Frantziako epaitegiak Cevitali eman dio FagorBrandt

Leire Kortabarria 2014ko api. 15a, 21:28
Nanterreko epaitegiak erabaki du Cevitali ematea Fagor Etxetresnen Frantziako filiala. FagorBrandt-en zati handiena eta beste bi proiektu partzial eman dizkio. 1.341 lanpostu salbatuko dira, horietako 1.202 FagorBrandt-enak zirenak.

FagorBrandt-ek azaroan gelditu zuen bere jarduera, Fagor Etxetresnen aurre-konkurtsoa eskatu zenean.

Enpresa berriak BrandtFrance izango du izena eta Cevitalen etxetresnen negozioaren zati izango da.

Cevitalek Fagorren Frantziako markak lortzearekin bat, talde aljeriarraren baldintza garrantzitsuena bete da. Izan ere, Cevitalek marka horiek lortzea jarri zuen baldintza gisa Garagartzako eta Eskoriatzako lantegien gaineko eskaintzari eusteko, bere interes nagusia Frantzian baitzegoen. Horrenbestez, pentsatzekoa da Cevitalek eskaintza zehatz bat egingo duela Garagartzako eta Eskoriatzako lantegiengatik.

Akordioa bi lantegiri eusteko

Epaileak ere ontzat eman ditu Cevitalek atzo bi enpresarekin Frantziako bi lantegi esplotatzen jarraitzeko egin zuen akordioa.

Aljeriako taldeak bi enpresarekin akordioa egin zuen eta, horri esker, Fagorrenak ziren Frantziako bi lantegik lanean jarraituko dute eta Cevitalenak izango dira aurrerantzean. Variant Technologies eta S20 enpresekin egin du akordioa Cevitalek. Fagor Etxetresnen esanetan, "kolaborazio komertzial kontratu antzekoa" da, Cevitalek Frantziako lantegiak eskuratze prozesuan "trantsizio" antzeko bat egiteko. Variant-ek La Rocheko lantegia esplotatuko du, eta S20k, Aisnekoa.

Geroago, Cevitalek Fagor Etxetresnek Frantzian zituzten gainerako instalazioak beretako hartuko ditu. Bere interes handiena hauek dira: Orleans (labeak eta gainekoak), Vendome (labeak eta kanpaiak), eta Paris (bulego zentralak eta SAT).

Nanterreko epaitegiaren erabakiaren ondorioz, Aljeriako multinazionalak 25 milioiren truke eskuratuko ditu Brandt, De Dietrich, Vedette eta Saute markak eta esandako beste instalazioak.

Etxeko lantegiekin zer

Euskadiko lantegiekin zer gertatuko den beste kontu bat da. Donostiako 1. Merkataritza Epaitegiak dagoeneko badauka likidazio plana, eta 15 eguneko epea ireki da alegazioak aurkezteko. Kataluniako CNA taldeak epaileari plan lotesle bat aurkeztu dio, eta 90,5 milioiko inbertsioa proposatzen du datozen lau urteotan. Proposamenean sartzen dira Garagartzako eta Eskoriatzako lantegiak, eta gutxienez 520 lanpostu eskaintzea bertan. Fagor marka "prestigiodunari" eutsi nahi dio CNAk, proposamenean dioenez. Eta honakoa gaineratzen du: "Sozietate berriak, gehienbat, Fagor Etxetresnetatik eta Fagor Taldeko beste enpresa batzuetatik datozen bazkide kooperatibistak, beste baten konturako langileak eta zuzendariak izatea proposatzen da".

Geyserren gainean hirugarren batek interesa duela baieztatu dute Fagor Etxetresnek.

Dena dela, Fagor Etxetresnen Euskadiko aktiboekin zer gertatuko den jakiteko 15 eguneko epea bukatu eta egon ahal diren eskaintzen gainean epaileak erabaki arte itxoin beharko da. Epe hori bukatu arte ez dago ezer erabakita. Oraingoz, enpresek interesa ager dezakete eta euren eskaintzen berri eman, baina epaileak du azken hitza. Epaileak hainbat irizpide jarraituko ditu erabakia hartzeko: prezioa, enplegua eta beste batzuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak