Lizitatu dituzte Bergarako lotuneko lehenengo obrak

Goiatz Arana Begiristain 2014ko api. 30a, 09:05

Bost zati izango ditu Bergarako lotuneak, eta horietako bat egiteko obrak lizitatu ditu oraingoz Espainiako Sustapen Ministerioak; Bergara eta Arrasate artean, Kobaten. 133 milioi bideratuko dira obra horietara. Hitzemandakoa baino urtebete beranduago eman du urratsa eta gaur egun gehiagotarako dirurik ez dagoela esan du Rajoyk.

Garai "zail" batean gaudela eta aurrekontuek "ahalbidetu" ahala jarraituko dutela lanean adierazi du Espainiako presidenteak, baina erantzunak ez du ase Eusko Jaurlaritza. Madrilek azpiegituran aurrera egiten joateko albiste bakanak EAJren edo Eusko Jaurlaritzaren galderen eta eskakizunen ostean egiten dituela salatu du eta, hain zuzen ere, jeltzaleek egindako galdera bati erantzunez egin du azken jakinarazpena ere: Eusko Alderdi Jeltzaleko diputatu Aitor Estebanek egindako galdera bati erantzunez eman zuen Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak albistea atzo, Espainiako Diputatuen Kongresuan.

"Seriotasun falta"

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, gaiaren inguruan duen "seriotasun faltaren" seinale agerikoa da hori, eta Euskal Y-a egiteko erabaki sendoagoak behar direla ohartarazi du: "Bergarako lotuneak bost zati izango ditu; guztiek dute berebiziko garrantzia, eta berehalakoan lizitatu behar dira obrak". Ildo horretatik mintzatu zen Diputatuen Kongresuan Esteban bera ere: lanerako egutegi bat finkatzeko eta datak zehazteko eskatu zion Rajoyri, baina ez zuen horrelakorik lortu. Orotara, 5.000 milioi euroko azpiegitura dela oroitarazi zuen, eta ez dela erraza, egungo egoera ekonomikoan, horri aurre egitea. Espainiako Gobernuarena da Bergaran lan hori egiteko eskumena.

2,9 kilometro

Arrasate eta Bergara arteko zatia 2,9 kilometro luze izango da. Bergarako lotune osoak 16 kilometro inguru izango ditu, eta hori gauzatzeko 600-700 milioi euro eta 38 eta 42 hilabete bitartean beharko lituzkete. Zailtasun tekniko handiko tartea da eta tarte horretan joango da Euskal Y-aren tunelik luzeena ere: 6.900 metro izango ditu eta Udalaitzen barrena joango da.

AHT Abiadura handiko trenaren Euskal Y proiektuaren trenbideko adarrek bat egingo duten tokiko lehen obrak gaur lizitatuta, beste lau geratuko dira, beraz.

Lanak urte honetan bertan hasiz gero, Bergarako lotuneko obra zibila 2017 hasierarako bukatuko dute, azkarrenera jota. Aldiz, Gipuzkoako zatiko obra zibila 2016an amaituta egotea aurreikusten dute. Behin obra zibilak bukatuta, gainegitura lanak egitea faltako litzateke. Aurreikuspenak betetzen badira, azpiegiturak prest behar luke lau urteko epean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak