Ezustekoa tarteko, aurreikusi baino ordu erdi beranduago hasi da Donostiako Gipuzkoa plazan ikurrinaren aldeko ekitaldia. Izan ere, hasi baino minutu batzuk lehenago, aldundiaren egoitzatik irteten ari zela, zorabiatu egin da Marin Garitano diputatu nagusia eta anbulantzian eroan dute.
Kortabarriak altxatu du ikurrina
Behin ekitaldia hasitan, aurreskua dantzatu eta abestu dute, eta iragarri bezala, Inaxio Kortabarriak altxatu du ikurrina gero. Ondoren, Larraitz Ugartek hartu du hitza eta esan du Garitanok "hitzaldi hunkigarria" zuela, baina gertatutakoak tarteko, ez zela momentua irakurtzeko. Hala, eskerrak eman dizkie bertaratutakoei, eta adierazi du "aste zailak" izan direla diputazioarentzat, Espainiako bandera jartzea bete beharreko agindua zelako.