Paco Alvarez: "Gizarteari zerbitzu bat eskaintzeko sortzen da enpresa bat, ez dirua irabazteko bakarrik"

Eneko Azkarate 2014ko api. 30a, 09:00
Finantzen analista independentea da Paco Alvarez, Ondasun Komunaren Ekonomian aditua eta korronte horretako izen ezagunenetakoa. Hain justu ere, gai horren gainean jardungo du maiatzaren 5ean Arrasateko Kulturaten, 19:00etatik aurrera.

Harreman Denda Bidezko Merkataritza elkarteak gonbidatuta dator Arrasatera. Ekonomia, guztion ongizatea eta bidezko merkataritza da berbaldiaren izenburua. Alvarez, Matematiketan lizentziatua eta Informatika Injinerutzan doktorea da Parisko Sorbona unibertsitate ospetsuan eta Parisko burtsan lanean jardun zuen 1971tik 1995era, bertako presidente orde izatera heldu zelarik. Hainbat hedabidetan kolaboratzen du.

Zer da Ondasun Komunaren Ekonomia?
Kontzeptu hori duela lauzpabost urte hasi zen erabiltzen, Christian Felber ekonomialari austriarrak izen bereko liburua argitaratu zuenean. Alamenez idatzi eta hainbat hizkuntzatara itzuli da liburua, tartean gaztelaniara duela urte bi. Egia esan, ekonomia sozialaren inguruan aspalditik erabiltzen ziren hainbat ideia edo kontzepturen batura da: kooperatibak, bidezko merkataritza, jasangarritasuna… Christian Felberrek bere liburua idatzi zuen une berean, Italian titulu bereko beste liburu bat idatzi zuen Stefano Zamagnik eta bi autore hauek ez zuten elkar ezagutzen. Horrek esan nahi du hauen bien ekarpena izan dela hainbat ideia edo kontzeptu ordenatu dituztela eta erreminta berriak eskaini.

Ze helbururekin?
Gaur egungo botere ekonomikoa apurka-apurka aldatzea. Betiere, enpresa izanik hasierako edo gertueneko zelula.

Ze irizpide edo oinarriren gainean gabiltza berbetan?
Ulertzeko, gaur egungo ekonomia eredua aztertu beharko genuke. Diruan oinarritutako eredua da gaur egungoa eta hori ageri-agerian geratu da beste behin ere azkeneko krisi honekin. Eta dirua ulertuta ez erreminta moduan, baizik eta helburu moduan. Herrialde bateko aberastasuna Barne Produktu Gordinaren arabera neurtzen da. Baina ze adierazten du Barne Produktu Gordinak? Soilik herrialde batek  aurreko urtean baino diru gehiago edo gutxiago daukala. Eta zela neurtzen da enpresa baten arrakasta? Lortu dituen irabazi edo mozkinen arabera. Ordea, Barne Produktu Gordinak ez du adierazten herrialde batek irabaziak zela lortu dituen: diktadura bat den ala ez, emakumeak ostikoka tratatzen dituen… Eta enpresa batek lortutako irabaziak aztertzerakoan, ez da kontuan hartzen enpresa horrek adin txikikoak esplotatzen dituen ala ez. Edo lanpostu bererako soldatak ez direla berdinak gizonezkoendako edo emakumezkoendako…

Dirua ez da garrantzitsua, hortaz?
Jakina dela garrantzitsua. Ondasun Komunaren Ekonomiak ez dio bizkarrik ematen dirua irabazteari, baina ongizatea sortzen duten beste balio batzuk ere aintzat hartzen ditu. Hortaz, enpresak antolatzeko modua aldatu beharra dago. Enpresa bat ez da langilez osatutako gunea soilik, hori baino gehiago da, ingurune baten kokatuta dagoen erakunde bat da, esaterako. Ondasun Komunaren Ekonomiak proposatzen ditu erreminta batzuk enpresarendako, ebaluatu ahal izateko enpresa horiek ongizatea sortzen duten. Enpresa bat ez da dirua irabazteko sortzen. Dirua irabazi behar du, jakina, baina helburua beste bat da: gizarteari zerbitzu bat eskaintzeko sortzen da enpresa. Hori izan behar da haren ekarpena.

Irabaziak langileen artean modu orekatuan banatzea ere proposatzen da?
Hala da. Ez da logikoa enpresa baten langile batek irabaztea hilabetean beste batek lau urtean irabaz dezakeena. Astakeria hutsa da. Kontua ez da langile guztiek soldata berdina edukitzea, baina zentzuzkoa izan behar da soldata politika. Akziodunen artean mozkinak banatzeko langileak ostikoka tratatzea ez da bidezkoa. Hori orekatu beharra dago.

Erakundeek Ondasun Komunaren Ekonomiaren helburuekin bat egiten duten enpresak saritzea proposatzen duzue?
Bai. Gizarte ongizatea bultzatzen duten enpresei onura fiskalak ezartzea proposatzen da. Eta ez enpresa inportanteei laguntzea, beste barik, egiten dutena egiten dutela. Udalek, lehenbizi, baina hortik gora erakunde guztiek. Behetik gora eraikitako eredua da eta betiere zuzeneko demokrazia eta gardentasuna bultzatuz.

Asko teorizatu da Ondasun Komunaren Ekonomiaren gainean, baina praktikara eroan da?
Christian Felberren liburuaren ostean, duela lau urte, praktikan jartzen hasi ziren Europako hainbat herrialdetan eta gaur egun 1.500 enpresa baino gehiago daude praktikan jartzen kontzeptu hauek. Espainian, 200 bat ari dira ariketa egiten. Espainian duela urte bi baino gutxiago hasi ginen eta dagoeneko 5 enpresatan bukatu dute ariketa guztia eta praktikan jarria dute Ondasun Komunaren Ekonomia.

Erakunde, elkarte edo halakorik sortu da hemen?
Espainian elkarte bat sortu da eta joan zen asteburuan egin da Valentzian, han baitauka egoitza, Ondasun Komunaren Ekonomiaren Elkarte Federalaren urteko lehen batzar orokorra.

Aipa zenezake dagoeneko Ondasun Komunaren Ekonomia aplikatzen diharduen enpresaren bat?
Alacanteko Muro de Alcoy herriko udalak aplikatzen ditu irizpideak; izan ere, herri horretan kokatuta zeuden hainbat enpresa, horien artean Micoviñas. Kooperatiba hori duela 6 urte sortu zuen inguruko minifundista talde batek ardoa ekoiztu eta saltzeko, baina Ondasun Komunaren Ekonomiaren oinarriak aintzat hartuz. Bada beste enpresa ezagun bat, La Fageda izenekoa, jogurtak egiten dituena eta gaixo mentala duten langilez osatua. Urte asko daroatza oinarri hauek aplikatzen, Christian Felberrek liburua argitaratu aurretik. Izan ere, esan dudan moduan, Ondasun Komunaren Ekonomiak ordenatzen ditu lehendik ezagunak ziren hainbat kontzeptu, bidezko merkataritza, esaterako.

Kooperatibak Ondasun Komunaren Ekonomiaren enpresak dira?
Bai. Mondragon taldea eredugarria da alde horretatik. Askotan erabiltzen dut Mondragoneko kooperatiba eredua erakusteko, beste behin, ez duela itxoin Ondasun Komunaren Ekonomiaren kontzeptua asmatu arte. Kooperazioa, lehiaren ordez. Hori da funtsa.

Zein da Ondasun Komunaren Ekonomiaren oinarriak aplikatzeko oztopo nagusia?
Hainbat dira, baina bat, oinarrizkoa, da heziketarekin lotutakoa: sinestarazi digute diruak zoriontasuna dakarrela eta ez da horrela. Heziketa oso garrantzitsua da. Horregatik, ekonomia ikasketen unibertsitate garrantzitsuenak hasi dira gai honen gaineko sailak sortzen. Bestetik, jendeak uste du gaur egungo eredu ekonomikoa ezin daitekeela aldatu. Azken oztopo bat da enpresaburuek diotela ez daukatela astirik Ondasun Komunaren Ekonomiaren oinarriak ezartzeko. Horregatik sortu dugu talde bat laguntzeko nahi duten enpresei ariketa egiten.

Agintariek zela ikusten dute gaia?
Apurka-apurka interesa agertu dute, baina nahi dugu saihestu alderdi politiko batek edo besteak bere egitea, monopolizatzea. Bestela jai dugu. Nahiko genuke alderdi guztiek aintzat hartzea Ondasun Komunaren Ekonomia baina inork ez dezala bere egin.

Alderdi politikoren batek aintzat hartu eta aplikatu ditu oinarriak?
Frantziako alderdi sozialistak, PSF-k, Errepublikako presidentea aukeratzeko azkeneko hauteskundeetan eroan zuen programan soldata faktorearena, hain justu ere, eta François Hollandek aplikatu du, behin agintera helduta. Guk eskatu diegu alderdiei euren programetan aintzat hartzeko bi kontu: batetik, lanbide arteko gutxieneko soldata dagoen moduan, gehieneko soldata ere zehazteko. Asko irabazten dutenei muga bat jartzeko. Eta, hain justu ere, François Hollandek jarri du 20ko soldata faktorea Franziako enpresa publikoetan. Hala, gehien irabazten duenak gehienez ere gutxien irabazten duenak baino 20 bider gehiago irabaziko du. Neurri honekin lortu du 6.000 milioi euro baino gehiago aurreztea eta diru horrekin sortu ditu lanpostu berriak Frantziako Hezkuntza Sistema Nazionalean.

Zer dauka Komunismotik edo Sozialismotik eredu honek?
Hasiera baten, Marxen teoriekin ez du zerikusirik, non Estatuak egiten duen guztia. Ereduak onartzen du ekimen pribatua, baina hainbat gaitan, energian edo uraren kudeaketan, esaterako, bai eskatzen dugu Estatuaren esku hartzea, ura ondasun komuna delako. Ondasun komunak ezin daitezke esku pribatuetan utzi. Bestetik, enpresei diru publikoarekin laguntzen bazaie, bankuei esaterako, logikoa da enpresa horietako aginte organoetan ordezkatuta egotea herri agintariren bat.

Etorkizuneko eredu erreala da Ondasun Komunaren Ekonomia?
Bai. Aipatu dudan La Fageda enpresak, esaterako, iaz 13 milioi euro fakturatu zituen eta 300 langile ditu. 6ko soldata faktorea dute. Enpresaren sortzaileak 5.000 euro irabazten ditu hilean eta gutxien kobratzen duenak 900 euro jasotzen ditu. Merkatu kapitalistan murgilduta dago, baina ongizatea sortzen ari da ingurunean. Tren bagoiak ordenatzea da kontua, beste modu batean kokatzea.

Enpresetan kalitate ziurtagiriak lortzeko moduko ariketak proposatzen dituzue Ondasun Komunaren Ekonomiaren oinarriak aplikatzeko?
Bai, hori da. Semaforo moduko batek erakusten du ze egoeretan dagoen enpresa: gorriz badago, oinarriak aplikatzeko hastear dagoela adierazten du eta laranja kolorez badago, bidean dagoela. Etiketa moduko bat jartzen zaie enpresaren produktuei kontsumitzaileek janik dezaten horretan dihardutela. Bestetik, barra kodigoaren bidez, enpresaren datuak ezagutzeko aukera dute. Erabateko gardentasuna, hortaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak