1. Zazpi urte daroazu Arraldeko ezkutuko alkatea izaten. Nola baloratzen duzu zure agintaldia?
Norberak bere agintaldia txarra edo ona izan dela esatea lotsaga-
bea litzateke, baina audientziak ikusita eta kalean entzundakoekin, esango nuke ondo doala.
2. Gidoian hainbeste bueltarekin, ez duzue aspertzerik izango.
Ez. Goenkale-n hasieratik dauden Maite Duque eta Pedro Fuentesek erakutsi zidaten nola egin denboraldia saskia beteta hasi, eta gauzak atera arren, beteta segitzeko. Aparteko gidoilari taldea dago.
3. 20 urte eta gero, tinko dirau telesailak. Non dago sekretua?
Egotekotan, lan handia eta jende profesional asko dagoela, kamara aurrean eta atzean. Aldaketarako gaitasuna ere hor dago: kutsua mantenduz aurrera egitekoa.
4. Zuzendaria aktore izatea, zein puntura arte da lagungarria?
Ni antzerkitik eta aktore izatetik nentorren. Erreminta telebista izan arren, istorioak kontatzeaz ari gara eta aktoreak zuzentzen jakitea eta eurengandik gertu egotea abantaila bat da.
5. Hain entzuna den aktoreen banitateari aurre egiteko baliaga-
rria izango zaizu behintzat...
Hain entzunak ez diren hainbat gauza ere badituzte; adibidez, grabatu ostean testuak ikasten orduak ematea. Aktoreak beti defendatuko ditut: artisauak, langileak dira.
6. Zure lehen urratsen artean, Bana Banan dago, umeendako saioa. Gogoratzen dizute oraindik ere?
Gutxik, urteak pasa dira-eta! Toti Martinez de Lezeak eman zidan aktore eta aurkezle aritzeko aukera; asko ikasi nuen. Saio zoragarria zen, egun ez dagoen horietakoa.
7. Egin duzu aktoreek hainbeste desio duzuen bizitzako papera?
Oraindik ere ez. Baina aurrerantzean Goenkale beste batzuek zuzenduko dutenez, zuzendari zein aktore moduan beste lan batzuk egin ahalko ditut.
8. Zenbat kosta zitzaizun zu abokatua izatea gura zuen aita aktore izan gura zenuela konbentzitzeko?
Uste dut nik ez, bizitzak konbentzitu zuela. Asko egin zuten gurasoek euskal kulturagatik, baina horretaz ezin zela bizi usteko zuten. Posible dela erakutsi diet.
9. Etxean bazenuten beraz arterako eta euskalgintzarako joera.
Luxua zen: Ez dok amairu-ren garaian, Mikel Laboa eta Xabier Lete etxean egoten ziren, adibidez. Umetan pastoralak ikusten genituen, antzerki obrak komikiak balira legez irakurri... Gurasoek altxor itzela eman ziguten.
10. Zertan eragin zizun 80ko hamarkadan Londresen antzerkia ikasten egon izanak?
Burua zabaltzen, ikusten kanpokoa ere interesgarria dela. Nahi badugu, pertsonok elkar ulertu dezakegula ere bai.
----------
Makila magikoa baneuka: "Armak kenduko nituzke: armarik gabe, gizakiok ezingo genituzke egin egiten ditugun basakeriak"