Oñatik biztanleko 70 euroko gastua izan zuen euskararako 2012an; Euskadiren batez bestekoa biztanleko 68 euro da. Aretxabaletak 65 euro inbertitu zituen, eta Arrasatek, 64,9. Beste muturrean dago Azkoitia, 12,3 eurorekin; Donostia ere aurrekontu txikienen arteko bost herrien artean dago, 14,1 eurorekin.
Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta 5.000 biztanle baino gehiagoko udalen gastua zenbatzen du estatistika horrek, eta erakunde publiko horien artean osatutako batez besteko inbertsioa hartzen du kontuan; benetan gastatu zena eta ez aurrekontua. Eusko Jaurlaritzak inbertitu zuen gehien: biztanleko 42 euro. Gipuzkoako Foru Aldundiak 8 euro ipini zituen; Bizkaikoak, 9; eta Arabakoak, 5. Hiriburuen artean, aipatutako Donostiaren inbertsioaz gain, Gasteizek 12,7 euro ipini zituen, eta Bilbok, 4. Denetara, 146,3 milioi euro jaso zituen euskarak 2012an, erakundeen aurrekontuaren %1 baino gutxiago.
Inbertsio horren zati handiena hezkuntza sistemaren euskalduntzerako eta helduen euskalduntzerako da: bakoitzak %30 hartzen du.
Estatistikak ondorioztatzen duenez, Gipuzkoako herriak dira euskararen alde gehien inbertitzeko joera dutenak: gipuzkoar bakoitzeko 34 euro inbertitu ziren horretan 2012an; Araban, 25, eta Bizkaian, 22.
Kataluniak baino gehiago
Baztarrika pozik azaldu zen: "Kataluniak ere ez du hainbeste diru erabiltzen bere hizkuntza biziberritzen", esan zuen. Hala ere, Nafarroaren eta Iparraldearen "konpromiso txikiaz" mindu zen.
Datuak Patxi Lopez lehendakari izan zen azken urtekoak dira. 2008an, 172,5 milioi inbertitu ziren euskaran, aurreko bi urteetan baino 20 milioi gehiago.
Bilduren esanetan, %1 baino gutxiagoko inbertsioa "ez da nahikoa"; EAJren iritziz, "baliabideak oso ondo kudeatzen" dabiltza erakundeak. PPk eta PSEk matizazio batzuk egin zituzten. Bakarrik UPyDk kritikatu zuen gastua, diru "larregi" zela esanez.