Beraz, ez da epaiketarik izango, baina horrek ez du esan nahi aurreztaileendako auzitegien bidea itxi denik; Adicaek taldeko demanda ipini zuen, eta aurreztaileek banaka jo ahal izango dute epaitegietara. Adicaeren salaketarekin bat 69 lagunek egin zuten.
Rodriguezek dioenez, akatsen artean, ez da argi geratzen Adicaek zer eskatzen dion Laboral Kutxari eta zer Eroskiri eta Fagorri; ez dira ustezko klausula abusiboak identifikatzen; ez eta baliorik gabe uzteko eskatzen diren banakako kontratuak ere.
Epaileak dioenez, prozesuak aurrera jarraituko balu, Adicaeren eskaerari uko egitea besterik ez luke izango, prozesu-arrazoiak tarteko; hau da, epaileak ez du esaten ze aldek duen arrazoia, baizik eta akats batzuk daudela eskaeran.
Ontzat eman ditu enpresen alegazioak
Epaileak ontzat eman ditu, beraz, Laboral Kutxaren, Fagorren eta Eroskiren alegazioak eta orain arteko kostuak Adicaeri eta 69 eskatzaileei egozten dizkie.
Aldez aurreko bistak, apirilaren 11n, Adicaeren eskaeraren aldekoak izan ziren. Bertan, epaileak Adicaek aurkeztutako froga guztiak onartu zituen. Adicaek orduan data ipini zion epaiketari: irailaren 8an, Fagor eta Laboral Kutxaren aurka, eta irailaren 15ean, Eroski eta Laboral Kutxaren aurka. Baina azkenean ez da halakorik izango.