertsonek formakuntzarako behar handia izaten dute. Uste dugu hori dela bidea, eta baita proiektu ekintzaileak sortzea". Oñatin dagoen Bidebarri enpresa jartzen du adibide bezala (erdia Oñatiko Udalarena da eta erdia Caritasena). Bazterketa sozialerako arriskuan daudenek egiten duten bertan lan.
Eskuzabaltasuna
Krisi garaian, jendearen beharrak areagotu dira, beraz; baina baita hainbaten eskuzabaltasuna ere. Hala diote behintzat bi ordezkariek. "Zorionez, jende gehiagok hartzen du bestea laguntzeko konpromisoa. Caritasek jasotzen dituen eskupekoen kopurua igo egin da, esaterako. Horrek argi erakusten du gizartearen sentsibilizazio maila. Asko eskertzen dugu hori", aipatzen du Caritaseko bailarako arduradunak.
Elikagaien Bankuan ere ugaritu egin dira dohaintzak."Enpresa, lantoki zein pertsonengatik jasotako janari kopurua areagotu egin da. Adibidez, elikagaiak batzeko supermerkatu eta dendetan egin genuen azken kanpainan oso datu onak lortu genituen. Gure aurreikuspenak ziren 120.000-150.000 kilo batzea Gipuzkoan. Gure zonan bakarrik, 112.000 kilo jaso genituen eta probintzia guztian 350.000", zehaztu du Agirrebeñak pozik.
"Gu ez gara soluzioa, ez dugu irtenbidea eskaintzen, laguntza baizik", dio Agirrebeñak, ordea. Hala, argi adierazten du krisiari buelta emateko beharrezkoak izango direla bestelako erabakiak. Bien bitartean, baina, bide-lagun izango dituzte Elikagaien Bankuko zein Caritasko boluntarioak egoera ekonomiko larrian daudenek. Eurek ere esku zabalik hartuko dituzte.