Lan elkartuko %23 kooperatiba gehiago sortu ziren iaz

Leire Kortabarria 2014ko mai. 13a, 00:00

Kooperatibismoaren gaineko datu itxaropentsuak eman ditu Cocetak, Lan Elkartuko Kooperatiben Espainiako Konfederazioak: Hego Euskal Herrian eta Espainian, 2012an baino %23 lan elkartuko kooperatiba gehiago sortu ziren 2013an, baina, horrez gain, enplegu garbia sortzen hasi dira.

2013ra arte ere, beste enpresa mota batzuk baino enplegu gutxiago suntsitu zuten: ia 10 puntu gutxiago, hain zuzen ere. Hori dela eta, Cocetaren esanetan, eredu hori "funtsezkoa da krisian dauden enpresak bere onera ekartzeko".

Lanpostu gehiago

Zehazki, 2012an 733 lan elkartuko kooperatiba sortu ziren Hego Euskal Herrian eta Espainian, eta iaz, 950. Kooperatiben artean gehiengoa dira: 2013an sortutako kooperatibetatik 216 bakarrik ez ziren modalitate horretakoak. 3.632 lanpostu sortu zituzten; 2012an, 3.612 izan ziren, nahiz eta lantalde txikiko enpresak izan.

Datu on gehiago eman ditu Cocetak: Hego Euskal Herriak eta Espainiako erkidego guztiek  zifra garbi positiboekin bukatu zuten urtea Gizarte Segurantzan altan emandako kooperatiba kopuruari dagokionez. Cocetako presidente Juan Antonio Pedreñok esan duenez, "kooperatiba ereduak berak malgutasun handiagoa eta langile asoziatuen inplikazio handiagoa ahalbidetzen ditu, bere enpresaren erantzuleak direlako. Gainera, kalitatezko enplegua da: %80 bazkide langileak dira, eta kontratu gehienak mugagabeak dira".

Sexu berdintasunari laguntzen diotela ere esan du Pedreñok: langileen %49 emakumeak dira eta, Cocetaren azterketen arabera, familia eta lana ondo bateratzen dituztela esaten dute. Emakume horien %38 lidergo postuetan daude.

Lan elkartuko kooperatiba gehienak Andaluzian sortu ziren: %30 gehiago, denetara 204. Valentzian, 2012ko azken hiruhilekoan 87 sortu zituzten, eta iaz, 110. Murtzian, 2012an 66 sortu ziren, eta iaz, hamar gehiago. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak