Finantza erakundeek kaltetutakoen elkartea Eroski eta Fagorren ekarpenen jabeekin batzartuko da

Leire Kortabarria 2014ko mai. 6a, 11:48

Euskadin bere burua aurkeztu du APDEF elkarteak, Finantza Erakundeek Kaltetutakoen Elkarteak, eta iragarri du datorren eguaztenean Fagor eta Eroskiren ekarpen subordinatuak dituzten herritarrekin batzartuko direla. Elkartea prestatzen dabil produktu horiek kaltetutakoen banakako lehenengo 200 salaketak.

APDEF Euskadik esan duenez, 200 salaketa horiekin 5 milioi euro baino gehiago berreskuratzea espero du. Gipuzkoan, 100 salaketa dabil aurrera eroaten; 50, Bizkaian, eta beste 50, Araban. Ekarpen subordinatuak merkaturatu zituzten zenbait banketxe eta entitateren aurkako salaketak dira: Banco Santander, Laboral Kutxa, BBVA eta La Caixa.

APDEF Euskadiren arabera, "Fagor eta Eroskiren ekarpenek kaltetutako bezeroen 50 milioi euro baino gehiago berreskuratzea espero" du elkarteak. Kalkulatzen du Euskadin halako 40.000 bezero baino gehiago daudela.

Akatsik gabeko salaketak

Eroskiren eta Fagorren ekarpenen jabeekin izango duten batzarrean, "inbertitu dutena ahalik eta modu pertsonalizatu, azkar eta fidagarrienean" berreskuratzeko modua azalduko diete.

Kontuan hartuko dute horretarako salaketaren zuzentasuna; izan ere, orain dela gutxi, Donostiako 1. Merkataritza-Epaitegiak bertan behera utzi du Adicae elkarteak aurkeztu zuen talde-salaketa, formazko defektu asko zituelako.

Euskadin, 200 bazkide

APDEF elkartea 2012an sortu zen. Espainiako 50 hiritan baino gehiagotan dago eta 2.400 bazkide baino gehiago ditu. Gaur egun, 1.600 auzitegi-prozedura ditu zabalik, 55 milioi euro berreskuratzeko helburuarekin. Dagoeneko 9 milioi berreskuratu ditu, batik bat Katalunian. 220 kasu konpondu dira dagoeneko.

Bankiarekin auzitan egon zen APDEF 2011ko uztailean, akzioak saltzeagatik, eta banketxeak akzioen balio osoa buelta zedin lortu zuen.

APDEF Euskadik 200 bazkide baino gehiago ditu.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak