Tokiko enplegu planak sustatzeko dirua bideratu du Jaurlaritzak eta Debagoieneko mankomunitateak ere jasoko du

Mirari Altube Arrese 2014ko api. 25a, 12:03

Astean iragarri du Eusko Jaurlaritzak udalendako eta mankomunitateendako diru-laguntzak martxan jarriko dituela, orain dela sei hilabete aurkeztutako horiek, hain zuzen. Langabeak kontratatzeko dira diru-laguntzok, 16 milioi guztira eta 2.500 lanpostu sortuko dituzte. Debagoieneko mankomunitateak ere jasoko du.

Laguntza horiek 2013ko urrian onartutakoak dira; udalek eta mankomunitateek 2013ko urte bukaeran egin zituzten eskaerak eta diru hori orain iritsiko zaie. Guztira 16 milioi euro izango dira  eta 49 tokiko erakundek jasoko dute. Gipuzkoak 5,049 milioi jasoko ditu eskaera egindako 15 herri eta mankomunitateen artean banatzeko eta 600 bat lanpostu sortu; horien artean dago Debagoieneko mankomunitatea, horrek 307.000 euro jasoko ditu. Laguntza jasoko duten gainerako herrien artean daude Donostia, 1,30 milioi euro jasoko ditu; Errenteriak, 641.000 euro; Irunek, 626.000 euro; Elgoibarrek, 645.000 euro; eta Tolosak, 318.000 euro.

PSEk eta EH Bilduk salatu zuten diru-laguntzok izoztuta zituela Jaurlaritzak, eta udal batzuk laguntzok aurreratu beharrean izan direla. Izan ere, urrian onartu zuten 20 milioi euroko laguntzok, orain dela sei hilabete, eta salaketon ostean 16 milioi desblokeatu ditu Jaurlaritzak.

Lau ekintza

Enplegua sustatzeko toki-proiektuak finantzatzeko laguntzetan lau ekintza hauek jaso dituzte.

Enpleguaren sustapena

Enplegua sustatzeko ekintzatzat hartzen dira ezohiko merkatuan egiten diren kontratazioak, haien helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegua handitzea bada.

Ekintzaileak babestea

Enpresa ekimenen sorrera babestea eta sustatzea du helburu; bai autoenplegua sustatzen dutenak, bai bestelako forma juridikoren batekin enplegu-gune eta interes estrategikoko sektore berriei lotuta daudenak.

Kontrataziorako laguntzak

Lanbiden izena emanda dauden langabeak ohiko lan-merkatuan eta toki-enpresetan kontratatzeko laguntza ekonomikoa ematea. Kontratazioek ezaugarri hauek izango dituzte:

  • Kontratuek gutxienez hiru hilabete iraungo dute; edozein kontratazio-modalitatetan egin ahal izango dira, baina ez dira izango trebakuntza eta ikasle kontratuak.
  • Kontratuak lanaldi osoz edota lanaldi partzialez egin ahal izango dira (kontratu partzialek jardunaldiaren % 50 izan beharko dute gutxienez).

Enplegua sortzen laguntzen duten toki-garapenerako beste ekintza batzuk

Langabeziak bereziki astindutako eskualde eta udalerrietara bideratutako laguntzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak