Aloñako Igoerak 10 urte, indartsu

Xabier Urtzelai 2014ko api. 30a, 12:32
Hamargarrenean dena eman, eta agur esan. Hori zen, hasiera batean, Aloñako Igoera antolatzen duen lagun koadrilaren asmoa. Eta asmo horrekin hasi ziren lanean, Oñatiko mendi lasterketako azken edizioan "galanta" egiteko asmoaz. Astelehenean, baina, Harmailatik saioan Argider Isastik onartu zuen ezetz, egongo direla edizio gehiago: "Lagun berriak sartu dira lan-taldera, eta segituan berotu gintuzten jarraitzera. Ikusteko dagoena da, bertsoekin gertatzen den moduan, lasterketak bere horretan jarraituko duen, beste doinu batekin egingo duen aurrera, ala bertso berri bat hasiko dugun ostera, erabat ezberdina".

Asteburu potentea egubakoitzean hasiko dute, gauez egingo duten kilometro bertikalaz –Euskal Herriko Txapelketa izango da proba, eta Koparako baliagarria ere bai. Hala, horrek puntako atletak erakarri ditu probara, esaterako, Agusti Roc –Kilometro Bertikalean Munduko eta Europako txapelketak irabazitakoa–, Iñigo Lariz –Espainiako txapeldun iaz– eta Ionut Zinca –modalitate eta distantzia desberdinetan palmares ikusgarria duena: "Egubakoitzean Arantzazun giro polita izango da. Lehenago trikitiaz lagunduta pintxopotea izango da hango tabernetan, eta 21:30ean hasiko da lasterketa. Lehenago,  Arantzazuko parketxeko sarrera doan izango da –arratsaldean–, eta ibilbide gidatuak ere egingo dituzte.

Hala, korrikalariek 2,7 kilometrotan 720 metroko desnibela gainditu beharko dute: "Inguruak ezagutzen ez dituenarendako, Arantzazuko amildegi azpian hasiko dugu proba [Bellotzako zubian] eta Arantzazutik igaro ostean Buetraitzeko tontorrean amaituko da proba. Pentsatzen dugu Arantzazun jende asko batuko dela".

Zapatu goiza, txikiendako

Zapatu goiza, berriz, etxeko txikiendako izango da: "Korrikalarien senitartekoei keinu bat egin gura izan diegu, eurak dira-eta gure zaletasun hau sufritzen dutenak. Horregatik hainbat gauza antolatu ditugu eurendako, esaterako, zapatu goizean gaztetxoendako lasterketa txikiak egingo ditugu plazan, eta puzgarriak ere egongo dira. Jende asko etorriko da furgoneta eta autokarabanatan –egubakoitzean Arantzazun egingo dute lo, eta zapatuan unibertsitate ondoko parkingean". 

Zapatu arratsalderako (16:00), berriz, Txapeldunen Desafioa antolatu dute [informazioa behean], eta 19:00etan, berriz, mahai-inguru interesgarria egingo dute institutuko aretoan. Hizlari izango dira Iker Karrera, Oihana Kortazar, Walter Becerra, Ionut Zinca, Agusti Roc eta Jon Odriozola, eta Iñaki de Mujika gidari.

Arratsaldean, Txapeldunen Desafioa

Zalantza barik asteburuan egongo den hitzordu bitxiena zapatukoa izango da, txapeldunen desafioa izenaz bataiatu dutena: "Lagunen artean sarri ibili izan gara eztabaidan, ea zein izango litzatekeen Aloñara igotzeko modurik azkarrena, handik jaistekoa... Eta horren bueltan, desafio hau antolatzea okurritu zitzaigun", adierazi digu Isastik.

Horretarako, gurean ezagunak diren puntako hainbat kirolari eta kirolari ohi gonbidatu dituzte –erretratuetan ez daude denak– eta bikoteak osatuta Aloñara joan-etorria egin beharko dute: Batzuk errepideko bizikletan joango dira Gomiztegiraino, eta han mendiko bizikletak hartuko dituzte gora jarraitzeko. Beste batzuk, ostera, korrika egingo dute behetik gorako bidea. Eta goian, taldekideek erreleboa hartu eta beheranzko bidea hartuko dute. Batzuk enduroko bizikletan jaitsiko dira, parapentean salto egingo duenik ere bada... "Plazan guztiak aurkeztuko ditugu, eta orduan esango diogu bakoitzari zer egin behar duen. Uste dut Belar leku polita izan daitekeela proba ikusteko".

Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkie desafiora animatu direnei: "Euretako askok astebururo izaten dituztelako hitzorduak, eta gurera musutruke etorriko direlako". Eta baita asteburuan bertan lanean ibiliko diren guztiei: "Ehun boluntario inguru izango ditugu". 

Domekan, lasterketa 'klasikoa'

Eta domeka izango da ohiko mendi lasterketaren eguna, nahiz eta ibilbide berria izango duen –Kluben arteko Euskal Herriko Txapelketa izango da. 9:00etan hasita –irteera eta helmuga plazan–, 22,6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte-hartzaileek, 2.020 metroko desnibel positiboarekin. Aloñara iritsita, tontor gehiago egin beharko dituzte: Buetraitz, Akaitz, Arriurdin eta Artzanburu, mendilerroaren ipar aurpegian dagoen meatzarien bide zaharretik jaisteko gero: "Ibilbidea gogorragoa da, baina baita askoz ere ederragoa ere. Beldur ginen apur bat luzatuta herri mailako atletek atzera egingo ote zuten, baina ez, 50 oñatiar inguruk eman dute izena, inoiz baino gehiagok, eta horrek asko poztu gaitu". Eta hor ere, puntako parte-hartzea egongo da. 

Astelehenean grabatutako Harmailatik saioa, hemen.

Astebururako egitaraua:

Egubakoitza

16:00-19:00 Arantzazuko parketxea dohainik.

19:00-21:00 Pintxopotea trikitilariekin Arantzazuko tabernetan.

21:30 Gauez lasterketa bertikala.

Zapatua

10:00-13:00 Puzgarriak Foruen enparantzan.

11:30-12:30 Aloñako Igoera Txiki (2-14 urtekoendako).

16:00 Txapeldunen desafioa.

19:00 Iñaki de Mujikak gidatuta, kirolari ezagunekin berbaldia, Institutuan: Iker Karrera, Agusti Roc, Oihana Kortazar, Walter Becerra, Ionut Zinca, Jon Odriozola.

Domeka

09:00 Aloñako X. Igoera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak