66,5 milioiko superabita Gipuzkoako ekonomia sustatzeko erabiliko du Foru Aldundiak

Leire Kortabarria 2014ko mai. 1a, 00:00
Foru Aldundiak jakinarazi du agintaldi hasierako zorpetze maila berari eutsiko diola, eta 2013ko superabita "lurraldearen ekonomia eta ongizatea sustatzeko" erabiliko duela. Zehazki, 66,5 milioiko superabita izan du; kudeaketari dagozkio 8,3 milioi.

"Egite bidean dauden zenbait lan azeleratuko" ditu eta inbertsio programak jarriko ditu martxan Aldundiak izan duen superabitarekin. Oraingoz, ez dira zehaztasun gehiago eman.

Diputatuen Kontseiluak 2013ko kontuak onartu zituen martitzenean, Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko Foru Arauak agintzen duen moduan, gehienez lau hilabeteko epearen barruan. Ekitaldiaren itxieraren azken emaitzak ere jasotzen dira.

2013ko aurrekontuaren likidazioari dagokionez, hauexek dira, oro har, alderdi aipagarrienak, Larraitz Ugarte bozeramaileak esan duenez: batetik, 2013ko ekitaldiko aurrekontu emaitza positiboa izan da, 8,3 milioi euroko superabita izan du Aldundiak. "Horrek adierazten du, urtean zehar aurrekontuaren exekuzioa oso modu zuhur eta eraginkorrean egin dela", Aldundiaren esanetan. Bestetik, 2011 eta 2012 urteetatik jasotzeko zeuden 58,1 milioi aurten jaso dira. Diru kopuru horiek estatuak mendekotasun legearen finantziazioarako egiten duen ekarpenari dagozkio. Guztira, 66,5 milioiko superabita izan du Aldundiak.

563 milioiko zorra bere horretan geratuko da

Ugartek gogora ekarri duenez, Martin Garitanoren taldeak gobernua hartu zuenean "zorra oso handia zen, %80koa". 2013an, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru aldundien arteko akordioaren bidetik, ekonomia eta enplegua sustatzeko 18 milioiko zorpetzea onartu zen, eta orain, 18 milioiko zorra amortizatuko du. Agintaldi hasieran 563 milioiko zorra zuen, eta bukatzean ere 563 milioiko zorra utziko duela esan du Larraitz Ugartek.

Gainerako baliabideak lurraldearen ekonomia eta ongizatea sustatzeko inbertsioetara bideratuko direla azaldu du foru bozeramaileak: "Gaur egungo testuinguru ekonomikoa ikusita (langabezia, hazkunde makala…) gobernu honek konpromisoa du lurraldean inbertitzeko diru hori, gipuzkoarren dirua izanik, derrigorrez Gipuzkoako ekonomia eta enplegua sustatzeko erabili behar baita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak