Bergaran izan zarete asteburuan. Zertara etorri zarete?
Ekainaren 8ko giza katean Getxok hiru kilometro izango ditu Bergara eta Antzuola artean eta kilometro horietako bateko arduradun naizenez, tokatu zaigun tartea ikusten egon gara Bergaran. Logistika kontuak-eta aztertzeko. Horrez gain, Bergarako jai gunean zertzuk antolatu diren azaldu digute Bergarako Gure Esku Dagokoek.
Ze inpresio jaso duzue?
Oso ona: oso adeitsuak izan dira gurekin eta oso ondo hartu gaituzte. Azalpen zehatz eta osoak ema dizkigute, geure ekarpen edo zalantzak aintzat hartu dituzte, berehala erantzun digute…
Zenbat lagun espero duzue etortzea Getxo aldetik Debagoienera?
Getxo, Gorlitz eta Plentzia elkarrekin ari gara eta, berez, 1.200 lagun tokatzen zaizkigun arren, gehiago joango garela badakigu. Astetik astera jende berria dator metroak erostera eta 2.000 inguru izango gara. Ikusi beharko dugu, azken unean, antolakuntzatik zer esaten diguten eta horren beteta ez dauden kilometroak betetzea tokatuko zaigu, again; hau da, Bergarakoez gain, beste toki batzuk.
Noiz hasi zineten lanean Getxon Gure Esku Dago ekimenarekin?
Urtarrilaren 16an egin genuen aurkezpena Faduran. 450 bat lagun elkartu ginen eta, hasiera batean, giro hotz samarra antzeman genuen kalera atera ginenean, batez ere informazio gutxi zegoelako. Baina, behin, hedabideetan-eta agertzen joan denean, gero eta gehiago hurbiltzen zaizkigu. Euskaldunok, jeneralean, gauza hauetan, azken unean ematen dugu izena. Gu, Algortan ari gara batez ere eta Getxoko auzo horretan 1.500 bat lagunek egingo dugu bat giza katearekin.
Algortan talde anitza osatu duzue?
Hasieratik ahalegindu gara era guztietako jendea batzen. Hori oso garrantzitsua izan da, gerora ere, ideologia guztietakoak hurbildu ahal izateko. Adinari dagokionez, bestalde, jende gaztea azkeneko asteotan hasi zaigu hurbiltzen. Une honetan, sentsibilitate politiko ezberdineko jendea ari gara taldean. Bizikidetzaren aldetik oso garrantzitsua da hori. Izan ere, behin eta berriro gabiltza esaten bizikidetza oso inportantea dela, ezberdinen artean konpondu behar garela, alegia. Berdinen artean konpontzea erraza da, zailena da ezberdinen arteko harremana. Uste dut Gure Esku Dagok gizarteari egiten dion ekarpena hori dela.
Erabakitzeko eskubidea aurre demokratikoa dela esan izan duzue…
Bai, bai, hala da. Eskubide guztiak dira aurre demokratikoak. Demokrazia asmatu aurretik ere, herriek bazuten beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea, berezkoa da. Hitzaldi edota eztabaidetan aritu garenean, batzuek esan izan dute ea non dagoen jasota erabakitzeko eskubidearena. Eta badago eskubide hori, ONU erakundeak, Europak edota Estatu espainiarrak ere aitortu eta onartu izan dute. Herri guztiek norbere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela aitortzen da. Eskubide guztiak babesten ez baditugu demokrazia bera jartzen da zalantzan.
Giza katea diferenteen arteko ekimena dela aipatu duzu. PSE-EEko gutxi, ordea, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko gertu…
Kostatzen ari zaie, baina uste dut lehenago ere aitortu izan dutela erabakitzeko eskubidea. Eta Gema Zabaleta sailburu ohia, esaterako, gerturatzen ari da, eta Bilboko itsas adarraren ezkerraldeko gazte sozialista geroago eta gehiago ere bai. Baina eragin handia dauka euskal sozialistengan PSOEk daukan jarrera gai honekiko. Uste dut, halere, hurbilduko direla, Herri hau normalizatzeko eta bizikidetzan aurrera egiteko.
Bergaran, EAJko edo jeltzaleen inguruko jende gutxiago hurbildu da, oraingoz, ekimenera. Getxon ere hala da?
EAJrekin hitz egin zuen Gure Esku Dago ekimenak. Gainerako alderdiekin hitz egin zuten moduan. Azaldu zitzaien proiektua, herri ekimena dela nabarmenduz eta alderdien atxikimendua ez dugula nahi, herrien atxikimendua baizik. Gure Esku Dago ekimenak lortu nahi du Herria mugitzea helburu baten alde, giro bat sortzea, alderdi politikoek babes edo zoru bat izan dezaten dagokien erakundeetan dagokien ekimenak bultzatzen dutenean. Eskubide horren alde, jende asko dagoela atzean. Baina ez dugu alderdien babes espliziturik nahi orain. EAJk libre utzi die alderdikideei, nahi badute, ekimenean parte hartzeko. Algortan, EAJko batzuk gaude batzordean eta jeltzale asko dago, modu normalean, ekimenean parte hartzen. Badakit beste herri batzuetan ez dela horrela, baina ezker abertzaleko batzuk ere ez dira horren bizkor apuntatu ekimenera. Herri batzuetan, alderdi ezberdinen arteko egoera edo arazoak handiak dira edo izan dira. Eta ulertzekoa da batzuei kostatzea elkarrekin aritzea. Baina kritiken ordez, gauzak lasai hartu eta apurka-apurka jendea geureganatzeko lanean jarraitu behar dugu.
Ekimen honek eta gizarte zibilak, oro har, zenbat eta indar handiagoa izan, alderdi ezberdineko jendea hurbiltzen joango da poliki-poliki?
Bai, sinistuta nago hori hala izango dela. Zenbat eta ezagunago izan ekimena, giza katea arrakastatsuagoa izango da, oihartzun handia izango du eta jendea hurbiltzen joango da. Batzuk damutu egingo dira giza katean ez parte hartzearren. Normala da zalantzak edukitzea ea nork agintzen duen halako proiektu baten, baina ahaleginak egiten gabiltza aniztasuna bermatzeko eta, denon ahaleginarekin, jendea hurbilduko zaigu.
Ze espero duzu ekainaren 8an?
Aurreikuspenak gaindituko ditugu. 50.000 lagunen parte hartzea gaindituko digu erraz, baina ez gaindituta ere, aurrera egin behar dugu. Helburua ez da 50.000 lagun batzea, urrunago doa. Helburua da gizartea mugiaraztea, alderdi politiko eta agintariei erabakiak hartzen laguntzeko.
Zertarako balioko du, bereziki, giza kateak?
Inportantea da erabakitzeko eskubidearen alde gaudenon diskurtsoa sendotzeko. Bestetik, Herria protagonista izatea oso garrantzitsua da. Gero, bizikidetzarako ere oso-oso inportantea da.
Zela begiratzen diezu Kataluniari eta Eskoziari, eta han gertatzen ari denari?
Bi erreferente dira, ezberdinak biak ere. Bereziki, inbidiaz, Eskoziari begiratzen diot. Ez dute borrokatu behar izan erabakitzeko eskubidearen alde. Londreseko gobernuarekin adostu dute batere arazo barik. Guk eskatzen duguna Eskoziak badauka. Eskubide hori gauzatzera doa erreferendumean. Kataluniari, ostera, guri bezala, ez dio aitortu eskubide hori Espainiako gobernuak, ez du errespetatzen nazioarteko eskubide edo printzipioa.
Katalunia Euskal Herriaren aurretik doa…
Nabarmentzekoa da Katalunian ze ondo ari diren pausoak ematen. Gutxi gorabehera, Quebec-eko epaitegiek esandakoa betetzen ari dira Katalunian. Erabat demokratikoa izan behar dela, gauzatzeko Estatuarekin hitz egin behar dela, gutxiengoen ikuspuntuak errespetatu eta babestu behar direla, biolentziarik barik egin behar dela... Bestalde, orain aterako duten Kontsulta legea Espainiako epaitegiek atzera botatzen badute, badakite zer egingo duten, hau da, bide orria marraztuta dute eta betetzen ari dira. Pauso guztiak eman ostean, konponbiderik lortu ezean, aldebakarreko erabakiak hartuko dituzte.
Zein da oztopo nagusia herri galdeketa egin ahal izateko Euskal Herrian?
Espainiako gobernua edo Estatua eta, batez ere, bi alderdi nagusien jarrera. Ez dezagun ahaztu PSOE ere. Baikor naiz, halere, PSE-EE ere gure aldarrikapenetara etorriko dela uste dudalako, baina PP beste kontu bat da.
Ibarretxe saiatu zen erabakitze eskubidea aldarrikatzen. Ze ezberdintasun dago lehendakariaren ahalegin instituzionalaren eta Gure Esku Dago ekimenaren artean?
Alde nagusia da Ibarretxerena ekimen instituzionala izan zela. Eta ezezkoa eman ziotenean, gizartea ez zela mugitu. Beste sasoi bat zen. Gure Esku Dago ekimenak, berriz, nahiko luke, poliki-poliki, indartzen joan eta legebiltzarrean edo gobernuan proposamen bat egiten denean, gizartea atzean egotea.
Ikusiko dugu herri galdeketarik?
Bai. Gauzak azkar doaz. Ikusi zer gertatu zen Europako beste herrialde batzuetan ere. Eskozian, unionistek ere onartzen dute erabakia eurena dela, eskoziarrena, alegia.