Zelakoa da Horazio Argarate?
Pertsona nahiko nerbiosoa, haserrekorra, baina eraman handikoa, eskuzabala eta, intimitateak uzten badu, adar-jotzailea.
Zela konpontzen zara sukaldean?
Txikitatik tokatu zait sukaldean ikastea. Eta esku oso ona dut, adibidez, bakailaoa pil-pilean egiteko. Behin (2002an) Bizkaiko ahaldun nagusi Josu Bergarari Ziortzako monasterioan prestatu nion Ondarroatik ekarritako arrainik onenarekin bazkaria. Horren harrituta geratu zen, sukaldaria zein zen galdetu zuen. Eta jatun moduan, berriz, denetik jaten dut eta gustatzen zait.
Zein da zure espezialitatea?
Bakailaoa pil-pil erara, eta arrozarekin esku oso ona omen dut.
Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena?
Lasai egoteko, gutizietara ez. Gusturen jaten dudana da patata-tortilla, eta ogitartekoa bada, hobeto. Zelai batera eramango nuke, ahalko balitz hizlari onen bat.
Eta etsairik handiena?
Halako titulurik ez diot inori ere ematen. Baina txarto jatekotan, gutxien gustatzen zaizkidanak dira kardoak eta halako barazkiak. Eramango nuke jatetxe zaratatsu batera.
Zeinekin eseriko zinateke mahaian?
Elkarrizketa sakona izango nuke politikariekin, bereziki, karguak dituzten edo izan dituztenekin. Galdera bat badut eurendako: zela hartzen dituzten horrenbesteri eragiten dioten erabakiak? Horri erantzungo balidate, aseta geratuko nintzateke.
Zergatik elizgizon?
Jainkoari gogoa eman ziolako. Ze etxean eta Eibarko kuadrillan ez dut-eta Elizarekiko gertutasun hori duenik. Txikitatik joera hori sentitu nuen, eta, nahiko borrokatu ostean, abade izatea lortu dut. Esplikazio barik norberarengandik sortzen diren horiek misterio moduan utzi behar...
Abade moduan zein miresten duzu?
Nire bizitzan eragina izan duten gertuko pertsona ezagunak: Eibarko abade izandakoak, seminariokoak… Aita Santu Frantziskorekin, adibidez, sintonian gaude, baina jakin ezin gertutik zelakoa den…Eta autoritate handia ematen diot Jose Maria Setien gotzainari. Pertsona osoendako erreferente da. Beti egiarekin doa aurretik, taxuzko argudioekin.
Apaiz ez bazina…
Urrian 8 urte beteko ditut apaiz; beraz, lehenago zerbaitetik bizi behar izan dut: obretako langile, hezitzaile baztertutakoen etxe batean, filosofiako irakasle eta gazteagotan gazte mugimenduen suspertzaile izan nintzen.
Zer duzu, batez ere, maite bizimodu honetan?
Jendearekiko hartu-emana. Duzu zure bizitza, eta gertutik, beste mila bizitza, bestela ezagutu ere ez zenituzkeenak egingo. Konplikazioak dakartzate harremanek, baina baita ikaragarrizko bizikizuna ere.
Iratxoek hiru desio dizute.
Euskal Herriko bakea, krisi ekonomikoa garaitzea eta ni neu liraintzea, mehetzea; guztiek esaten didate-eta…
Bizimoduan ezinbestekoa da…
Esaten duzuna sinestea.
Damu zara…
Berbekin eragindako minetaz.
Zer errepikatuko zenuke
Abade izatea.
Zerk beldurtzen zaitu?
Gauzak kontrolpean ez izateak beldurra sentitzeraino narama.
Etxera iritsi, sofan eseri eta…
… lo seko geratzen naiz. Egun osoa atzera eta aurrera ibiltzen naiz eta… Bestela irakurtzea gustatzen zait
Nora egingo zenuke ospa?
Gazte garaian ibilitako lekura: Andaluzia aldera, bereziki, Malaga aldeko kostaldera..
Ze aholku konpartituko zenuke?
Besteek konpartituko zuketen nirekin: paseoan ibiltzea. Orain ez daukat halakoetarako bat ere astirik.