Edozein alderdik jar zitzakeen alegazioak. Behin epea bukatutakoan, Fagor Etxetresnen eta Edesaren aktiboengatik eskaintzak jasotzeko epea irekiko da. Eskaintza horiek finkoak eta zehatzak izan beharko dira. Orain arte, intentzioak edo interesak dira agertu izan direnak. Batik bat, bi gailendu dira: Aljeriako Cevital taldearena -dagoeneko Frantziako markak bereganatu dituena eta Frantziako aktiboak erosteko oniritzia jaso duena- eta Kataluniako CNA taldearena. Biek agertu dute Garagartzako eta Eskoriatzako lantegien gaineko interesa, eta hainbat lanposturi eusteko edo sortzeko asmoa ere.
Bestalde, Geyserren inguruko interesa agertu du PHI inbertsio-fondoak.
Asmo horiek guztiak laster hasi beharko dira konkretatzen.
Prezioa, enplegua, kaudimena…
Epaileak izango du azken hitza. Bere erabakian pisua izango dute hainbat irizpidek; garrantziaren arabera, hauek: prezioa eta ordaintzeko modua; eskaintza bakoitzak proposatzen duen enplegu maila; eroslearen kaudimena edo solbentzia; aurkezten den proiektu industriala; langileek ager dezaketen babesa; zamadun aktiboen jabeekin edo pribilegiatutako hartzekodunekin egindako akordioak; eta lurraldeko beste enpresekiko lortutako sinergiak.
Likidazio Planaren helburu nagusiak hauek dira: industria-jarduera berriz hastea, ahalik eta lanpostu gehienei eutsiz; erosle edo eskaintzaileek ahalik eta arrakasta handiena izateko moduko plan industrialak lortzea; eta hartzekodunekiko dauden zorrak kentzeko ahalik eta diru gehiena lortzea.
Enpresak osorik erosteko eskaintzak
Likidazioa egiteko, hiru bloketan banatu da Fagor Etxetresnen eta Edesaren aktboa: batetik, unitate produktiboei dagozkien aktiboak (azpi-unitate produktiboak ere kontuan hartuta, hau da, Lerro Zuria, Etxetresna Txikiak eta Confort), Fagor Etxetresnen ekoizpenari zuzenean lotuta ez dauden aktiboak, eta Edesaren ekoizpenari zuzenean lotuta ez dauden aktiboak.
Salmenta hiru fasetan egingo da. Lehenengo, enpresak osorik erosteko eskaintzak jasoko dira; bigarren fase baten, unitate produktiboak erosteko, eta bi fase horietarako 25 eguneko epea egongo da Likidazio Plana onartzen denetik. Hori bukatutakoan, Fagor Etxetresnendako eta Edesarendako produzitzeko ezinbestekoak ez diren aktiboak saltzeko eskaintzak entzungo dira, eta baita lehenengo bi faseen ondoren hutsik edo eskaintzarik gabe geratu diren aktiboengatik eskaintzak ere.